Ikusi agerraldiaren bidea
Iturria: Bilboko Branka
Txus Martin preso basauriarraren egoera larriaz ohartarazteko beste elkarretaratze bat egin zuten ostegunean Justizia Jauregian. Gaixotasun larriak dituzten presoak espetxeratuta izatea “errukigabea eta ankerra” dela adierazi zuten eta Espainiako Gobernuak giza eskubideak betez gero kalean beharko luketeela gogorarazi zuten.
Basauriko Herri Bilguneko eta SOS Txus Martin plataformako kideek auzoko euskal presoa askatzeko enegarren elkarretaratzea egin zuten ostegun goizean Bilbon, Justizia Jauregiaren aurrean.
Mobilizazioan parte hartu zduten lagunek “Preso gaixoak kalera baldintzarik gabe” zioen pankarta zabaldu eta Txus Askatu zioten letra erraldoiak altxatu zituzten.
Martin Zaballako (Araba) espetxean dute preso, eta gaixotasun larria du, Roberto Noval Herrirako bozeramaileak gogoraratzi zuenez. Novalen hitzetan ulertezina da “Martinen koadro klinikoa duen edozein lagun espetxean izatea”, espetxean daramatzan urteetan gutxienez bi aldiz saiatu da bere buruaz beste egiten eta eguneko 24 orduak beste pertsona baten konpainian egon behar du.
Basauriarra espetxean izatea “errukigabea eta ankerra” da, Herriraren iritziz, “giza eskubideen urraketa nabarmena” delako eta horrek, esan zuen Novalek, “senide eta lagunen sufrimendua luzatzea baino ez dakar”. Arrazoi berberengatik Martin bezala larri gaixo dauden beste 13 preso politikoak askatzeko galdegin zuen.
Giza eskubideez ari gara, eta giza eskubideak ezin dira beste edozein erabaki politikoren pean baldintzaturik egon.