Argazkian, Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarra da egun 197/2006 doktrina ezarrita daukan eskualdeko preso bakarra.
Larunbatean abiatu zen Herrira mugimenduak sortutako “Herritarron Epaia” ekimen ibiltaria. 197/2006 doktrina salatu asmoz eta Euskal Herrian bakeari aukera bat eman behar zaiola beste behin aldarrikatzeko, Epaiak herritarren ekarpen grafikoak jasoko ditu irailaren 14a bitartean. Egun horretan, ekimenaren amaiera ekitaldia izango da Iruñeako Anaitasuna Pabiloian. Besteak beste, Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarrari 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den doktrika aplikatu zioten otsailean. Getxo eta Egin irratietako kazetari izandakoa, 1994ko urriaren 25ean atxilotu zuten Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, Andoni Muñoz urduliztarra, eta Algortako Iñigo Otazua "Oti" zein etxean preso zeukatela orain ia hiru hilabete hilik aurkitutako Anjel Figueroa Fernandezekin batera. Ekintzarik burutu ez zuen Lanbroa komandoko kideak izatea leporatu zieten lauei, 30 urteko zigorra ezarriz. Egun Valladolideko espetxean, 19 urte daramatza preso. Irteera data 2013ko maiatzaren 4rako bazuen ere, 197/2006 doktrina ezarri diote.