Herrira mugimenduak, Salhaketak eta beste gizarte eragile batzuk mobilizazioa burutu dute gaur goizean Iruñeko espetxe berriaren inaugurazioa zela eta.
Sergio Labaien Herrirako kideak honako deklarazioak egin ditu komunikabideen aurrean:
Herrira mugimenduak euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurrien bukaera eskatzen dio Barne ministroari.
Herrira mugimendutik Iruñeko kartzelaren inauguraziora etorri gara gaur barne ministroari esateko ez dadila jolasean ibili euskal preso politikoen bizitzarekin. Beraz, salbuespen neurrien bukaera eskatzen diogu, gaixorik dauden presoak eta zigorra osorik bete dutenak aska ditzatela, eta gainerakoak Euskal Herriko kartzeletan bildu ditzatela.
Espainiak eta Frantziak aplikatzen duten mendeku politika salatu nahi dugu. Espetxe politika honek presoen eta familien giza eskubideak urratzen segitzen du, sufrimendua eragiten du gure herriko ehunka familiatan, eta, gainera, gizarte honen gehiengoaren bake-nahiaren kontra doa.
Horregatik, zaila da ulertzen zergatik segitzen duten estatuek denbora galtzen, zergatik jarraitzen duten giza eskubideak urratzen. Badirudi helburu bakarra dutela: bakerako bidea oztopatzea eta konponbidea geroratzea.
Zer helburu du sakabanaketak, min egitea ez bada? Zergatik dituzte presoak hain urruti? Zergatik behartzen dituzte familiak astebururo 1.000, 1.500 edo 2.000 kilometroko bidaiak egitera? Noiz bukatuko da tortura hau?
Uste dugu badela garaia estatuek gizatasun-erakutsiak egiteko, sufrimendu honi bukaera emateko, eta herri honen bake-irrikari trabarik ez jartzeko.