Ostegunean bertan jakin genuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Jose Luis Castro epaileak Iosu Uribetxebarriaren baldintzapeko askatasuna onartu zuela. Badirudi azkenean hainbeste aldarrikatu dugun askatasuna izango duela Iosuk, nahiz eta ezin den ahaztu baldintzapean izango dela. Iosuri 2005 urtean giltzurruneko minbizia zuela jakinarazi zioten, eta 2006ko abenduan jada eskatu zen bere baldintzapeko askatasuna. Azkenean, baldintzapeko askatasun hau sei urte beranduago iritsi da, jada ezer egin ezin den unean. Eta hala ere, ezin dugu ulertu Iosuk beste bost egun igaro behar izatea preso. Iosuren askatasuna ezin da beste egun batez ere atzeratu, berehala aske behar du.
Bestalde, eskerrak eman nahi genizkioke Iosuren askatasunaren alde lanean jardun duten guztiei. Honelako elkartasun keinu guztiek izugarrizko babesa ematen dietelako gure senide eta lagunei, eta baita guri ere. Kasu honetan ere, Iosuk jaso duen elkartasuna eta babesa izugarriak izan dira. Ezin ahaztu Espainiako eta Frantziako espetxeetatik gure senideen aldetik jaso duen elkartasuna ere. Euskal preso politikoak borrokaldi etengabean izan dira Iosu gose greban sartu zenetik, eta honek zenbait kasutan ondorio fisiko larriak ere eragin ditu. Hau da IƱaki Arakama presoaren kasua. Sevilla II espetxean aurkitzen den euskal presoa asteartean ospitaleratu behar izan zuten, 19 eguneko gose grebaren ostean giltzurruna oso ukitua zuelako. Ordutik Sevillako ospitalean egon da, eta bertan kolonoskopia bat egin diote. Zorionez kolonoskopia ondo atera da, eta gaur bertan Sevilla II espetxera eraman dute berriro ere Arakama.
Horregatik, euskal gizarteari dei egiten diogu norbanako ezagunek "Gaixo dauden presoen giza eskubideen alde", gaurko deitu duten manifestazioan parte hartzeko. Guztion babesarekin lortuko baitugu Iosu bezala, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste hamahiru presoak ere etxera ekartzea!