Orrialdeak

Showing posts with label euskal preso politikoen kolektiboa. Show all posts
Showing posts with label euskal preso politikoen kolektiboa. Show all posts

EPPK: "Espetxe politika hiltzailea"

Argazkian, martxoaren 15ean, iluntzean, 800 lagun baino gehiago batu ziren Anjel Figueroaren heriotza salatu eta preso politiko gaixoak orain aska ditzatela aldarrikatzeko.

Martxoaren 14an hil da etxean preso, Anjel Figueroa. Gaixorik, espetxetik irtetea lortu arren Espainiako espetxe administrazioaren menpe eta haren ardurapean zendu baita. Gobernu espainiarraren ardurapean. 

Beste heriotza segidan, Xabier Lopez Peñarena. Frantziar espetxe eta justizia administrazioaren ardurapean. Eri zen, eta kalean behar zuenean hil da preso. Ezin pasatzen utzi, frantses arduradunen jokaera laidogarri eta makabroa, beste behin ere. Bahiturik, isolaturik, azken arnasetan non eta nola zegoen senideei informazioa ukatuz. Baita hil geroztik ere, maltzurki. 

Gure dolumin sentikorrenak bion senide eta lagunei! 

Bi heriotz berri, espetxe politikaren zerrenda luzean. Eri ziren biak, espetxe politikak erahil ditu biak. Espetxe politika hiltzailea baita! Sakabanaketa hiltzailea baita! Heriotz zigorrak arduradun zehatzak ditu. Estatuen gerra estrategian murgildurik dirautenak. Euskal presookin politika kriminala gauzatzen jarraitzen dutenak. Gatazka politikoa eta bere ondorioak ETAri leporatzen diotenak. Diskrezioa lege eta legea diskrezional egiten dutenak eta bi zerraldo berrion aurrean ere ardura saihestu nahi izan dutenak. Inmunitate politiko eta penala betiereko uste dutenak. 

Konponbideari bizkar ematen jarraitzen baitiote. Gertaera hauen testuinguruan, ETA eta Gobernu espainolak (PSOE) konponbiderako irekitako gunearen deuseztapena iragarri du ETAk; salatu duenez, boterean den Gobernuaren (PP) temakeriaren ondorioz. Egoera politikoa larria da konponbide demokratikoaren alde gaudenontzat, gatazka luzatzeko arriskua handia baita. 

Heriotzon artean aldiz, Iruñea-Bilbon Gatazkaren konponbidearen Foro soziala izan da. Gatazkaren ondorioen inguruan nazioarteko esperientzia eta irakaspenak ekarri dira, gogoeta sakonduz. Konponbidea zaildu eta atzeratzea behartu nahi gaituzte, baina konponbide demokratikoaren aldeko ahalegin eta indar oro bide berriak irekitzeko oinarri garrantzitsua dira. Aieteko adierazpena nazioartean modu esanguratsuan jasotzen ari den babesa bezala. Estrasburgoko auzian, oraino ‘injinaritza juridiko’rako tartea badutela aurreratu arren, espetxealdia luzatzeko doktrinaren kontrako posizionamendu sozial eta insitituzional zabala bezala. Herriaren, herritarren erantzun eta mobilizazio iraunkorrak bezala. 

Heriotz hauei beste gertakariak gehitu nahi dizkiegu, salaketa ohar honetan. Jaengo espetxetik bueltan Jabi Martinez kidearen lagunek izandako istripua, sakabanaketaren hamaikagarrena! Eta Joseba Vizan errefuxiatuaren aitagiarreba Jose Marcoren heriotza, hura bisitatzera joana Brasil urrunera. 

Saminak eta amorruak ez digu norabidea lausotuko. Konpromisoa hartu du EPPK-k eta bururaino eramango dugu. Egoeraren larritasunak eta gertaera hits hauek orain tamainako erantzuna behar dute. Herriak ez du barkatuko! 

Inoiz baino ozenago, Euskal Presoak Euskal Herrira! Sakabanaketa hiltzailea! Amnistia, autodeterminazioa!

EPPK
Euskal Herria bihotzean, 2013ko apirilan

EPPK-k baimena eskatu dio epaileari Lokarriren foroan parte hartzeko

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak baiezkoa eman dio Lokarrik bere foroan parte hartzeko eskatuz igorritako gonbidapenari, Berria.info agerkariak zabaldu duenez. Hori dela eta, irteteko baimen berezia eskatu diete EPPK-ko mintzakideek (Xabier Alegria, Anabel Egues, Jon Olarra, Marixol Iparragirre, Lorentxa Gimon eta Mikel Albisu) Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileari eta Frantziako Zigorren Aplikaziorako epaile zentralari, martxoaren 14an Iruñean eta 15ean Bilbon egingo diren bileretan parte hartu ahal izateko. Lokarrik eta Bake Bideak antolatuko duten foro horretan parte hartzea «nahitaezkoa» ikusten du EPPK-k, "bilkura beraren eta han jorratuko diren gaien garrantziagatik".
 
"Ekinaldi berritzaile eta inoiz egin gabekoa" jakinarazten du bertan presoen kolektiboak: "Gatazka Politikoaren Konponbiderako Foro Sozialean parte hartzeko erabakia". Bertan onartzen du foroaren antolatzaileek EPPK-ri gonbidapena igorri diotela, eta gonbidapen hori onartuz kolektiboaren mintzakidetzak foro horretan parte hartzea erabaki duela. Horretarako, antolatzaileei bidalitako gutunaren berri ematen dute. "Gatazka politikoa eta zehazki bere ondorioak konponbidean jartzeko egiten ari zareten ahalegina aitortzera gatozkizue", diote foroaren antolatzaileei igorritako gutunean. "Frantzia eta Espainiaren jokabide oztopatzaile eta arduragabekoa kontuan hartuta", EPPK-k bere eskuetan dagoen guztia egingo duela dio "konponbide politiko integralaren mesedetan".

 Agiriaz eta gutunaz gain, espetxe zaintzari egindako eskaerari buruzkoak ere jasotzen ditu EPPK-k. Foro sozialaren nondik norakoak azaltzen dizkio bertan kolektiboak espetxe zaintzari, egunen eta lekuen berri, eta foroak duen garrantziaren berri. Bake prozesua bultzatzeko foroa dela, desarmea, giza eskubideak, eta presoen bergizarteratzea jorratuko direla bertan. "Euskal presoen presentzia gabe zaila izango da gai horietan aurrera egitea. Preso horiek adierazi dute jada prozesu horrekiko duten konpromisoa eta prozesu hori bultzatzeko urrats positiboak egitekoa", gogorazten dute euren eskaeran. Guzti hori dela eta, "nahitaezkoa" da haien iritziz presoen bozeramaile batek foro horretan parte hartzea.

Baimen berezi hori lortzeko eskaerak, gainera, espetxeetako legedian tokia baduela argudiatzen du Euskal Presoen Kolektiboak. Espetxeetako Lege Organikoaren 47.1 artikuluak zera baitio: "[...] garrantzitsuak eta egiaztatuak diren arrazoiengatik, segurtasun neurri egokiekin, irteteko baimenak emango dira [...]".

Artikulu horretan oinarrituz, beraz, martxoaren 14an Iruñeko Baluartera eta martxoaren 15ean Bilboko Campos Antzokira joateko baimena eskatzen du EPPK-ren mintzakidetzak bere eskaera orrian, eta horrela jakinarazten dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe zaintzako epaileari.

Eskua luzatu, eta urrats berrietarako prest azaldu da EPPK

Gatazka politikoa gainditzen laguntzeko prest dago Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK). Horretan parte hartu nahi du. Baina ohartarazi du irtenbidea konponbide integralarekin loturik egongo dela, eta gatazkarako arrazoiak jarri behar direla konponbidean. Hortaz, zehaztu du aterabideak ezinbestean izango duela lotura amnistiarekin eta autodeterminazioarekin. Prozesu demokratikoari heltzeko deia egin du, Anoetako Proposamena, Gernikako Akordioa eta Aieteko Adierazpena bide orritzat hartuta. Gatazkak alde anitzetan eragindako minaz erantzukizun osoz jabetzen dela esan, eta, aurrera begira, baldintza berrien argitan, prestasun osoa azaldu du urrats berriak egiteko. EPPKk Gernikako Elai Alai aretoan aurkeztu zuen atzo iazko udazkenean hasi zuen barne eztabaidaren ondorioak jasotzen dituen adierazpena.

Berria.info: Erreakzioak


EUSKAL PRESO POLITIKOEN KOLEKTIBOAREN ADIERAZPENA EUSKAL JENDARTEARI

EPPK-k azken hilabeteotan burutu duen eztabaida politikoaren ondorioetan oinarriturik honako adierazpen publikoa zabaltzen du:

1- GATAZKA POLITIKOA ETA KONPONBIDE DEMOKRATIKOA

Gatazka politiko honek gure Herriaren eskubideak urratu ditu. Gernika bonbardatu zuten 75. urteurren honetan eta euskal Estatua (Nafarroa) okupatu zuten V. mendeurren honetan, Frantzia eta Espainiak zapalkuntzari eusten diote.

Gatazkaren konponbide demokratikoak proiektu politiko guztiak ahalbidetu beharko ditu, independentzia barne. Herriak du hitza eta erabakia.

2- EZKER ABERTZALE OSOAREN HAUTU POLITIKOA

Kokapen politiko berritua eskaini du Ezker Abertzaleak, iniziatiba politikoa berreskuratuz eta helburu politikoen erdiespena indar metaketa politiko, instituzional eta sozialean finkatuz.

Estrategian sakondu eta urrats erabakigarriak hartzen jarraituko dugu. Euskal gizartearen eskaera eta mandatua ere horixe baita. Eraginkorrak izateko eta prozesua azken porturaino heltzeko, Herriaren indarrak biderkatu behar ditugu eta denok elkar batera jo.

EPPK Ezker Abertzalearen estrategia politikoari atxikitzen gatzaizkio fermuki.

3- ETAren ERABAKIA

ETAk ildo armatua bertan behera uzteko erabaki historikoa hartu du. ETAren borrokak herri honek pairatzen duen zapalkuntza agerian utzi du, Estatuen izaera ez-demokratikoa biluztaraziz.

EPPK-k ETAren erabakiari bere errespetu eta babes osoa helaraziz, borroka armatua tresna gisa erabiltzeko garaia gainditutzat ematen du.

4- ANOETA, GERNIKA ETA AIETE-ko ERREFERENTZIA POLITIKOAK

Anoetako planteamenduarekin bat etorriz (2006) gure aitortza eskaintzen diogu ETAri, Gobernuekin balizko negoziazioan presoon kaleratzeari buruzko urrats eta akordioak finkatzeko.

Gernikako Akordioa (2010) konponbide integralari begira erreferentzia nagusitzat jotzen dugu.

Aieteko Adierazpena (2011) gatazkaren konponbide prozesua egituratzeko eta negoziazio bide orri gisa sustengatzen dugu.

5- EGOERA POLITIKOA

Ezker Abertzalearen berregokitzapen estrategikoak egoera soziopolitikoa errotik irauli du, Herri indarrak metatuz eta eraldaketa politikoa gorpuztuz.

Estatuen jokabidea blokeoan eta honen bidez euskal jendartean etsipena eragin nahian datza.

Estatuek prozesu demokratikoan urratsak eman ditzaten, indar metaketa eraginkorrena lortu behar dugu. Jabe gaitezen bizi dugun une historiko eta politikoaz. Orain da ordua! Ofentsiba politikora pasa behar dugu, urte luzeotan metatutako kapital politikoa berraktibatuz helburuak erdiesteko. Borroka garaia da!

6- ESPETXE POLITIKA

Espetxe politikak gerra estrategiari erantzun dio. EPPK-k tinkotasunez egin dio aurre, estatuen asmoak porrotera kondenatuz. Aukera politiko berria EPPK-ren borrokaren emaitza ere bada, borrokak ekarri gaitu honaino, borrokak askatuko gaitu.

Espetxe politika egoera berrian, prozesu demokratikoaren kontrako murru gisa baliatzen da eta euskal presoak bahitu politiko gisa. Eskubide urraketa du oinarri, heriotza eta sufrimendu asko eraginez. Salbuespen neurri guztiak, sakabanaketa eta biziarteko zigorra besteak beste, lehenbailehen altxatu behar dira dagozkigun eskubideak onartuz.

Damuketa-salaketa militanteak eta pertsonak suntsitzeko bidea besterik ez da, erabat baztertu eta arbuiatzen duguna. Presio, xantaia eta jokaera makurrak bertan behera utzi behar dira, eskubideak ukatzeko espetxe onuren erabilpena bezala.

Gatazka politikoaren isla gara eta irtenbidea konponbide integralarekin loturik doa, Amnistia-Autodeterminazioarekin. Gatazkarako arrazoiak konponbidean jarri, preso guztiak kaleratu eta berriak ez sortzearekin. Kaleratzeko oztopoak indargabetu behar dira, Euskal Herriarekin batera, euskal herritarrekin batera prozesu politikoan parte hartzeko.

Kolektiboak aurrerantzean, baldintza berrien argitan, urrats berriak emateko prestutasun osoa du.

7- GATAZKAREN BESTE ONDORIOAK

Zapalkuntzaren biktima dira Euskal Herria eta euskal herritarrok. Gatazkaren parte eta ondorio preso eta iheslari politikoak. Gatazkak kaltetuak eta biktimak eragin ditu. Abenduan Gernikak egindako adierazpenarekin bat egiten dugu.

Alde anitzetako minaz jabetzen gara erantzukizun osoz. Gure larruan eta hurbilekoenean ezagutzen dugu belaunaldiz belaunaldi. Ulerkor izateak ez gaitu itsutzen ordea, samina helburu politiko batzuen alde erabiltzen baita. «Biktimen auzia» gatazka betikotzeko erabiltzen duten bezala. Biktimak eta presoak kontrajartzen dituzte bi auziei errotik irtenbide propioa eman beharrean.

Hainbeste min eragindako gatazkaren erroak ulertzea, alde bakoitzaren ikuspegiarekin, ezinbesteko eginbeharra izango da. Ariketa sakon eta mingarria, egiatia izango bada askatasunetik egin beharrekoa, gatazka gainditzeko borondatetik eta konponbide asmoz.

Konponbideak, ondorioak aztertu eta osatu behar ditu.

8- ESKAINTZA

Espainia eta Frantziako gobernuak ausart eta erantzukizun historikoz, aurrean duen aukera baliatzeko dei egiten diegu. Konponbide demokratikoaren ibilbidean sar daitezela. Espainia, Frantzia eta Euskal Herriak irabaziko dute. Herritarrok irabaziko dugu.

EPPK-k euskal preso politikoon egoera eta eskakizunen inguruan mintzatzeko prestutasun osoa adierazten du. Berrikitan izendatutako Mintzakidetza eginkizun horretarako hautatua izan da.

Nazioarteko komunitatea, azken garaietako inplikazioa biderka dezan animatzen dugu.

Amnistia-Autodeterminazioa!

EPPK Euskal Herria bihotzean, 2012ko ekaina.

EPPK-k Mintzakidetzarekin biltzeko deia egin die Espainiako eta Frantziako gobernuei

Iturria: © Berria.info

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) 640 preso inguru biltzen ditu bere barnean, 82 espetxetan barreiatuta. EPPK-k bere antolakuntza berritu du, eta mintzakide talde berria izendatu du. Sei presok osatzen dute EPPKren Mintzakidetza: Anabel Eguesek, Jon Olarrak eta Xabier Alegriak Espainiako espetxeetan, eta Lorentxa Gimonek, Marixol Iparragirrek eta Mikel Albisuk Frantziako espetxeetan. Presoek berek aukeratu dituzte mintzakideak. Seietatik Egues baino ez da aritu iraganean mintzakidetza lanetan.

"Berria" eta "Gara" egunkariei emandako elkarrizketan, EPPK-k dei egin die Espainiako eta Frantziako gobernuei Mintzakidetzarekin bil daitezen: “Dagozkigun eskubideen errespetu eta gauzatzea jorratzeko”. Hizketarako prest azaldu dira sei mintzakideak: “Serioski joka dezaten dei egiten diegu; har dezatela gurekin haria. Gure oinarrizko eskubide demokratikoak errespetatuz, mintzatzeko eta urratsak egiteko prest gaituzte; EPPKren mandatua dugu”.

EPPKren antolakuntza berrituta, udaberri honetan bertan barne eztabaidaren ondorio politikoak ezagutaraziko ditu kolektiboak, "Berria" eta "Gara" egunkariei eskainitako elkarrizketan aurreratu duenez. “Garrantzitsua izaten ari da eztabaida, oztopoak oztopo eta baldintza errepresibo zorrotzen gainetik aurrera eramateko gaitasuna izan baitugu”.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak emandako elkarrizketan, besteak beste, garai politiko berriaz, ETAk iazko urriaren 20an jakinarazitako erabakiaz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak zigor luzatzeari buruz hartutako erabakiaz eta PPren gobernuaren espetxe politikaz aritu dira mintzakideak. Elkarrizketa osoa biharko "Berria"-n kaleratuko da.