Orrialdeak

Preso eta iheslariak ere plazara ekarri ditugu


Goazen Plazara! Algortan (argazki albuma)

Goazen Plazara! ekimenarekin bat eginez 457 lagun elkartu gara gaur Algortan, euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko asmoz. Manifestazioaren ibilbidean espetxeak eta bertan diren gatibu getxoztarrak kokatuz gure 17 herrikidek pairatzen duten sakabanaketa irudikatu dugu, etxean preso daukaten Anjel Figueroarekin hasi eta Algortatik 1.058 kilometrora Algecirasen daukaten Gorka Garcia Sertutxa "Patas"-ekin amaituz. Bidean zazpi geldiune, bakoitzean beraien senideen eskuetatik bizpahiru presoren argazkiak batuz, familiar eta lagunei ere Espainia eta Frantziako gobernuek ezarritako zigorra salatzeko. Zortzigarren geldialdia, berriz, herriko bost iheslariei eskaini diegu. Behin argazki guztiak jasota plazaraino eraman ditugu, trikiti doinuek lagunduta, eta Telletxe plaza erdian hutsik zeuden aulki zurietan kokatu. Agur dantza eskaini ostean, "Zazpi jauzi" dantzatu dute bildutako lagunek irudien inguruan, ekitaldia pintxo goxoak dastatuz amaitzeko.

Adierazpena:

Eguerdion danoi!

Ezer baino lehen, ongi etorria eta eskerrak eman nahi dizkizuegu gaur, maiatzak 19, Herrirak deitutako mobilizazioetan parte hartzera animatu zareten guztioi. Eskerrik asko benetan, indarrak metatzea ezinbestekoa baita geure helburuak lortze aldera:
  • Sakabanaketarekin amaitzeko: espetxe politika krudel honek indarrean daramanetik, 400 istripu inguru egon direla kalkulatzen da, eta 16 pertsonak galdu dute euren bizia errepidetan. 2012a hasi zenetik, jadanik 8 izan dira gertatutako istripuak, horietatik azkenetariko bat ondorio larriagoekin. Gaur ere gogoan ditugu errepidean orduak emanda beren burua arriskuan jartzen ari diren pertsonak, eta bidai segurua izan dezaten opa diegu.
  • Preso gaixoak askatzeko: gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten 14 lagun preso daude oraindik, eta baldintzarik gabe aske gera daitezen exijitzen dugu, euren eskubidea delako!
  • Parot doktrinarekin amaitu eta kondenaren 2/3ak eta 3/4ak beteta dituzten presoak ere aske geratzeko, aspaldi egon behar baitzuten etxean!
  • Baita gainerako krudelkeriekin bukatzeko ere: isolamenduak, jipoiak, senide eta presoak bisitarik gabe uztea, katxeoak... 
Eta nola ez, gure helbururik handiena betetzeko: euskal preso eta iheslari guztiak lehenbailehen etxeratzeko. Gaurkoan, eskubide diren nahi horiek plazara ekarri ditugu guztion artean, orain amets eta borroka-arrazoi dena, bihar errealitate eta ospakizun-arrazoi bihurtzeko. Telletxe betetzea lortu dugu, eta bide hau ibiltzen jarraituz, espetxeak hustea ere lortuko dugu! 

Sakabanaketarik ez! 
Biziarteko zigorrik ez! 
Preso gaixoak etxera orain! 

Preso eta iheslariak herrira!