Orrialdeak

Etxerat Elkarteak EPPK-ren adierazpena baloratu du

Larunbatean egin zituen publiko gure senide eta lagunek osatzen duten Euskal Preso Politikoen Kolektiboak azken hilabeteetan emandako barne eztabaidaren ondorioak. Etxerat Elkartetik adierazi nahi dugu, gure senide eta lagunek osatzen duten EPPK-ren adierazpena aurrerapauso bat bezala ikusten dugula, eta garrantzitsutzat jotzen dugula bai emandako barne eztabaida eta baita orain kaleratu berri diren ondorioak ere. Gatazkaren konponbidean ematen diren aurrerapausoak txalotzen ditugu, eta gure senide eta lagunen eta gure eskubideen errespetuaren alde ematen den mugimendu oro ongietorria izango da senide eta lagunon aldetik. 

Honekin batera, gure senide eta lagunen eskakizunak betetzeko eta berehala gure senide eta lagunei aplikatzen zaien salbuespen egoerekin amaitzeko exijitu nahi dugu; salbuespeneko espetxe politika honen ondorioak gure senideek eta guk geuk ere jasaten baititugu. Honela, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituztenak kalean behar dute, bizi osorako espetxe zigorrak amaitu behar du, eta gure senide eta lagunak Euskal Herriratuak izan behar dute. 

Horregatik, Espainia eta Frantziako gobernuei zuzentzen gatzaizkie, konponbide garai hau baliatu dezaten, eta honela urte askotan zehar guk eta gure senide eta lagunek jasan behar izan dugun espetxe politika anker hau desagerrarazi dezaten exijitu nahi diegu.

Etxerat