EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak baiezkoa eman dio Lokarrik bere foroan parte hartzeko eskatuz igorritako gonbidapenari, Berria.info agerkariak zabaldu duenez. Hori dela eta, irteteko baimen berezia eskatu diete EPPK-ko mintzakideek (Xabier Alegria, Anabel Egues, Jon Olarra, Marixol Iparragirre, Lorentxa Gimon eta Mikel Albisu) Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileari eta Frantziako Zigorren Aplikaziorako epaile zentralari, martxoaren 14an Iruñean eta 15ean Bilbon egingo diren bileretan parte hartu ahal izateko. Lokarrik eta Bake Bideak antolatuko duten foro horretan parte hartzea «nahitaezkoa» ikusten du EPPK-k, "bilkura beraren eta han jorratuko diren gaien garrantziagatik".
"Ekinaldi berritzaile eta inoiz egin gabekoa" jakinarazten du bertan presoen kolektiboak: "Gatazka Politikoaren Konponbiderako Foro Sozialean parte hartzeko erabakia". Bertan onartzen du foroaren antolatzaileek EPPK-ri gonbidapena igorri diotela, eta gonbidapen hori onartuz kolektiboaren mintzakidetzak foro horretan parte hartzea erabaki duela. Horretarako, antolatzaileei bidalitako gutunaren berri ematen dute. "Gatazka politikoa eta zehazki bere ondorioak konponbidean jartzeko egiten ari zareten ahalegina aitortzera gatozkizue", diote foroaren antolatzaileei igorritako gutunean. "Frantzia eta Espainiaren jokabide oztopatzaile eta arduragabekoa kontuan hartuta", EPPK-k bere eskuetan dagoen guztia egingo duela dio "konponbide politiko integralaren mesedetan".
Baimen berezi hori lortzeko eskaerak, gainera, espetxeetako legedian tokia baduela argudiatzen du Euskal Presoen Kolektiboak. Espetxeetako Lege Organikoaren 47.1 artikuluak zera baitio: "[...] garrantzitsuak eta egiaztatuak diren arrazoiengatik, segurtasun neurri egokiekin, irteteko baimenak emango dira [...]".
Artikulu horretan oinarrituz, beraz, martxoaren 14an Iruñeko Baluartera eta martxoaren 15ean Bilboko Campos Antzokira joateko baimena eskatzen du EPPK-ren mintzakidetzak bere eskaera orrian, eta horrela jakinarazten dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe zaintzako epaileari.