Orrialdeak

Showing posts with label abenduak 29. Show all posts
Showing posts with label abenduak 29. Show all posts

Etxerat elkarteak abenduaren 29an burutuko dituen ekimenetan parte hartzera dei egin du

Iturria: Etxerat
Argazkian, atzo egin zuen agerraldia Etxeratek.


Etxerat Elkartetik dei egin dizuegu, abenduaren 29an burutuko dugun ekimenaren berri emateko. Abenduaren 29a, egun garrantzitsua izango da euskal preso eta iheslarien senide guztiontzat. Egun horretan Urtarrilaren 12an Herrira mugimenduak deitu duen Mobilizazio Orokorrean parte hartzeko dei egingo baitugu.

Guretzat data garrantzitsua da urtarrilaren 12koa. Gure senide preso eta iheslarien eskubideen alde urtean egiten den mobilizaziorik handiena izaten da, eta bai guretzat eta baita gure senideentzat ere indarrak hartzeko ezinbestekoa da. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dugu euskal preso eta iheslarien senide guztiok urtarrilaren 12ko zitan hutsik ez egitea; gauzak honela, asteburu horretan Espainian, Frantzian, Ingalaterran, Eskozian, Irlandan edo Portugalen aurreikusita genituen eta guretzat eta gure senideentzat hain garrantzitsuak diren bisitak ez ditugu burutuko. Asteburu horretan ez ditugu gure gertukoengandik urruntzen gaituzten milaka kilometroak egingo, eta ondorioz ez dugu gure bizitza jokoan jarriko. Bilbo euskal jendartearen gehiengoaren isla bilakatuko da urtarrilaren 12an, eta honenbestez, euskal gizartearen zati handi batek behin eta berriz aldarrikatzen duen gure senide eta lagunen eskubideen alde egingo du. 

Senide eta lagunok gatazkaren ondorioak askotarikoak izan direla argi dugu, baina, gizarteak itxaropenez bizi dituen garai berri hauek, aukera berriak ematen dituztela ere oso argi dugu. Eta ondorioz, gure senideek eta guk geuk jasaten dugun eta inondik inora aldatu ez den salbuespeneko espetxe politika honekin amaitu, eta giza eskubideak errespetatuz aurrera egiteko aukera bikaina dela uste dugu. Gainera, ezinbestekotzat jotzen dugu geure eskubideak ere errespetatuak izatea, eta horretarako ezinbestekoa da gure senide eta lagun diren euskal preso politikoak Euskal Herrian izatea.

Guzti hau aldarrikatzeko, abenduaren 29an, Etxerat elkarteko senide eta lagunok Donostian, Euskal Selekzioaren festan, gure ahotsa entzun araziko dugu:
  • 18:00etan, Esaitek euskal selekzioaren inguruan antolatu duen festan parte hartuko dugu, eta gainera bertan gure tartetxoa izango dugu. Esaitek partiduaren aurretik antolatu dituen ekimenen artean, Etxerat elkarteko bi kidek hartuko dute hitza, eta beste senide eta lagun askok babesturik, gure mezua zabalduko dute.
  • 19:00etan, U12ko Mobilizazio Orokorrera deitzeko elkarretaratze bat burutuko dugu, Anoetako sarrera nagusian, Etxerat osatzen dugun senide eta lagunek.
Beraz, Etxerat elkartetik bai euskal preso eta iheslarien senide guztiei, eta baita euskal jendarteari ere, dei egiten diegu abenduaren 29an euskal selekzioaren alde egingo den festa honetan parte hartzeko, eta Etxeratek burutuko duen ekimenetan parte hartzeko.

Bestalde, gogorarazi nahi dugu asteburu honetan bertan errepresaliatu politikoei elkartasuna adierazteko burutuko den ekimen bakarra ez dela honakoa izango. Larunbatean eta igandean Nafarroan, Atarrabian, Hatortxu Rock jaialdiaren XIV. edizioan musika jaialdi bikaina izango da. Atarrabian musikak eta gure senide eta lagunen preso eta iheslariekiko elkartasunak bat egingo dute, eta horregatik guztiok bertara joatera animatu nahi zaituztegu. Gainera, antolatzaileei eta egun hauetan bertan lanean aritzen diren guztiei gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, beste urte batez euren lanari eta elkartasunari esker elkartasun jaialdi hau antolatzeagatik.