Orrialdeak

Ehunaka auzokidek eskatu du askatasuna Oskar Sanchezentzat Itzubaltzetan

IMG_2056

Argazkian, dozenaka lagun manifestazioaren ostean atzo Itzubaltzetan / cc-by Ukberri.net.

Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Herrira euskal preso politikoen eskubideen aldeko mugimenduaren aurkako polizia operazioa agindu, eta 18 pertsona atxilotu zuen atzo Guardia Zibilak. Oskar Sanchez Setien gazte itzubaltzetarra da Herrira mugimenduaren aurkako sarekadan atxilotutako 18 pertsonetako bat. Sanchez abokatua da eta arlo juridikoan egin izan du lan Herrirarentzat. Guztiak komunikazio egoeran daude eta atxilotu dituztenetik 72 ordutara konfiantzazko abokatuarekin egoteko aukera izango dute eta Auzitegi nazionalera eramango dituzte, Itzubaltzeta / Romoko Herrira taldeak jakinarazi duenez. Adierazpenak 620 auzokide batu zituen "Elkartasuna ez da delitua! Oskar eta besteak askatu!" lelopeko martxaren ostean egin zituzten. Erandion ere, sarekadaren aurkako eta atxilotuen aldeko elkarretaratzeak egin zituzten. 60 lagun mobilizatu ziren Altzagan eta beste 25 Astrabuduan. Datozen ordu eta egunotan, mobilizazio gehigotara deitu dute. Gaur, 20:00etan manifestazioa izango da Itzubaltzeta / Romoko Kolas plazatik eta ondoren batzarra egingo dute. Mobilizazio hori egunero egingo dute, Oskar Sanchez eta beste atxilotuak Guardia Zibilaren esku egon bitartean. Azkenean, larunbatean nazio manifestazioa izango da Bilboko Aita Donostia plazatik abiatuta, 17:30ean. Ernaik UK Martxaren egitaraua moldatuko du.

Herriraren jarduera, bi urtez etenda

Herrirak bere maitasuna agertu zizkien atxilotu guztiei, haien senideei eta gertukoei eta bereziki, Oskar militantziakide eta lagunaren senideei besarkadarik handi eta beroena bidali zieten. Gogoratu dutenez, Herrira mugimendua orain bi urte sortu zen, eta bere ibilbide osoan zehar preso eta iheslari politikoen eskubideen alde lanean ibili da. Atzokoan, berriz, lanean jarraitzeko konpromisoa hartu zuten Herrirakideek auzotarren aurrean: Euskal Herriko plaza eta kaleek entzungo dituzte gure errebeindikazio legitimoak. Beranduago jakin zen Eloy Velasco epaileak bi urtez eten duela Herriraren jarduera.

Itzubaltzeta / Romon ohartarazi zutenez, atzoko bezalako operazio polizialek ez dute lortuko preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko borroka ezerezean uztea. Ez dute lortuko elkartasuna debekatzea. Baieztatu zutenez, azken preso politikoa kalean egon arte, azken errefuxiatu eta iheslaria etxean gertukoekin izan bitartean, herri honetan eta auzo honetan haien eskubideen aldeko borroka izango da. Ez ditugu inoiz bakarrik utziko.

OHARRA: Oskar Sanchez Setien atxilotua itzubaltzetarra da eta ez algortarra, Facebook-en adierazi bezala. Hainbat urteetan, baina, abokatuak bizitza soziala egin du Algortan. Barkamena eskatzen diegu Sanchezen senideei, gertukoei eta irakurle guztiei

Herriraren aurkako sarekada ari da bururatzen Guardia Zibila

Guardia Zibilak Herrira presoen aldeko plataformaren aurka sarekada du zabalik gaur goizetik. Benemeritak Bilboko, Hernaniko, Iruñeko eta Gasteizko egoitzetan sartu da eta gutxienez 15 pertsona atxilotu dituzte, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak esan duenaren arabera. Bilboko Eusko Alkartasuneko egoitzan ere sartu dira guardia zibilak, akatsez edo. Oraindik ez dago argi nortzuk diren atzemandakoak, baina, EFE agentziaren eta "Berria" egunkariaren arabera , orain arte atxilotutakoen artean Amaia Esnal, Eneko Ibarguren, Ekain Zubizarreta, Imanol Karrera, Ibon Meñika eta Roberto Noval daude. Polizia operazioa Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta abiatu du Guardia Zibilak, 10;45ean, Herrira legez kanporatutako Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren ondorengoa ote den aztertzeko ikerketa baten baitan. Hain zuzen ere, plataforma horrek presoen alde egindako omenaldien harira etorri ei da operazioa. Epaileak Twitterreko 32 profil, Facebookeko 125 eta 38 wegbune ixtea eta plataformaren diru kontuak blokeatzea ere agindu du.

Josu Rodriguezen urtebetetzea. Zorionak!

+
Josu Rodriguez Mallabiarrena "Nekora" euskal preso politikoaren urtebetetzea izango da astelehenean, irailak 30. Gazteak 28 urte egingo ditu.

Aukera ona ere bada, postal, gutun edo zerbait bidaltzeko, zorionak eman eta gure elkartasuna adierazteko.

Zorionak Josu eta eskerrik asko erakusten duzun adore eta kemen horregatik!

Helbidea:

Josu Rodriguez Mallabiarrena
C.P. Soria
Pza. Marqués del Saltillo, 1
42071 Soria (Soria)

Josu askatu!
Euskal preso eta iheslari politikoak herrira!

Urriaren 17an kalera irtengo da Jagoba Terrones

Kartela jaitsi eta zabaldu (jpg)

Jagoba Terrones Arrate Berangoko euskal preso politikoa eta Algortako bizilaguna urriaren 17an aterako da Castellon II espetxetik. Espainiako Auzitegi Nazionalak zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zion Askatasuna eta AABen aurkako 33/01 auziko epaian eta Auzitegi Gorenak zigorra berretsi egin zuen, 2009ko urriaren 16an. Egun horretan atxilotu eta Basauriko espetxera eraman zuten. Ondoren, Castellon II espetxera eraman zuten.

Herrian bat gehiago!
Euskal preso eta iheslari politikoak herrira!

Iraileko Azken ostirala: "Jose Luis eta Maite libre! Epaiketa politikorik ez!"

2013-iraila-azkenostirala-algorta

Algortako Herrira bilgunearen gonbitea onartuz, Libre Getxon ekimenak luzatu du kontzentraziorako deialdia. Hitzordua 20:00etan jarri dute, Telletxe plazan.

Libre Egunera joateko autobusak izango dira eskualdean

Datorren urriaren 14tik aurrera, Xabier de la Maza Peña gazte gorliztarra epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean beste 39 neska-mutilekin batera. Bakoitzarentzat seina urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak, Segi gazte erakunde ilegalizatutako kideak izatea egotzita. Horretaz gain, urriaren 17an abiatuko dute "herriko tabernen" auzia: 36 akusatuen artean dira Jose Luis Franco eta Maite Amezaga algortarrak eta Izaskun Barbarias urduliztarra. Hainbat urtez Getxoko Udalean lan egin eta PPk bertatik kaleratu nahi izan zuen Sabin del Bado sondikarra ere auziperatuta dago sumario honetan. 

Igande honetan, irailak 29, Libre Eguna egingo dute Lekeition, urrian hasiko diren makroepaiketetan auziperatutakoak antolatuta. Bertara joateko, eskualdetik autobusak izango dira: besteak beste, goizeko 9etan aterako da Algortako Telletxe kaletik eta 20:30ean bueltatuko da Lekeitiotik. Abian kultur Elkartean izena eman daiteke. 

Jose Luis, Maite eta beste guztiak libre!
Epaiketa politikorik ez!

Eman zure atxikimendua libre.epaiketarikez.org webgunean.
Libre Getxon ekimenaren webgunea:  libregetxon.wordpress.com

joseluis-maite-libre

Herrirak gizartea tantaz tanta aktibatu nahi du, eta Bilbon urtarrilaren 11n itsasoa osatzera deitu du

Larunbat arratsaldean, Iruñean, Anaitasuna kiroldegian egindako ekitaldian, Herrira mugimenduak 197/2006 doktrinaren aurkako Herritarron Epaia eman zuen aditzera. Koaderno handi honek 80 herri baino gehiago bisitatu ditu uda honetan, herritarren ekarpenak eta herri honen gehiengo politiko, sindikal eta sozialarenak jasotzeko. “Hauxe da Europara igorriko dugun epaia: giza eskubideak, konponbidea, bakea; hau da, 197/2006 doktrina berehala indargabetu dezatela”, Herrira-ko kide Jone Galarzak eta Egoitz Luisak azaldu zutenez. 

Herritarron Epaiak hainbat ekarpen jaso zituen ekitaldian, besteak beste Martina Anderson, Mark Demesmaeker, Tatjana Zdanoka eta Iñaki Irazabalbeitia europarlamentarioena, mezu bat bidali baitzuten Bruselatik. Carlos Olalla aktore madrildarrak eta Maite Bidarte kazetari nafarrak aurkeztu zuten ekitaldia, eta unerik hunkigarrienetako bat Etxerateko Idoia Mujikaren mintzaldia izan zen; izan ere, presoen eta haien senitartekoen giza eskubideak aldarrikatu zituen, bai eta “bizitzeko eskubidea eta bakean bizitzeko eskubidea” ere. ”Zuen sostenguari eta elkartasunari esker jarraitu dugu arnasa hartzen -esan zuen-, baina orain garaia da harlauza astun hau gainetik kentzeko, eta denok norabide berean bultza egiteko eskatzera etorri gara”.
 
“Tantaz tanta itsasoa gara” 

Ekitaldiaren bigarren zatian, Gotzon Sanchez aktoreak eta Miren Amuriza bertsolariak azaldu zuten zein den Herrirak hurrengo hilabeteetan abian jarriko duen dinamika. Haiek adierazi zutenez, euskal gizartean adostasuna dago salbuespen neurriak atzean utzi beharraz, eta hemendik aurrera garbi dugu zein den gure egitekoa: milaka pertsona horiek aktibatzea Madrileko eta Parisko immobilismoa gaindituko duen masa ekintza sozial baten bitartez. 

Horretarako, Herrirak sektore sozial guztien inplikazioa bilatuko du, eta larunbateko ekitaldia filosofia berri horren adibidea izan zen, arte eszenikoen munduko aportazioak, musikaren arlokoak nahiz kirolaren arlokoak bildu dituelako… Une gorena amaierakoa izan zen, Anaitasuna kiroldegian zeuden guztiek batera kantatu dutenean “Give peace a chance” abestiaren bertsioa, Vendetta taldearena. 

Une horretan aurpegi ezagun asko ikusi genituen agertokian: Angeles Iztueta, Iñaki Goioaga, José Navas, Javier Madrazo, Bakartxo Ruiz, Miren Aranoa, Tasio Erkizia, Pernando Barrena, Martxel Toledo, Ainhoa Etxaide,Txerra Bolinaga… 

Urtarrilaren 11n Bilbon 

Dinamika berriaren abiapuntua, Herrirak urtarrilaren 11n Bilbon eratu nahi duen “itsasoa” izango da; horretarako, “gutako bakoitza ur tanta ezinbestekoa izango da”, Gotzon Sanchezek eta Miren Amurizak azaldu zutenez. “Eremu publikoaren okupazioa izango da, inoizko handiena Euskal Herriko historia hurbilean, eta, une jakin batean, denok gora begiratu eta gure tanta zerurantz altxatuko dugu. Eta orduan itsasoa izango gara, giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko itsasoa”. 

Horrez gainera, iragarri zuten gaixo dauden presoen askatasunaren aldeko jardunaldiak egingo direla Ipar Euskal Herrian azaroaren azken astean zenbait mobilizaziorekin batera. Era berean, abenduaren 7an, Durangoko kaleetan olatu erraldoia osatzeko deialdia egin zuten, Bilboko itsasoaren proba-saio orokorra, alegia. Eta abenduaren 10ean jardunaldi batzuk hasiko dira Iruñean, sakabanaketari eta espetxeetan gertatzen diren giza eskubideen kontrako urraketei buruzkoak.

Salbuespen neurrien aurkako giza olatu erraldoia sortu du marea urdinak Donostian

197/2006 doktrinaren aurkako aldarriarekin bete zen atzo Donostiako Boulevard-a. Boga egin ondoren, Herrirak gune propioa ireki zuen Trinitate Plazan eta giro bikainean igaro zen arratsaldea.

Hona hemen Herrirak zabaldutako idatzia:

Itsasoaren aurka lanean aritu dira gaur traineruak Donostian, eskuz esku, arraunak astinduz, talde lanean, ahalegin betean, helburua lortu asmoz. Guztia eman dute Badian, kaitik zetorren kolore festa eta animoen bultzada sentituz. Arraunaren metafora, ezin egokiagoa da, Euskal Herrian bake eta konponbide eszenatoki bat lortzeko ditugun erronkei heltzeko norabidean. 

Izan ere, talde lana, ahalegin betea eta jendartearen inplikazioa ezinbestekoa izango da indarrean dagoen espetxe politikarekin amaitzeko. 197/2006 doktrinarekin amaitu dezakeen epaiaren zai gaude, baina Estrasburgotik etorriko den ebazpenaren gainetik, giltza gure eskuetan dago. Herritarrok izan behar dugu protagonista, gure jarduna ezinbestekoa izango da gauzak aldatzeko. Guztion artean, talde lanean, elkar lagunduz, enpatia izanez, galdera berriei erantzun berriak eskainiz.. lortuko dugu! 

Jendartea, bere osotasunean, egun indarrean dagoen eskubide urraketa gaindituko duen olatuaren protagonista eta bultzatzaile nagusia behar du. Garaipen kolektibo baten bidean irmoki jarriko gaituen olatu herritarra. Salbuespen neurrien amaiera, espetxe politikaren Karenteko aldaketa, giza eskubide guztien eskubidea eta konponbidea eta bakearen eraikuntza definitiboa ekarriko duena. 

2013 urtean eta Europar Batasunaren testuinguruan, ez da onargarria euskal preso politikoek pairatu behar duten egoera. 197/2006 doktrina aplikatuta daukatenen kasuan, Europako Giza Eskubideen Hitzarmena urratuz gainera. Baina ez hori bakarrik, ez da inolaz ere onargarria sakabanaketak istripuak eragiten jarraitzea edo Pablo Gorostiagak eta bere familiak pairatu behar izan duen egoera, justiziarik gabekoa, sumingarria eta krudela. 

Espainia eta Frantziako gobernuek itxikeria nabaria erakusteaz gain, giza eskubideak larriki urratu eta ondorio lazgarriak dituzten salbuespen neurriak mantentzearen aldeko hautua egin dute, euskal jendartearen bake eta konponbide nahiari muzin eginez. Baina, posible da egora hori aldatzea. Eta aldaketa hori ez da zerutik etorriko, euskal jendartearen baitan sortutako indar metaketa, ilusioa eta lan determinazioaren eskutik baino. 

Ezinbestekoa da Euskal Herriko bizitza sozial guztia blaituko duen olatua sortzea. Euskal jendarteak, bere osotasunean eta sentsibilitate ezberdinak barnebilduz, erronka kolektiboa du: 197/2006 doktrina bezalako neurriekin amaitzea. Beraz, goazen guztiok gure arrauna hartzera eta bake eta konponbidearen alde boga egitea. Asko entrenatu beharko dugu, saio asko egin beharko ditugu, bidetik gero eta taldekide gehiago batu beharko ditugu eta gure indarretan sinetsi beharko dugu 

Horregatik, gaur, Donostiatik datorren larunbatean, irailak 14, Iruñeko Anaitasuna Pabiloian egitekoa den ekitaldian parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Izan ere, euskal jendarteak bere historia idatzi behar du, bere eskuekin, eta hori da Herritarron Epaia bezalako ekimenen izpiritua. Ez gara ametsetaz ari, kimeretatik urruti gaude eta ez dugu ezinezkoetan sinisten. Oso argi dugu, gurekin, guztiekin, guztion artean, erabat posible da. Posible da… eta lortuko dugu!

Ehunka lagunek sakabanaketa salatu dute Laudion

Polizia autonomikoak jarritako trabak gaindituz, Aiaraldeko herriko plaza jendez lepo bete zen ostiralean salbuespeneko politika arbuiatu eta Gorostiaga sendiari babesa erakusteko. Pablo Gorostiagarekin gertatu dena salatzeko kontzentrazioa deitu zuen Herrirak Laudion. Liskarrak izan ziren Ertzaintzarekin Pabloren argazkia pankartan zegoelako. Alkateak eztabaida izan zuen haiekin eta Pabloren semea identifikatu zuten.

Irailaren 14an, goazen Anaitasunera!


Bideoa ikusi eta zabaldu

Gotzon Sanchez-ek zuzendutako 197/2006 doktrinaren kontrako film laburra. Aktoreak: Oihana Maritorena, Eñaut Gantxegi, Itziar Rekalde eta Carlos Olalla. 

Irailaren 14an, goazen Anaitasunera!