Orrialdeak

Herrira mugimendua: "Yusteren hitzek milaka euskal herritarrenganako errespetu falta izatez gain, sufrmenduaren estrategian sakontzen dute"

Herriraren aburuz, Espetxetako Zuzendaritzako idazkari nagusi den Angel Yustek Espainiako Kongresuan gaur egindako adierazpenak onartezinak dira. Are gehiago, sufrimendua eta oinazea besterik eragiten ez duen salbuespeneko espetxe politika honen ondorio zuzenak pairatzen dituzten milaka euskal herritarrenganako errespetu falta ikaragarria suposatzen dute. 

Yusteren hitzek sufrimenduaren estrategian sakontzen dute eta bai presoen bai euren ingurune hurbil osoa arriskuan jartzen duen errusiar erruletaren apología garbia dira. Izan ere, ezin dugu ahaztu sakabanaketak edo espetxe barruan emandako osasun asistentzia desegokiak hamarnaka euskal herritarren bizitzarekin amaitu dutela. 

Indarrean dagoen espetxe politikak giza eskubideak era nabarmean urratu eta ondorio atzeraezinak eragiten ditu. Giza eskubide guztiak errespetatu eta konponbidea zein bake justu bat lortu ahal izateko ezinbestekoa da espetxe politikaren aldaketa. Hala eskatzen dute euskal jendartearen gehiengoak zein nazioarteko hainbat eragile eta instituzioek. 

Horiek horrela, euskal herritarren gehiengoaren nahien aurka jotzen duten adierazpen eta probokazioen aurrean, nahitaezkoa da espetxe politikaren aldaketa erdiesteko adostasun berriak josi eta sentsibilitate ezberdinetako pertsona, eragile edo sektoreen arteko akordioak lotzea. Bide horretatik, zein konpromisoa eta mobilizazioaren bitartez, lortuko baitugu espetxe politikak suposatzen duen oztopo lazgarria gainditzea. 

Yusterena bezalako adierazpen arduragabeek ez dute justifikaziorik, sufrimendua eta giza eskubideen urraketak atzean uzteko garaia da. Euskal jendartearen gehiengo zabalaren nahia bakea eta konponbideari aukera bat ematea da. Bide horretan, espetxe politikaren aldaketa gako nagusienetako bat izanik, Herrirak mobilizazioak deitu ditu ostiral honetan Euskal Herriko hiri eta herri guztietan. Hortaz, herritarrei bertan parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu. 

Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira 

Eskerrik asko 

Herrira

Etxerat: "Angel Yustek gaur Espainiako Kongresuko Barne gaietako Batzordean egindako adierazpenen harira"

Argazkian, sakabanaketak eragindako istripu bat salatzeko Etxeratek emandako prentsaurrekoa / © Etxerat

Gaur, Angel Yustek sakabanaketa senide eta lagunon ardura dela esanez emandako erantzunak, argi eta garbi erakusten du senide eta lagunon aurka diseinatutako salbuespeneko neurri bat dela. 

Oso larriak dira gaur Yustek egindako adierazpenak. Sakabanaketa ez da gure ardura, baizik eta ezartzen zaigun behar bat da. Gure senide eta lagunak, maite ditugunak, ikusteko dugun eskubidea eta eurak gurekin komunikatzeko duten eskubidea urratzen duen obligazio bat da. Eta beraz, gure bizitzak arriskuan jartzera behartuak gaude, gure osasuna milaka kilometrotako bidaietan galduz, desgaste ekonomiko izugarria jasanez. Zenbait kasutan euren mendekuzko politika honek hildakoak ere eragin dituelarik, sakabanaketak 16 biktima eragin baititu. Eta sakabanaketa justifikatzen dutenek edo honen aurka geldirik daudenek senide eta lagunoi ezartzen zaigun kondena lazgarriarekin bat egiten dute, gure eskubideak guztiz zapalduz. 

Hortaz, gure eskubideak urratu eta sufrimendua areagotu besterik eragiten ez digun sakabanaketa euskal gizarte osoaren ardura da. Eta ardura honen banaketa honetan, uste dugu alderdi politiko orok interesa agertu beharko lukela salbuespeneko espetxe politika hau eta dituen ondorioak ezagutzeko. 

Senide eta lagunok, sakabanaketa ezartzen hasi zenetik onartu genuen berau salatzeko eta salbuespeneko neurri honek suposatzen duen eskubide urraketa agerian uzteko ardura. Etengabe egin ditugun eta egiten ditugun salaketek, ordea, ez dute oihartzunik izan, ez bada gu kriminalizatzeko izan. Horregatik, Amaiurri eskertu nahi diogu guri isiltzen diguten hau, publiko egiteagatik. 

Eta noski onartzen dugu gure ardura dela sakabanaketaz hitz egitea, nahiz eta ez den gure ardura soilik. Orduan, Yuste jaunak sakabanaketaren inguruan gurekin hitz egin nahi duela, esan nahi al du? 


Kitxu eta Aimarren urtebetetzeak. Zorionak!

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarrak larunbatean, ekainak 15, egin zituen 49 urte. Aimar Hidalgo Lertxundi gatibu algortarrak, berriz, datorren astelehenean, ekainak 24, egingo ditu 34 urte.
  
Aukera ona ere bada, postal, gutun edo zerbait bidaltzeko, urteak egiteaz batera beren konpromisoan eredugarri dugun pertsona berezi hauei zorionak eta eskerrak eman eta gure elkartasuna adierazteko.

Zorionak Kitxu. Zorionak Aimar. Eskerrik asko erakusten duzun adore eta kemen horregatik!

Helbideak:
Iñaki Gonzalo Casal
C.P. Villanubla
47011 Villanubla (Valladolid)

Aimar Hidalgo Lertxundi
C.P. Herrera de la Mancha
Ctra. de Argamasilla, s/n
13200 Herrera de la Mancha (Ciudad Real)

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa (EIPK): "Konponbide garaia da, inoiz inork bere sorterritik ihes egin behar ez izateko"


Miarritzeko ekitaldia osorik

Elkartasunaren hatsa nagusitu zen larunbatean Biarritzen. Emozioz betetako eguna, ekitaldi hunkigarria. Iheslarien arazoa ez da konpontzen egoera pertsonala zuzenduz, baizik eta ihes egitera bultzatu zituzten arrazoiak gaindituz. EIPK-k konponbiderako bere proposamena jarri du mahaigainean herriaren aitzinean.


Bihar iheslariekin izateko autobusean izena ematea badago oraindik

Argazkian, Alfontso Etxegarai Plentziako deportatua 27 urte daramatza erbestean / cc-by-nc-nd Josu Martinez eta Txaber Larreategi - Gite-Ipes - Eguzki Bideoak.

Euskal Iheslari eta Deportatu Politikoen Kolektiboak larunbat honetan, ekainak 15, Miarritzeko Irati erakustazokara hurbiltzeko deia luzatu du, bertan "Herria dugu arnas" nazio ekimenaren "Elkartasun Hatsa" ekitaldia antolatu dutela. Ernai eta Herrira erakundeek bat egin dute ekimenarekin. Algorta-Getxoko Ezker Abertzaleak zabaldu duenez, hasiera batean bi autobus antolatuko zeuden Uribe Kostatik, baina eskaria txikia izan dela ikusita bakarra aterako da azkenean. Zerrendak ohiko lekuetan jarri dira, Algortako kasuan Abian Kultur Elkartean. Norbaitek joateko asmoa baldin badauka ahalik eta lasterren izena eman (946 566 851) beharko du. Ordutegia hurrengoa da: irteera, goizeko 9etan Telletxetik eta, itzulera, 18:00etan Miarritzetik (Irati erakustazoka).

Euskal Iheslari eta Deportatu Politikoen Kolektiboak "hausnarketa prozesu zabala burutu du azken garaian eta estatuen blokeoa aldebakarreko pausuen bitartez gainditzeko hautua egin" du, Herriraren arabera. Bide horri hasiera emateko, abian jarri du “Herria dugu arnas” ekimena. Munduko bazter anitzetan ehunka iheslari daude, eta Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea jorratu nahi dute, mundutik herrira itzuli. Iheslari eta Deportatu Politikoen Kolektiboak gatazkaren konponbidean ekarpen politikoa egin dezan eta haiek babesteko ekimena da larunbateko Elkartasun Hatsa izeneko ekitaldia. Egun osoko egitaraua izango du:

• 11:30ean ekitaldi politikoa.
• 13:30ean bazkari herrikoia.
• 19:00etan kontzertua: Gatibu, Gose, Iheskide eta Ze Esatek!

Iheslariek duintasunez bizitzeko eskubidea dute

Euskal Herrian aski ezaguna da euskal preso politikoek pairatzen duten giza eskubideen urraketa, beraiei ez ezik euren senide eta lagunei ere sufrimendua eragiten dieten salbuespen neurri eta espetxe politika ankerraren ondorioz. 

Horiek horrela, agerikoa da euskal jendartearen gehiengo zabal batek, Espainia eta Frantziako gobernuek indarrean mantentzen dituen salbuespen neurriak eten eta konponbide klabeetan oinarritutako espetxe politika aplikatzea eskatzen duela. Euskal Herrian giza eskubideen errespetua bermatu eta konponbide eta bake justu bat erdiesteko beharrezko urratsa da hau. 

Gatazkak sorturiko ondorioen zerrenda luzean, euskal iheslari politikoen errealitateaz hitz behar dugu ezinbestean. Ehunka dira munduan zehar barreiaturik dauden euskal herritarrak eta haien egoerari irtenbidea ematea beharrezkoa da. 

Herriraren aburuz, urte luzetako sufrimendua atzean utzi eta konponbidearen bidean aurrera urratsak emateko, aurreneko pausoa pertsona guztien giza eskubideak errespetatzea da. Norabide honetan, oinarrizkoa da iheslari guztien eskubideak errespetatzea eta duintasunez bizitzeko aukera izatea. 

Ehunka euskal herritar dira, euren herritik kanpo 5, 10, 20 edo 30 urte daramatzatenak, familia eta lagunak milaka kilometrotara dituztela, kasu batzutan ozeanoa ere tartean dela. Haietako bakoitzaren kasua berezia da, baina haien artean paperik gabeko pertsonak ditugu, helbide legalik gabekoak eta sarritan zailtasun handiak dituzten osasun asistentzia eta zerbitzu egokiak jasotzeko. Ez dute lan arautu bat izateko aukerarik eta maizegi muturreko egoera latzetan bizi dira. Horien artean, deportazioan bizitzera behartuak izan diren hainbat euskal herritar, inolako babes juridikorik gabe Euskal Herritik milaka kilometrotara urrundutakoak. 

Pairatzen duten jazarpena erabat zailtzen du Euskal Herriarekin duten harremana zein euren eguneroko bizitza. Salbuespen neurri berezituen jo mugan bizi dira: besteak beste, lege berezien menpeko atxiloketak, gerra zikina, entregak, euroaginduak, estradizio prozedurak, konfinamenduak… 

Neurri berezi guzti hauek, sufrimendua eragiten duten iheslariengan eta baita beraien ingurune hurbilean ere. Egoera hauek iraganean uztea beharrezkoa da konponbide eta bake egoeran aurrera egiteko. 

Bide honetan, iheslari politikoen kasuan bi lehentasun ezarri ditu Herrira mugimenduak: Duintasunez bizitzeko eskubidea bermatzea eta jasaten dituzten salbuespen neurriak indargabetzea. 

Pertsona hauen salbuespen egoera gizarteratzeko eta haien giza eskubideak errespetatu beharra euskal gizarteari helarazteko konpromisoa du Herrira mugimenduak.

Bi uribekostar izango ditu iheslari politikoen mintzakidetza taldeak

Argazkian, iheslarien aldeko aldarria Algortan, artxiboko irudian / cc-by Ukberri.net

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 14 solaskideren izenak ezagutarazi ditu asteazken honetan, Espainiako eta Frantziako gobernuek gatazka politikoaren konponbidean kontuan har ditzaten. Baionan eskainitako prentsaurrekoan, Kizkitza Gil de San Vicente, Jon Irazola, Lurdes Mendinueta eta Eulogio Talavera kolektiboko kideek hitza hartu dute, prozesuko eragile aktiboak izateko duten eskubidea eskatuz, eta kontuan hartzeko dei egin diete bi estatuei eta eragile sindikal eta politikoei. Horrela, gogoeta luze baten ondoren 14 ordezkari izendatu dituztela jakinarazi dute. Horien artean dira Alfontso Etxegarai iheslari plentziarra (Afrikako Sao Tomen deportatuta) eta Rakel Garcia sopeloztarra 1992tik Belgikan, Flandrian, errefuxiatua. Ondokoak dira gainontzeko mintzakideak: Tomas Linaza (Cabo Verden dagoena), Josu Lariz (Uruguai), Josu "Txutxo" Abrisketa (Kuba) eta Ipar Euskal Herrian dauden Eloy Uriarte, Lourdes Mendinueta, Jokin Aranalde, Jon Irazola, Oxel Azkarete, Jon Garmendia "Txuria", Xabier Miguel Ezkerra, Xabier Arin eta Idoia Espiaz. Baionan egin duten agerraldiak bi xede zituen: batetik, ordezkaritza hori aurkeztu, eta, bigarrenik, sostengua adierazi hainbat eragilek larunbat honetarako Miarritzeko Irati aretoan antolatu duten Elkartasun Hatsa izeneko ekitaldiari. Horretara joateko bi autobus izango dira Uribe Kostan.

Horiek guztiak izango dira Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren ordezkariak, eta, prentsaurrekoan azaldu dutenez, haiekin "hitz egin beharko dute zuzenean, gatazka politikoa konpontzeko". Horrela, "gatazka politikoa konpontzeko orduan, iheslariak kontuan hartzea" eskatu diete Espainiari eta Frantziari. "Iheslari politikoekin hitz egin behar da euskal gatazk politikoa osotasunean konpontzeko, gordiar korapiloaren parte izanik, askatzeko modurik zuzenena eta errazena delako", adierazi dute. Kizkitza Gil de San Vicente nabarmendu du "ezinbestekoa" dela euskal iheslari politikoekin hitz egitea, gatazka politikoaren konponbideak "dudarik gabe exijitzen duelako" prozesuaren "partaide" izan behar duen kolektiboaren "hitza" kontuan izatea. Gainera, Gil de San Vicentek azaldu du "azken urteotan" egindako prozesu "zail" baten ondorioz aukeratu dituztela solaskideak, eta eztabaida zaila izan dela zehaztu du, haietako asko kontinente ezberdinetan daudelako.

Larunbatean Miarritzen

Bestalde, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Miarritzen larunbat honetan "Elkartasun Hatsa" goiburupean egingo den ekitaldian parte hartuko duela iragarri dute, kolektiboaren ahotsa entzunarazteko. Ildo horretan, Lurdes Mendinuetak esan du iheslariak bertan izango direla gatazka politikoa konpontzeko bere proposamena mahaigaineratzeko. Halaber, euskal jendarteari parte hartzeko deia egin die.

Anjel Figueroaren heriotzaren salaketa egin dute NBEren Giza Eskubideen Kontseiluan

Europa Hirugarren Mundua Zentruak (CETIM) ahozko deklarazioa egin zuen joan den ostiralean Giza Eskubideen Kontseiluko 23. saioan, Nazio Batuek Ginebran duten egoitzan. Deklarazioan, nazioarteko erakunde honen aurrean estatus kontsultiboa duen eta Ginebran egoitza duen elkarte honek gaixotasun larria duten presoen inguruko beraien kezka adierazi zuen. Bereziki, martxoan hildako bi preso politikoen inguruan egin zuen salaketa, Anjel Figueroa Fernandez algortarra eta Xabier Lopez Peña galdakoztarra, eta eskatu egin zuen espainiar eta frantses gobernuei exijitzeko gaixo dauden presoak askatu ditzan. Izan ere, "gaixotasun larriak pairatzen dituzten preso politikoei askatasuna ukatzea, giza duintasunaren aurka joateaz gain, beraien osasunerako eskubidea urratzen du". Modu berean, presoen aurkako salbuespenezko neurriekin bukatzeko eskatu zuten, dispertsio politika bereziki aipatuz, berau "justifikazio gabeko politika krudel honek familiak amaigabeko bidaiak egitera behartzen dituelako bere senideak ikusi ahal izateko". Modu berean, CETIMek Giza Eskubideen Kontseiluari eskatu zion "bi estatu hauetan mekanismo egokiak martxan jartzeko, euskal preso politikoek pairatzen dituzten eskubideen urraketak aztertzeko". Martxoko Giza Eskubideen Kontseiluko saioan, euskal preso politikoen kontrako neurriak salatzen zituen idatzizko agiria aurkeztua izan zen.

Anjel, Xabier, gogoan zaituztegu!
Preso gaixoak kalera orain, baldintzarik gabe!

Tafallan abiatu da 197/2006 doktrinaren aurkako Herritarron Epaia

Argazkian, Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarra da egun 197/2006 doktrina ezarrita daukan eskualdeko preso bakarra.

Larunbatean abiatu zen Herrira mugimenduak sortutako “Herritarron Epaia” ekimen ibiltaria. 197/2006 doktrina salatu asmoz eta Euskal Herrian bakeari aukera bat eman behar zaiola beste behin aldarrikatzeko, Epaiak herritarren ekarpen grafikoak jasoko ditu irailaren 14a bitartean. Egun horretan, ekimenaren amaiera ekitaldia izango da Iruñeako Anaitasuna Pabiloian. Besteak beste, Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarrari 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den doktrika aplikatu zioten otsailean. Getxo eta Egin irratietako kazetari izandakoa, 1994ko urriaren 25ean atxilotu zuten Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, Andoni Muñoz urduliztarra, eta Algortako Iñigo Otazua "Oti" zein etxean preso zeukatela orain ia hiru hilabete hilik aurkitutako Anjel Figueroa Fernandezekin batera. Ekintzarik burutu ez zuen Lanbroa komandoko kideak izatea leporatu zieten lauei, 30 urteko zigorra ezarriz. Egun Valladolideko espetxean, 19 urte daramatza preso. Irteera data 2013ko maiatzaren 4rako bazuen ere, 197/2006 doktrina ezarri diote.

 Iniziatibaren hasiera Tafallan izan zen. Bertako Udal Plazan, dozenaka herritar eta eragilek beraien ekarpenak egin zituzten. Berebiziko sinbolismoa du hautu honek, izan ere Tafalla Ines del Rioren jaioterria da eta ezaguna da Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren Areto Nagusiak bere kasua eta 197/2006 doktrinaren inguruko erabaki definitiboa plazaratuko duela hurrengo hilabetetan. Horiek horrela, Herriraren aburuz euskal jendarteak aspaldi eman du bere epaia, 197/2006 doktrina eta euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespeneko neurriekin amaitu beharra dago konponbidera eta bakera hurbilduko gaituzten urratsak eman ahal izateko. Tafallako ekitaldia eta gero, Euskal Herria osoko 80 herri eta hiri zeharkatuko ditu ekimen ibiltariari honek. Herritarrek Epaiari ekarpenak ahal izango dizkiote ekimena euren bizilekuetatik igarotzen denean.