Orrialdeak

Showing posts with label kitxu. Show all posts
Showing posts with label kitxu. Show all posts

Kitxu eta Aimarren urtebetetzeak. Zorionak!

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarrak larunbatean, ekainak 15, egin zituen 49 urte. Aimar Hidalgo Lertxundi gatibu algortarrak, berriz, datorren astelehenean, ekainak 24, egingo ditu 34 urte.
  
Aukera ona ere bada, postal, gutun edo zerbait bidaltzeko, urteak egiteaz batera beren konpromisoan eredugarri dugun pertsona berezi hauei zorionak eta eskerrak eman eta gure elkartasuna adierazteko.

Zorionak Kitxu. Zorionak Aimar. Eskerrik asko erakusten duzun adore eta kemen horregatik!

Helbideak:
Iñaki Gonzalo Casal
C.P. Villanubla
47011 Villanubla (Valladolid)

Aimar Hidalgo Lertxundi
C.P. Herrera de la Mancha
Ctra. de Argamasilla, s/n
13200 Herrera de la Mancha (Ciudad Real)

Kitxuren askatasuna aldarrikatzeko manifestazioa izango da igandean Itzubaltzetan

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" euskal preso politikoak maiatzaren 4rako zeukan irteera data. Itzubaltzetarrari, ordea, 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den doktrika aplikatu diote, espetxealdia luzatuz. Apirilean zehar hainbat ekimen burutu ditu Itzubaltzetako Herrira bilguneak. Asteburu honetan ere egingo dituzte ekitaldiak, "Bizi osorako zigorrik ez!" lelopean, Plazara! ekimenarekin bat eginez. Horrenbestez, ostiraletik igandera, kanpaldia egingo dute. Aipatu azken egunean, eskualde mailako manifestazioak zeharkatuko du Itzubaltzeta / Romo, 13:00etan Santa Eugenia plazatik abiatuta.

Kitxu itzubaltzetarra askatzea eskatuko dute bihar Getxoko udal batzarrean

Argazkian, maiatzaren 4an, Valladolideko espetxera egingo dute martxa.

Itzubaltzeta / Romoko auzokideek eta hainbat eragilek Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" herriko preso politikoa datorren maiatzaren 4an aske uztea, dagokion data, exijitu zuten, larunbatean egindako prentsaurrekoan, Ukberri.net agerkari digitalak zabaldu duenez. 1.300 auzotarrek baino gehiagok berretsi dute Kitxuri ezarritako 197/2006 doktrinari dioten errefusa, Europako Giza Eskubideen Konbentzioa urratzen duela salatuta. Era berean, Getxoko Udalbatzari eskatu zioten itzubaltzetarra eta doktrinaren pean diren beste preso guztiak dagozkien irteera datetan askatzeko galdegin dezan. Eskaera horrekin bat egin dute honako eragileek: Getxoko Bildu koalizioa, Sortu, ELA eta LAB sindikatuak, Uribe Kostako M-15 mugimendua, Itsasoruntz, LZPren aurkako Uribe Kostako asanblada, Itzubaltzetako Gazte Asanblada, Ernai, Itzubaltzetako Emakumeen Asanblada, Erromo Duin, Erromo eta Pinuetako jai batzordea, herriko koadrilak, HNT,Erromotarrak futbol taldea eta Itzubaltzetako Herrira. Bihar, asteartearekin, eztabaidatuko da horren inguruko mozioa, EH Bilduk aurkeztuta, 17:00etan, Getxoko udaletxean

Bestalde, hurrengo egun eta asteotarako ere Kitxuren eskubideen aldeko ekimenak burutuko dituzte. Besteak beste, maiatzaren 4an, Kitxu gure artean egon behar zen egunean, Valladolideko espetxera egingo dute martxa. Hilabete horretako 17tik 19ra, berriz, 197/2006 doktrinaren kontrako kanpaldia egongo da eta, aipatu azken egun horretan, Uribe Kosta mailako manifestazioa Itzubaltzetan.

 

Maiatzera bitartean ekimenak egingo dituzte Kitxuren askatasuna aldarrikatzeko


Europako Giza Eskubideen Auzitegiak gaur egin du Ines del Rio preso politikoaren egoerari buruzko auzi saioa. 2012ko uztailaren 12an Estrasburgoko auzitegiak giza eskubideen aurkakotzat jo zuen gatibu tafallarrari 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den dotrina ezarri izana. Askatu beharrean, helegitea jarri zuen Espainiako Gobernuak. Del Riori buruz hartuko den erabakiak beste 73 euskal preso politikarengan eragina izango du, tartean Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarrarengan. Bada, goizean bezala, iluntzean ere mobilizazioak egin dituzte eskualdean doktrina horren derogazioa exijitzeko. Algortako Telletxe plazan 110 bat lagun elkartu dira eta Itzubaltzeta / Romon 75 pertsona inguruk egin dute manifestazioa. Sopelako udaletxe aurrean, Plentziako Pirulin eta Urdulizko metro geltoki ondoan ere izan dira kontzentrazioak. Itzubaltzetako Herrira bilguneak, gainera, hainbat ekimen iragarri ditu hurrengo hilabeteetarako. Besteak beste, "Kitxu gure artean egon behar zen egunean", Valladolideko espetxera egingo dute martxa. Hilabete horretako 17tik 19ra, berriz, 197/2006 doktrinaren kontrako kanpaldia egongo da eta, aipatu azken egun horretan, Uribe Kosta mailako manifestazioa Itzubaltzetan.

Aurretik, ostiral honetan, 13:00etan jarri dute hitzordua Itzubaltzeta eta Lamiakoren muga den Putzegilearen errotondan, Korrikaren lekukoa hartuta, preso eta iheslari politikoei ere "euskara emateko". Egun berean, asanblada orokorra egingo du Itzubaltzetako Herrirak, 19:30ean, kultur etxean. Joan den ostiralean ziren egitekoak, baina bertan behera utzi zuten etxean espetxealdi arinduan zeukaten Anjel Figueroa Fernandez preso gaixo algortarra zendu zelako. Azkenik, apirilaren 30ean, 197/2006 doktrinaren kontrako mozioa aurkeztuko dute Getxoko udal batzarrean, ordura arte batutako sinadurak baliatuta. Itzubaltzeta / Romoko Branka herriko tabernan eta gaztetxean (etxe merkea) ez ezik, Algortako Amnistia tabernan eta Abian kultur elkartean ere egongo da sinatzeko aukera. Bitartean, Kitxuri animo-gutunak bidaltzeko eskatu dute. 

Helbidea:

Iñaki Gonzalo Casal
C.P. Villanubla
47011 Villanubla (Valladolid)

Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. 197/2006 dontrina eten!
Ines del Rio, Kitxu eta besteak askatu!

Hainbat lagun kalera atera dira jada eskualdean 197/2006 doktrina indargabetzea exijitzeko



Berria.info agerkari digitalak zabaldu duenez, 09:30 aldera hasi da Ines del Rio preso politikoaren egoerari buruzko auzi saioa Europako Giza Eskubideen Auzitegiko sala handian, eta 11:15 inguruan amaitu. 2012ko uztailaren 12an Estrasburgoko auzitegiak giza eskubideen aurkakotzat jo zuen gatibu tafallarrari 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den dotrina ezarri izana. Askatu beharrean, helegitea jarri zuen Espainiako Gobernuak. Del Riori buruz hartuko den erabakiak beste 73 euskal preso politikarengan eragina izango du, tartean Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarrarengan. Del Rioren abokatuek argudiatu dute 197/2006 dotrinaren bidez zigorrak atzeraeraginez aldatu direla, eta moldatu dutena "zigorra ezartzeko modua" dela adierazi du Espainiaren defentsak. Bitartean, mobilizazioak egiten ari dira Euskal Herri osoan Euskal Herrian doktrina horren derogazioa exijitzeko. Eskualdeari dagokionez, hamar lagun elkartu dira Itzubaltzetako Artatza-Romo institutu aurrean, 11:15ean; eta 30 gizon-emakume Algortako Telletxe plazan, 13:00etan, Eskumaldeko LABek deituta. Arratsaldean, 19:00etan, Sopelako udaletxeko plazan egingo dute elkarretaratzea. Eta 20:00etan, Algortako Telletxe plazan, Plentziako Pirulin eta Urdulizko geltoki ondoan. Azkenik, Itzubaltzeta / Romon manifestazioa egingo dute iluntzeko 8etan, Santa Eugenia plazatik abiatuta. 

"Kitxu"-ren egoera gaur egun

Argazkian, "Kitxu" maitasunez hartu zuten ehunaka auzokidek abenduaren 24an, Angela Casal Tubet bere ama zenaren hiletan / cc-by Ukberri.net

Espetxean 18 urte, lau hilabete eta pare bat aste eman ostean eta espetxe etekinen bidez (ikasketak gehien bat) beste 11 urte, bost hilabete eta hiru aste deskontatu ostean, "Kitxu"-ri 197/2006 doktrina ezarri diote. Horrek esan nahi du kalkulu berria egingo diotela, non espetxe etekinak bere epaiketan aukeratu zuen Kode Penalaren araberako 30 urteko gehienezko zigorretik deskontatu beharrean, bere garaian jarri zioten zigor osotik (67 urte) deskontatuko dizkioten. Gauzak horrela, espetxe etekinak kendu izan baliote bezala dago. Kartzela Zuzendaritzak esan dio ez dela datorren maiatzaren 4an irtengo. Halere, oraindik ez diote notifikatu espetxetik irteteko data berria.

Eta "Kitxu"-k ezin du ezer egin?

Bai, "Kitxu"-ren abokatuak errekurtsoa jarri du, alde batetik Europako Giza Eskubideen Auzitegiak esandakoak bilduz, doktrinak giza eskubideak urratzen dituela, besteak beste atzeraegin eza printzipioa apurtzen duelako edota preso bati zigor-araudia aldatuz gero, beti presoaren aldekoa aukeratu behar delako. Beste aldetik, "Kitxu"ren kasuan eta beste presoen kasuetan gertatutako kasuistika konkretuak daude.

Zeintzuk dira kasuistika zehatz horiek?

Epaitu zutenean, "Kitxu"-ren defentsak 30 urteko gehienezko zigorra ezartzen zuen Kode Penal Zaharraren hautua egin zuen eta ez 25 urteko zigor txikiagoa ekarriko zukeen Kode Penal Berria. Hori ez zen akatsa izan, bere garaian egindako hautu logikoa baizik. Kode penal berrian espetxe etekinak desagertzen ziren eta, beraz, beteko zuen espetxe aldia 25 urtekoa izango zen. Kode penal zaharrez, 30 urte ezarri arren, hortik hainbat deskontu egin zitezkeen saria zuten ikasketen eta beste ekimenen bidez, orduan kalkulua 30etik egiten zelako eta ez orain proposatzen den zigor osotik. Gauzak horrela, gerora etekinak kentzen joan badira ere, lehenengo urteetan lortutakoekin "Kitxu"ren espetxealdia 18 urte, sei hilabete eta aste batekoa izan behar zen, gutxi gora behera. Orduko fiskalak ere onartu zion kode penal zaharra aukeratzea hobea zela berarentzat.

Eta hori garrantzitsua da?

Kasu batzuetan, horrelako aipamenak sententzian egotea nahikoa izan da 197/2006 doktrina ez aplikatzeko. Alde hori ere jorratu du abokatuak.

Eta hortik zer atera dezake?

Lau aukera daude:

- Lehenengoa da Estrasburgon Ines del Rio auzian Espainiako helegitea atzera bota eta 197/2006 doktrinak giza eskubideak urratzen dituela berrestea. Ines del Rio askarazteaz gain, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak kolokan jarriko luke beste presoei ezarri izana, tartean "Kitxu"-ri. Espainiak luzatu lezake kontua preso bakoitzak helegitea jarri arte, eta ezin da baztertu, baina ez du ematen juridikoki eta irudi aldetik hori mantentzeko gauza izango direnik.

- Bigarren aldetik, eta Estrasburgon auzia luzatzen delako edo "Kitxu"ren helegitea oso azkar aztertzen dutelako, baliteke Iñakiren abokatuari arrazoia eman eta maiatzaren 4an atera behar zela finkatzea eta aske uztea. Halere, hori hemendik hainbat hilabetetara gerta daiteke.

- Hirugarren aukera izango litzateke helegitea partzialki estimatzea. Hau da, 197/2006 doktrina ezbaian jarri gabe, bere garaian "Kitxu"-k egindako hautuan espetxe etekinen birkalkuluak eragin duela eta egun kode penal berria berarentzat hobea litzatekeela onartzea. Kasu horretan, 25 urteko zigorra osorik bete behar izango luke, Estrasburgon zer gertatzen denaren zain. Hortaz, irteera data 2019ko urriaren 25 aldera jarriko liokete. Argi eta garbi ez dugu onartuko.

- Azkena eta okerrena, espetxean 30 urte eman beharko dituela berrestea litzateke. Kasu horretan, 2024ko urriaren 25 aldera irtengo litzateke espetxetik, 60 urterekin, bizitza erdia barruan emana, eta aita eta ama joan zaizkiola. Inondik inora ez gaude prest hori gertatzen uzteko.

Eta guk zer egin dezakegu?

Datozen egunotan, "Kitxu" eta beste preso eta iheslari politikoen aldeko ekimenak zein horiek hobeto bideratzeko Herrirak antolatutako bilerak gogoratu eta tresna gisa eskaini nahi dizkizuegu. Estuki lotuta daude 197/2006 doktrina bertan behera uzteko beharrarekin. 

Helbidea:

Iñaki Gonzalo Casal
C.P. Villanubla
47011 Villanubla (Valladolid) 

197/2006 doktrinaren kontrako mobilizazioak izango dira bihar eskualdean

Argazkian, otsailaren 15ean, 300 auzokidek baino gehiagok salatu zuten manifestazioan "Kitxu"ri espetxe zigorra luzatu izana / cc-by Ukberri.net

Algortan kontzentrazio bana izango da: bata, 13:00etan, Eskumaldeko LABek deituta; eta bestea, 20:00etan, Algortako Herrira bilgunean deituta. Biak ala biak Telletxe plazan.

Bihar, martxoak 20, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak Ines del Rio euskal preso politikoaren auzia berraztertuko du. 2012ko uztailaren 12an Estrasburgoko auzitegiak giza eskubideen aurkakotzat jo zuen gatibu tafallarrari 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den dotrina ezarri izana. Askatu beharrean, helegitea jarri zuen Espainiako Gobernuak. Del Riori buruz hartuko den erabakiak beste 73 euskal preso politikarengan eragina izango du, tartean Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarrarengan. Horren harira, joan den larunbatean, 1.500 lagun inguruk egin zuten manifestazioa Tafallan, Herrira mugimenduak zabaldu duenez. Bihar, asteazkenarekin, berriz, mobilizazioak izango dira Euskal Herri osoan: besteak beste, bina kontzentrazio izango dira goizez eskualdean: bata, 11:15ean, Itzubaltzetako Artatza-Romo institutuaren aurrean; eta bestea, 13:00etan, Algortako Telletxe plazan, Eskumaldeko LABek deituta. Arratsaldeari dagokionez, 19:00etan, Sopelako udaletxeko plazan egingo dute elkarretaratzea. Eta 20:00etan, Algortako Telletxe plazan, Plentziako Pirulin eta Urdulizko geltoki ondoan. Azkenik, Itzubaltzeta / Romon manifestazioa egingo dute iluntzeko 8etan, Santa Eugenia plazatik abiatuta.

Bitartean, abian da Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarrari 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den dotrina aplikatu izana salatu eta bere askatasuna eskatzeko sinadura bilketa, gaia Getxoko Udalbatzak eztabaidatu dezan. Itzubaltzeta / Romoko Branka herriko tabernan eta egungo Itzubaltzeta gaztetxean (etxe merkeak) ez ezik, Algortako Amnistia tabernan eta Abian kultur elkartean ere egongo da sinatzeko aukera. Bestalde, "Kitxu"-ri postal edo gutunen bat idaztera animatu ditu herritarrak Itzubaltzetako Herrirak. "Orain bizi duen egoera kaxkarrean, bere bizipoza hein handi batean gure esku dago", adierazi dutenez.

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" Getxo eta Egin irratietako kazetari izandakoa, 1994ko urriaren 25ean atxilotu zuten Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, Andoni Muñoz urduliztarra, eta Algortako Iñigo Otazua "Oti" zein ostegunean zendutako Angel Figueroa algortarrarekin batera. Lanbroa komandoko kideak izatea leporatu zieten lauei, 30 urteko zigorra ezarriz. Egun Valladolideko espetxean, 18 urte eta lau hilabete daramatza preso. Irteera data 2013ko maiatzaren 4rako bazuen ere, hilaren 14an luzatu zioten zigorra, beste zazpi urtez.

Giza eskubideak, irtenbidea, bakea.
197/2006 doktrina eten!

Martxoaren 20an 197/2006 doktrinaren kontrako elkarretaratzea Algortan

Argazkian, otsailaren 15ean, 300 auzokidek baino gehiagok salatu zuten manifestazioan "Kitxu"ri espetxe zigorra luzatu izana / cc-by Ukberri.net

Martxoaren 20an, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak Ines del Rio euskal preso politikoaren auzia berraztertuko du. 2012ko uztailaren 12an Estrasburgoko auzitegiak giza eskubideen aurkakotzat jo zuen gatibu tafallarrari 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den dotrina ezarri izana. Askatu beharrean, helegitea jarri zuen Espainiako Gobernuak. Del Riori buruz hartuko den erabakiak beste 73 euskal preso politikarengan eragina izango du, tartean Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarrarengan. Horren harira, larunbat honetarako, hilak 16, nazio manifestazioa deitu du Tafallan Herrira mugimenduak. Hitzordua 12:00etan jarri dute udaletxeko plazan. Martxoaren 20an, asteazkenarekin, berriz, mobilizazioak izango dira Euskal Herri osoan: besteak beste, kontzentrazioa egongo da Algortako Telletxe plazan, 20:00etan. Bitartean, abian da Kitxuri 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den dotrina aplikatu izana salatu eta bere askatasuna eskatzeko sinadura bilketa. Itzubaltzeta / Romoko Branka herriko tabernan ez ezik, Algortako Amnistia tabernan eta Abian kultur elkartean ere egongo da sinatzeko aukera. 

Giza eskubideak, irtenbidea, bakea, 197/2006 doktrina eten!
Ines del Rio, Kitxu eta besteak askatu!

Sopelako Udalbatzak 197/2006 doktrina aplikatu dieten preso politiko guztiak berehala aske uzteko eskatu du


Otsailaren 28ko ohiko osoko bilkuran 197/2006 doktrina aplikatu zaien euskal preso politiko guztiak berehalakoan aske uzteko eskatu zuen Sopelako Udalbatzak. Alkatetza daukan Bildu koalizioak aurkeztu zuen proposamena, eta aldeko hamalau boto jaso zituen: koalizio abertzalearen zazpi zinegotzienak eta EAJren aldeko beste zazpi ordezkarienak. Proposamenak PPko zinegotziaren kontrako botoa baino ez zuen izan, eta PSE-EEko zinegotzi biak, aldiz, abstenitu egin ziren, udal iturriek zehaztu dutenez. Onartutako testuak gogorarazten duen legez, 2012ko uztailean, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak, aho batez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren 197/2006 doktrina (Parot doktrina gisa ezagutu dena) ez legezkoa eta oinarrizko eskubideen aurkakoa dela ebatzi zuen, eta beraz, Sopelako Udalak berau bertan behera uzteko eskatzen du. Halaber, Euskal Herrian bizi dugun itxaropen eta konponbide aukeraren aurrean, euskal preso politikoen aurkako salbuespenezko legeria bertan behera uztea eskatzen du Sopelako Udalak.

Bildu udal taldeak aurkeztutako proposamena:

2006ean, Espainiako Auzitegi Gorenak, kode penal zaharrean epaituriko presoei zegozkien erredentzioak, kode hark ezartzen zuen bete beharreko gehienezko 30 urteei baino, ezarritako kondena osoari aplikatzeko doktrina ebatzi zuen. Hau da, 1973ko kode penalak, kondena kunplitzeko gehienezko urte kopurua 30 urteetan ezartzen zuen eta erredentzioen bidez, bete beharreko urte kopurua jaisten zen. Erredentzioen aplikazioak bete beharreko kondena 15 urtetan ezartzen zuen automatikoki, eta horrez gain, erredentzio gehiago eskuratu zitezkeen ikasketekin edo bestelako jarduerekin, bete beharreko kartzelaldi denbora jaitxiz.

1995ean eta 2003an kode penalean aldaketak eman ziren. Aldaketa horiek euskal presoen aurkako neurriak gogortzera bideraturik zeuden, preso diren pertsonei dagozkien eskubideak salbuespenez murriztuz. 95-ean kondena betetzeko urte mugak 30, 25 eta 20 urteetan ezarri, eta erredentzioak desagertu egin ziren. 2003-an berriz, kondena betetzeko muga 40 urtera igo zen.

Kode penal berriak ezarritako neurriak ez direnez erretroaktiboak, hau da, ezin direnez aplikatu aurretiaz epaituriko pertsonen aurka, Auzitegi Gorenak 197/2006 doktrina erabili zuen ateratzear zeuden euskal presoei kondena luzatzeko.

Ordutik hona, 83 euskal preso politikori ezarri zaie doktrina. Horietako 12, garaian ezarritako kondenaz gain doktrinaren kondena luzapena bete ostean atera dira kalera. Gaur egun, 67 dira doktrina hau aplikaturik kartzelan aurkitzen diren presoak. Horietatik 54 kondenaren luzapena ari dira betetzen, eta beste 13ri doktrina aplikatu zaie ezarri zitzaien kondena bete aurretik. Beste 4 lagun kalean daude, baina doktrina ezarria dute.

Doktrina honen bidez, euskal presoen aurka bizi arteko zigorra aplikatzen da. Ondorioak aski krudelak dira, 95 izanik 20 urte baino gehiagoko espetxealdiak igaro dituzten pertsonak. Gaur egun 29 presok 25 urte baino gehiago daramazkite espetxean. Neurri honek, oinarrizko giza eskubide denak urratzen ditu. 20 urtetik gora espetxean emateak itzuliezinak diren ondorio fisiko eta psikologikoak dakartzala frogatua dago.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpena 197/2006 doktrinari buruz

2012an Auzitegi Konstituzional espainolak, 2006an indarrean jarritako doktrinaren kontrako helegiteak ebatzi ditu, doktrinaren aplikazioa babestuz. Bere ebazpenean ez du doktrinaren funtsari buruzko azalpenik ematen eta irizpidea aldatzeko aukera, tribunalei dagokiela argudiatzen du.

Auzitegi Konstituzionalak, 47 erabaki jakinarazi ditu (beste 20 kasu erabakitzeke). Horietatik 3 tramitera hartzea ukatuak izan dira, 22 tramitera onartuak, eta beste 3ren kasuan anparoa onartua izan da, hiru preso hauek kalera atera direlarik. Beste 19 kasu ukatuak izan dira.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunalaren ebazpena

Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunalak ordea, Ines Del Río euskal presoaren kasuan oinarriturik, 197/2006 doktrina ez legezkoa eta oinarrizko eskubideen aurkakoa dela ebatzi zuen 2012ko uztailean. Ebazpena, aho batekoa izan zen.

Tribunal honen ebazpenak, doktrinak, askatasunerako eta segurtasunerako oinarrizko eskubideak urratzen dituela dio, eta ez dela legezkoa aurrez ezarritako zigorra luzatzea. Ines del Río presoa berehala aske uztea eta 30.000 eurorekin kalte moralak berrezartzea ebazten du era berean.

Ebazpenaren eragina ez da Inesen kasura mugatzen, doktrinaren funtsa aztertu ondoren eta berau jotzen baitu ez legezko. Horrek doktrina bera, bertan behera uzteko bidea zabaltzen du; formalki Espainiar gobernuaren esku dagoen erabakia da hori.

Edonola ere, Ines del Ríoren inguruko ebazpena loteslea da, Europako Giza Eskubideen Konbentzioaren 46. artikuluak, Estatuak Gortearen ebazpenak betetzera behartzen bait ditu.

Espainiako Estatuak helegitea tartekatu du. Helegite hau, Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunalean berrikusiko da datorren martxoaren 20an. Tarte horretan Ines del Rio kartzelan mantentzera ere, espainiar estatuak egiten duen beste lege-hauste bat gehiago da.

Estatu batek Estrasburgoko Tribunalaren ebazpen bat ez onartzea eskandalu politiko eta juridiko izugarria da. Espainiar Estatuak gai honen aurrean duen jarrerak agerian uzten du euskal presoen aurka salbuespeneko legedia eta bitartekoak aplikatzen direla. Presoek eta beraien senitartekoek dituzten eskubideak urratuaz eta nazioarteko Giza Eskubideen Arauen gainetik pasaz. 

197/2006 dotrinari buruzko bideo-foruma egingo dute ostegunean Itzubaltzetan

Argazkian, otsailaren 15ean 300 auzokidek baino gehiagok salatu zuten Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" herriko preso politikoari Parot Dotrina erabiliz espetxe zigorra luzatu izana / cc-by Ukberri.net.

"Zer da 197/2006 dotrina? Zer da Parot dotrina? Zergatik luzatu nahi diote "Kitxu"-ri zigorra, 7 urte gehiago?". Galdera horiei guzti horiei erantzun eman nahi die Itzubaltzetako Herrirak ostegun honetan,  Branka kultur elkartean eskainiko duen bideo-forumaren bitartez. Preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko bilguneak zabaldu duenez, hitzordua arratsaldeko 8etan izango da. Estatu espainolak Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarrari 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den dotrina aplikatu zion hilaren 14an. Handik hona, hainbat mobilizazio izan dira herrian, "Kitxu"-ren alde eta datorren martxoaren 20ari begira. Tartean, sinadura bilketa. Egun horretan, Estrasburgon egoitza duen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak aztertuko du Ines del Rio preso politikoaren auzian Espainiak jarritako helegitea. Lehenengo ebazpenean, Auzitegiak Tafallako presoa askatzea agindu zuen, 197/2006 dotrinak giza eskubideak urratzen dituelakoan. 

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" Getxo eta Egin irratietako kazetari izandakoa, 1994ko urriaren 25ean atxilotu zuten Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, Andoni Muñoz urduliztarra, eta Algortako Iñigo Otazua "Oti" zein Angel Figueroarekin batera. Lanbroa komandoko kideak izatea leporatu zieten lauei, 30 urteko zigorra ezarriz. Egun Valladolideko espetxean, 18 urte eta lau hilabete daramatza preso. Irteera data 2013ko maiatzaren 4rako bazuen ere, hilaren 14an luzatu zioten zigorra, beste zazpi urtez. 

Kitxuri 197/2006 doktrina ezarri izana salatzeko sinadura bilketa abian da

Argazkian, otsailaren 15ean 300 auzokidek baino gehiagok salatu zuten Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" herriko preso politikoari Parot Dotrina erabiliz espetxe zigorra luzatu izana / cc-by Ukberri.net.

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarrari 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den doktrika aplikatu diote, espetxealdia luzatuz. Egun Valladolideko espetxean, 19 urte daramatza preso. Irteera data 2013ko maiatzaren 4rako bazuen ere, orain baliteke 11 urte gehiago barruan eman behar izatea. Hori salatzeko, Itzubaltzetako Herrira bilguneak sinadura bilketa abiatu du, gero udaletxean aurkezteko. Algortako Herrira bilguneak ekimenarekin bat egin eta sinadurak batzen lagunduko du. 

Itzubaltzeta / Romoko Branka herriko tabernan ez ezik, Algortako Amnistia tabernan eta Abian kultur elkartean egongo da sinatzeko aukera.


Datorren martxoaren 20an, Estrasburgon, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak Ines de Rio euskal herritarraren auzia berraztertuko du.

Espetxean 25 urte egin dituen preso politiko tafallarrak 2008an bete zuen bere zigorra, baina, aske gelditu baino lehenago, zigorra beste bederatzi urtez luzatu zioten. Auzia, Estrasburgoko auzitegira iritsi eta 2012ko Uztailaren 12an honek dekretatu zuen presoak aske behar zuela egon, espetxealdia luzatzeko oinarritzat hartutako 197/2006 doktrinak, Europako Giza Eskubideen Konbentzioa urratzen duelakoan. 

Espainiar Estatuak ez du erabakia bete, eta Ines del Riok preso jarraitzen du, arrazoi beragatik aske utzi beharko lituzketen beste 73 euskal preso politiko bezala. Haien arteko batzuek 20, 25 eta 30 urte ere eman dituzte espetxean, gainera badira adinean aurrera doazenak eta gaixotasun larriak dituztenak.

73 preso hauetatik, 18 urte baino gehiago espetxean eman dituen eta Itzubaltzeta-Romoko bizilaguna den Iñaki Gonzalo Casal “Kitxu” dugu. 2013ko Maiatzaren 4ean zeukan aske geratzeko data baina salbuespeneko neurria aplikatu diotenez, beste 11 urtez luzatu nahi diote. 

Kartzelan eman dituen 18 urte luze hauetan, Kitxuk, lehenengo pertsonan ezagutu egin du dispertsioa, FIES erregimena, isolamendua eta beste horrenbeste salbuespen neurri. Guzti hau gutxi balitz, oraingoan, 197/2006 dotrina aplikatu diote.

Behean sinatzen dugunok, euskal preso politikoen kontrako salbuespen neurri guztiak bertan behera uztea nahi dugu, euren funtsezko eskubideak urratzen direla uste dugulako. Horregatik, Getxoko Udaletxeko udalbatzari, 197/2006 doktrina eteteko eta Kitxu eta neurria aplikatutako beste presoak aske uzteko exiji dezala eskatzen diogu.

Kitxuri elkartasuna adierazi diote ehunaka lagunek

Argazkian, Otsaileko Azken Ostiraleko elkarretaratzerako kartela Itzubaltzetan.

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarrak herritarron maitasuna, atxikimendua eta babesa izan du, badauka eta izango du etorkizunean. Horrela azaldu zuten ostiralean Itzubaltzetako Herrira bilguneko kideek herriko Kolas plazan egindako asanblada informatiboan, Ukberri.net agerkari digitalak zabaldu duenez. Presoen eskubideen aldeko ekimenak azaldu zuenez, Estatu espainolak Kitxuri 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den dotrika aplikatu izanak beste behin gerra estrategia eta presoekiko krudelkeria hautatu dituela berresten du. Ekimen horren bidez, euskal presoak, haien senide, lagun eta herritarrak etsitzea eta datorren martxoaren 20an dotrina epaitu behar duen Estrasburgo Giza Eskubideen Auzitegiari presioa egitea bilatzen ditu Estatuak, Itzbaltzetako Herriraren ustez. 

Kitxu askatu!
Biziarteko zigorrik ez!
Euskal preso eta iheslari politikoak herrira!

Gaur salatuko dute Kitxuri Parot doktrina ezarri izana


Kartela jaitsi eta zabaldu (jpg)

Egun Valladolideko espetxean, 19 urte daramatza preso. Irteera data 2013ko maiatzaren 4rako bazuen ere, "orain baliteke 11 urte gehiago barruan eman behar izatea", Itzubaltzetako Herrira bilguneak zabaldu duenez. Hori salatzeko, manifestazio zaratatsua egingo dute gaur, "Nahikoa da! Biziarteko zigorrik ez!" lelopean. Hitzordua 20:30ean jarri dute Kolas plazan (BBVA). 

Kitxu askatu!
Biziarteko zigorrik ez!

Parot doktrina aplikatu diote Kitxuri

Argazkian, "Kitxu" maitasunez hartu zuten ehunaka auzokidek abenduaren 24an, Angela Casal Tubet bere ama zenaren hiletan / cc-by Ukberri.net

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarrari 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den doktrika aplikatu diote, espetxealdia luzatuz, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Getxo eta Egin irratietako kazetari izandakoa, 1994ko urriaren 25ean atxilotu zuten Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, Andoni Muñoz urduliztarra, eta Algortako Iñigo Otazua "Oti" zein Angel Figueroarekin batera. Ekintzarik burutu ez zuen Lanbroa komandoko kideak izatea leporatu zieten lauei, 30 urteko zigorra ezarriz. Egun Valladolideko espetxean, 19 urte daramatza preso. Irteera data 2013ko maiatzaren 4rako bazuen ere, 197/2006 doktrina ezarri diote, eta oraingoz ez diote irteera data berririk jarri, Etxeratek adierazi duenez. Estrasburgoko Giza eskubideen batzordeak Ines del Rioren kasuaren inguruko ebazpena emandakoan, giza eskubideen aurkako neurria dela argi utzi arren, Espainiak gure senide eta lagunei neurri krudel hau aplikatzen jarraitzen du. Euren eskubideak eta gureak guztiz urratzen dituztelarik, presoen senideen elkarteak salatu duenez.

Hilabete honetan Parot doktrina euskal preso politiko bati aplikatzen dioten hirugarren kasua da honakoa, eta Gonzaloren kasuarekin guztira jada 94 dira 197/2006 doktrinaren aplikatuta euren zigorra bizi osorako luzatu dieten gure senide eta lagunak. 94 hauetatik 74k oraindik preso jarraitzen dute, gainera. Horrenbestez, 197/2006 doktrina bertan behera utzi eta guztion eskubideak errespetatzen has daitezen eskatu du beste behin Etxeratek. 

Kitxu askatu!
Euskal preso eta iheslari politikoak herrira!

Unai Gorozika (Itzubaltzetako Herrira): "Animo eta eutsi goiari, 'Kitxu'!"

Argazkian, "Kitxu" hiletatik ateratzen zutenean / cc-by Ukberri.net

Lehenik eta behin eta une zail hauetan, besarkadarik bero eta zintzoena helarazi nahi genizuke Valladolideko ziega hotz horretara. Itzubaltzeta / Romoko herria zurekin dago! Maite zaitugu, "Kitxu"! Gehienok, 18 urte luzeotan, gure herriko horma desgastatuetan ezagutu zaitugu, beti irribarrez, beti duin. Askok, Erdialdeko Amerikako gerra eta parapente magikoen hitzak elkartzen entzun dugu zure ahots sendo baina era berean goxoa. Behin eta berriz saiatu dira zure aurpegia bahitzen, agian despistatu batek betiko desagertu zarela uste izateko. Abenduaren 24ko arratsaldea heldu zen, zure ama Angelitaren hileta, eta auzoko herritar guztiok bertan geunden, momentu gogor hauetan zu laguntzeko helmugarekin. Polizia-autotik atera zintuzten eskuburdinez loturik elizan sartzeko eta lehenengo oihu eta animoak heldu zitzaizkizun; bueltan, zure irribarre ezkutua gure bihotz hunkituetara iritsi zen. Honekin batera, demokrazia eta bakea kolpez defendatzen duten kasko-gorriak heldu ziren bultzaka, baina zurekiko maitasuna are indartsuagoa denez, bertan geratu ginen, isilik baina aurrean. Eliza barruan ere, armairu armatuz inguraturik zeunden. Nora uste zuten ba alde egingo zenuela? Zer uste zuten, bada, zure auzokideok egingo genuela? Sermoigileak kartzela politika kritikatu zuen, preso dagoen semeari azken muxua ama gaixoari emateko aukera lapurtzen diola esanaz.


Sartu zintuzten ate berberetik atera zintuzten, eta zu ikustean erortzen zitzaizkigun malkoak irentsi eta amorru bihurtu genituen. Ehunka eta ehunka animo garrasi urratu, mila muxu eskaini genizkizun, eskuetan sua sortu arteko txalo zaparrada, hitzik behar ez duten begiradak, ukabilak gora... Nahiz eta armekin, maitasun adierazpen horiek guztiak ezabatu nahi izan, nahiz eta gure kontra oldartu, ez genuen pausorik atzera egin eta azkenera arte, zure ondoan gelditu ginen. Zin egin genuen bezala.

Euren legearen arabera, aspaldi egon behar zinen libre gure artean, zure amaren besartean; eta zu bezala noski, ehunka euskal preso politiko. Gaixoak, kondenaren 3/4 eta 2/3 bete ditu-zuenok, doktrina maltzur eta bihozgabekoa jasaten zaudetenok, kilometro amaiezinetara sakabanaturikoak, sorterria atzean utzitako iheslariak. Madrilgo zein Parisko gobernuek xantaia gisa erabiltzen dituzte preso politikoak, aurrera doan prozesua stand-by-ean abandonatzeko. Trukean jolasteko txanpon bezala dauzkate euren beldurrezko ziegetan, presoak, senide eta lagunen oinazea luzatzeko. Beraz, zuongatik, guregatik eta gure hurrengoengatik ezin dugu partida hau galdu, irabazteko ordua heldu zaigu, orain edo inoiz ez! Lehenik, Urtarrilaren 12an Bilboko karrikak eztanda eginarazi behar ditugu eta 13an, 14an, 15ean... ere bai, gure exijentzia demokratiko eta humanoa geldiezina bihurtu arte. Olatu erraldoia eratu behar dugu, sasi mandatariei, indarrean daukaten espetxe politikak kostua ekar diezaiela, bertan behera uztera behartuta senti daitezen.

Azken hitzak zuretzako dira, Angelita. Lasai eta harrotasun osoz joan, joan beharreko tokira, eta orain deskantsatu, merezita daukazu-eta. Angelita, adiorik ez dago, gero arte baizik. Animo Kitxu, zurekin gaude eta betiko egongo gara!

Unai Gorozika Pikasarri, Itzubaltzetako Herriraren izenean Ukberri.net agerkari digitalean plazaratutako iritzi artikulua.


Kitxu amaren hiletara ekarri zuteneko bideoa

"Kitxu" maitasunez hartu dute ehunaka auzokidek

Iturria: cc-by Ukberri.net
Argazkian, "Kitxu" hiletatik ateratzen zutenean.

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarra "'Kitxu', maite zaitugu", "herria zurekin" edo "Gora Angelitaren semea" bezalako leloak entzun ditu gaur dozenaka aldiz, Angela Casal Tubet bere ama zenaren hiletara sartu eta atera dutenean. Izan ere, Itzubaltzetako Herrirak egindako deialdiari erantzunez, ehunaka lagun hurbildu dira Itzubaltzeta / Romoko San Jose elizaren albora, Gonzalori animoak eta berotasuna ematera. Barruan ere, barra-barra izan dira senide, lagun, lankide ohi eta auzokideak, komulgatzean presoa agurtzeko aukera izan dutenek. Auzokideek elizatik kanpo presoarekin egon ahal izatea eskatu diete ertzainei, baina horiek ez diete utzi. Hiletan, herriko apaizak salatu egin du Espetxeetako Zuzendaritzak ezarritako baldintza bidegabeak. Hiletaren ostean, Gonzalo eraman dutenean, ertzainek gogor oldartu dira zeramaten autora hurbildu diren auzokideen aurka. Borrak eta ilegalak diren borra luzagarriak erabil dituzte zenbait laguni kontusioak eragiten, tartean UKBERRI.NETeko argazkilariari. Jipoitutako auzokide batzuek egur makilez erantzun dute. Senideek zabaldu bezala, Gonzalok eskertu du jasotako elkartasuna. 

Angela Casal Tubet ostegunean hil zen, 81 urte zituela, gaixotasun luze baten ondoren. Larunbatean erre egin zuten bere gorpua Derioko errausketa-plantan. Egun horretan "KItxu" horra eramatekoak ziren, baina azken orduan Espetxeetako Zuzendaritzak planak aldatu zituen. Senideek Angelak azken 16 hileotan izan zuen jarrera goraipatu eta guztientzat eredugarria izan zela azpimarratu zuten. Era berean, gaixo izan den bitartean hartutako berotasuna eta laguntza eskertu dute.

Angela Casal Tubet gaixotasun luze baten ondoren zendu zen ostegunean. Itzubaltzetako Herrirak salatu duenez, "Kitxu"-ren espetxe zigorra pairatzeaz gain, "18 urtez, sakabanaketaren biktima ere izan zen. Zoritxarrez semea libre ikusi gabe joan zaigu". Gonzalo Casal azken hamalau hilabetetan birritan ekarri izan dute gatibu itzubaltzetarra etxera, Villanublako (Valladolid) espetxetik, ama bisitatzera: bata 2011ko urriaren 14an eta bestea 2012ko martxoaren 21ean. Parot doktrina aplikatzen ez badiote, maiatzean da kalera irtetekoa "Kitxu".

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu", Getxo irratiko eta Egin irratiko kazetari izandakoa, 1994ko urriaren 25ean atxilotu zuten Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, Andoni Muñoz urduliztarra, eta Algortako Iñigo Otazua "Oti" zein Angel Figueroarekin batera. Ekintzarik burutu ez zuen Lanbroa komandoko kideak izatea leporatu zieten lauei, 30 urteko zigorra ezarriz. "Kitxu"-k hainbat liburu idatzi ditu espetxean.

"Kitxu", Madrazo eta Urkullu

Gaur Itzubaltzeta / Romoko elizan izan da Javier Madrazo Ezker Batuko legebiltzarkide ohia. 1996an, familiak eskatuta, berak eraman zituen Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordera Gonzalok eta Navalcarneroko beste presoek pairatzen zituzten eskubideen urraketak. Orduan legebiltzarkidea zen Iñigo Urkulluk, UA, PP eta PSE-EEkin batera, baztertu egin zuen Navalcarneroko espetxera delegazio bat bidaltzea, EBk, HBk eta EAk eskatu zuten bezala, eta zuzendariari gutun bat bidaltzea hobetsi zuen.

Kitxu eta bere senideei elkartasuna adieraztera deitu du Itzubaltzetako Herrirak

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarra Angela bere ama zenaren hiletara ekarriko dute bihar, astelehena. Elizkizunak 18:00etan izango dira Itzubaltzeta / Romoko San Jose elizan. Tokiko Herrira bilguneak ordu bete lehenago, 17:00etan, jarri du hitzordua Santa Eugenia plazan, une zail hauetan berari eta senideei babesa eta berotasuna adierazteko. 
 
Kitxu askatu!
Preso eta iheslariak herrira!

Amaren hiletarako ekarriko dute Kitxu

Hasierako plana "Kitxu" gaur Algortako tanatoriora ekartzea bazuten ere, atzo azken orduan Espetxe Zuzendaritzak planak aldatu zituen eta ez dute ekarri, Itzubaltzetako Herrira bilguneak zabaldu duenez. Senideen arabera, gaur Basaurira hurbildu eta astelehenean hileta elizkizunetan izango da Iñaki. Hileta arratsaldeko 6etan izango da Itzubaltzeta / Romoko San Jose elizan.

Gauzak horrela, gaur goizean senideak, gertukoak, lagunak eta auzokideak izan dira Angelitari azken agurrak emateko, lehenengo Algortako tanatorioan eta Derioko hilerriko errausketa-plantan ondoren. Senideek Angelak azken 16 hileotan izan duen jarrera goraipatu eta guztiontzat eredugarria izan dela azpimarratu dute. Era berean, gaixo izan den bitartean hartutako berotasuna eta laguntza eskertu dute.

Agurrik ez, Angelita, gero arte baizik.

Kitxu Algortara ekarriko dute

Ostegun gauean hil zen Angela Casal Tubet Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" euskal preso politikoaren ama, gaixotasun luze baten ondorioz. Hain zuzen ere, gaur, larunbata, Algortako Etorbideko 69 zenbakiko (Txeli tabernatik gertu) Sarria tanatoriora ekarriko dute gatibu itzubaltzetarra, bertoko Herrira bilguneak jakinarazi duenez. Hartara, goizeko 8:30ean jarri dute hitzordua Kitxuri harrera egiteko, "une latz hauetan, lagun eta auzokideon elkartasun eta berotasuna sentitu dezan". Hileta elizkizunak astelehenean, abenduak 24, izango dira, 18:00etan, Itzubaltzeta / Romoko San Jose elizan. "18 urtez, Kitxuk pairatutako espetxe zigorraz gain, sakabanaketaren biktima izan da Angela. Zoritzarrez, semea ikusi gabe joan zaigu", salatu du Itzubaltzetako Herrirak. Gauzak horrela, une samin hauetan, senide eta gertuko guztiei babesa eta berotasuna adierazi die preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko eragileak; eta horrela jokatzera deitu ditu herritar guztiak.

Agurrik ez, Angelita, gero arte baizik.

Kitxuren ama hil egin da

Argazkian, azkeneko bisitan Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" eraman zuten kotxea, Ertzaintza bildutako auzokideen kontra oldartu baino lehen / cc-by Ukberri.net.

Gaur iluntzean hil egin da Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarraren ama. Astelehen honetan, abenduak 24, egingo dituzte hileta elizkizunak. Hala ere, Itzubaltzetako Herrira bilguneak ezin izan du zehaztu oraindik zein ordutan izango diren. Seguruenik aipatu herriko San Jose elizan egingo dituzte. Larriki gaixo zegoen Kitxuren ama. Azken hamalau hilabetetan birritan ekarri izan dute gatibu itzubaltzetarra etxera, Villanublako (Valladolid) espetxetik, ama bisitatzera: bata 2011ko urriaren 14an eta bestea 2012ko martxoaren 21ean. Parot doktrina aplikatzen ez badiote, maiatzean da kalera irtetekoa Kitxu. Gaixotasunak, ordea, semea libre ikusi gabe eraman du ama. Litekeena da preso itzubaltzetarra hileta elizkizunetara ekartzea. 

Algortako Herrira bilguneak elkartasun eta berotasun osoa adierazi nahi dizkie Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" eta bere gertukoei, une samin hauetan.

Gero arte Anjelita!