Orrialdeak

Showing posts with label iosu uribetxeberria. Show all posts
Showing posts with label iosu uribetxeberria. Show all posts

Iosu Uribetxebarriak sei kilo galdu ditu eta Ertzaintzaren jokaera salatu du


Bere anaiak igandean salatu zuenez, oso jarrera txarra erakutsi dute azkeneko gauean presoa zaintzen duten 3 poliziek. Mehatxuak, irainak... Familiak salaketa bat jarri du epaitegian.

Bideoa ikusi

420 euskal preso politiko baino gehiagoren ekimenak Iosuren askatasuna eskatzeko

420 preso politiko inguru ekimen ezberdinak burutzen ari dira azken orduetan, gaixotasun larria eta sendaezina duen Iosu Uribetxebarria eta eri dauden gainontzeko 13 euskal preso politikoen egoera salatu eta bere berehalako askatasuna eskatzeko. Algortako preso politikoen gehiengoak gose greba mugagabeari ekin dio, Uribetxebarriaren egoera salatu eta bere berehalako askatasuna exijitzeko. Bestelako protestak burutzen ari dira baita; itxialdiak ziegetan, espetxeko janariari uko, elkarretaratzeak, gutun bidalketa Ministeriora, baraualdi txandakatuak, etab.

Presoak gose greba mugagabean: espetxetako ekimenen mapa

presoak gose greban1

Iosu Uribetxebarria preso gaixoak bizi duen egoera larria dela eta, espetxe gehiagotan borrokaldiak burutzen ari dira.

Ikusi mapa

Iosu askatzeko borrokaldian dira Algortako hainbat preso

Iosu Uribetxebarria preso gaixo larriak bizi duen egoera larria dela eta, frantziar eta espainiar espetxeetan burutzen ari diren borrokaldiak. Urtzi Paul Larrea (Sevilla II) eta Albaro Arri Pascual "Muni" (Castello II) presoez gain, gose greba mugagabean aurkitzen dira Manex Zubiaga Bravo (Picassent), Aimar Hidalgo Lertxundi (Herrera de la Mancha), Jabier Gallaga Ruiz (Cordoba), Arkaitz Goikoetxea Basabe eta Pol Asensio Millan (Villena) algortarrak, aipatu kartzeletako euskal preso politikoekin batera. Frantzia aldean, berriz, Iosu askatu arte itxialdian dira Asier Borrero Toribio eta Nanterreko gainontzeko gatibuak.

Iosu askatu, hamalauak Herrira!

Urtzi eta Muni gose greban, Iosuri elkartasuna adierazteko

Iosu Uribetxebarriak gaur bigarren eguna du gose greban eta euskal preso politikoak hainbat ekimen burutzen ari dira euren elkartasuna adierazteko, Etxeratek jakinarazi duenez. Zenbait espetxe gose grebak burutzen ari dira. Horien artean, Villefranche sur Sâone, Sevilla II eta Castello II espetxeetako hogeita zortzi euskal preso politiko jada gose greba mugagabean daude, senideen elkarteak zehaztu duenez. Besteak beste, Urtzi Paul Larrea eta Albaro Arri Pascual "Muni" daude Sevilla II eta Castello II espetxeetan, hurrenez hurren. Bestalde, gaur Portu Zaharreko jaien hasierarekin batera, 17:45ean enkartelada egingo du Algortako Herrira bilguneak, Kasino plazan.

Iosu askatu, hamalauak Herrira!

Iosu Uribetxebarriak gose grebari ekin dio

Euskal jendarteari zuzendutako gutun baten bitartez, larri gaixo dagoen preso arrasatearrak bere muturreko egoera salatzeko gose grebari ekin dio. Bihar, goizeko 11:00tan Donostia Ospitalean bere askatasuna eskatzeko egingo den elkarretaratzean parte hartzeko gonbitea luzatzen diogu hiritargo osoari. Eskutitza bertan eskuragarri.

Euskal Herriko gizarteari Iosu Uribetxebarria Bolinaga Euskal Preso Politikoaren partetik

2012ko abuztuaren 8a

Ohar honen bidez atzo gertatu zena eta ondorioz nik hartutako erabakiaren berri eman nahi dizuet. 

 Atzoko eguna berezi xamarra izan zen proba bat egin behar nindutelako. Niretzat garrantzia handikoa zen ondo gainditzea aurrera egin eta hurrengoko proban murgilduta egoteko. 

Esan behar da hasiera poliziaren tratua orokorrean etzela okerra izan, hori bai, batzuekin hobeto beste batzuekin baino. Nik senideekin egotea nahi nuen eta arazoak ekiditeko, ez nien garrantzirik eman batzuen itxikeriei. Baina gauzak okertzen joan dira poliki-poliki. 

Ordurarte senide eta lagunek binaka sartzea zuten nirekin egoteko. Atzo banan-banan sartu behar zirela esan ziguten.”Nosotros somos los que dictamos las normas”. Lagun batzuek zalantzak zituzten zerrenda zein izango ote zen. Poliziari zerrenda erakusteko eskatu eta polizia ukatu egin zen. Nire asmoa, gaur TAC-a eta puntzoia egitea zen eta egoera hori konpontzen saiatzea zen nola edo hala. 

Denborarik ez. Gauean ohera sartzerakoan indarrak berreskuratzeko, betiko bezala leihoa zabaldu nuen gela aireatzeko ta freskatzeko.(Barroteak ditut leihoan) Ordura arte arazorik gabe egindakoa arazo bihurtu zen, Polizia batek leihoa itxita egon behar zuela agindu zuen. Saiatu nintzen azaltzen barroteak zeudela eta abar, baina alperrik .”usted no me va a decir a mi lo que tengo que hacer, la seguridad la llevo yo”-ren moduko zerbait esan zidan. 

Horrela izan da ere, berriz saiatu nitzen gauzak bideratzen, baina alperrik. Argumentu falta ta, que no le amenace y que no le levante la mano” esan zidan inongo mehatxurik egon ez denean eta eskuarekin leihoa seinalatzeko keinua egin nuenean soilik. Horrelako jarrera itxiaren aurrean, gelan daukadan txirrinara erabiliz erizaina deitu nuen, bertara etorri eta gertatutakoa azaltzeko. Berak ezin bazuen konpondu ere, arduradunari edo sendagileari esateko ea biderik bazegoen hau konpontzeko. 

Ikuskatzailea etorri zen, baina ezer gutxi egin ahal izan zuen. Berak ulertzen nauela, baina bere konpetentzia ez dela. Azken gertaera honen ondoren eta nire egoera orokorra ikusita, esan nion ez nuela proba egingo (TAC eta puntzoia) eta gose greban hasten nintzela, nahiz eta jakin nire egoeran egonda ez dudala egun asko iraungo. Ez dut ezer berezirik eskatzen, tratu justu bat soilik nire egoera kontutan hartuta. Egoera honetan nagoela, nola onartuko dut tratu izugarriak nire senideekiko, ez da posible! 

Beraz gaur, abuztuaren 8ª, 00:00 orduetatik, gose greban jartzen naiz, alde batetik hemen azaltzen dudanagatik eta garrantzitsuena nire ustez, gobernu espainolak luzatzen dabilelako egoera onartezin hau krudelkeria eta gorrotoa muturreraino eramanez. Hamalau gaixo larri kartzelan mantentzea hiltzeko korredore kartzelarioan onartezina da. Gaixo larriak etxera! 

Azpimarratzea nahi dut ospitaleko sendagileen aldetik, erizainen aldetik, erizaintzako laguntzaileen aldetik eta oro har langileen aldetik, laguntza eta animoak jaso ditudala une oro. Alde horretatik primeran. Agian ospitaleko zuzendaritzatik inplikazio gehiago espero nezakeen, sortutako arazoen aurrean. 

Bukatzeko jaun-andreak, neska-mutilak, eutsi bide honi, eguneroko minimoak betetzen (bakoitzak bere ale ondarra jarriz) gatazka hau behingoz konpontzeko. Errespetuz eta tolerantziaz gero eta lagun gehiago izanez, konponbidea gelditu ezina bilakatuko da berdintasuna eta elkartasuna. 

GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA! 
GORA EUSKAL LANGILERIA! 
AURRERA BOLIE!!! 

IZUGARRI MAITE ZAITUZTET, “A RABIAR”! 
Mila esker zuen eskuzabaltasunagatik. 
Ikusi arte lagunak!!!

Iosu Uribetxeberria: "Krudelkeria muturreraino eramanez gauzak okertu baizik ez dira egiten"

Iturria: Gara
 
Iosu Uribetxeberria
Euskal preso politikoa

Leongo espetxean zegoela minbizia antzeman zioten. Duela zazpi urte beste bat izan zuen. Oraingoan ordea, pronostikoa ezin larriagoa izan da, preso politiko arrasatearrak gaitza zabaldua baitu. Euskal Herriratzea lortu da, baina Gobernu espainolak oraindik preso mantentzen du Donostiako Ospitalean. Handik erantzun dio GARAk idatziz helarazitako galdeketari.


Aurrean zer duen ondotxo daki, baina duintasunez darama egoera, Madrilek duintasun bera noiz erakutsiko duen zain.

Ezer baino lehenago, nola zaude fisikoki? ze eboluzio izan du zure eritasunak bi asteotan?

Beti izan naiz indartsua psikologikoki eta horrek laguntzen du fisikoki horrelako gauzak ondo eramaten. Gehiago, Euskal Herriko babesa nire alde dudanean. Harro sentitzen naiz horrelako herria atzean dudanean eta bere oinarriak berdintasuna eta elkartasuna direnean.

Gaitzaren bilakaera oso larria dela jakinaren gainean nago. Kirola normaltasunez egitetik, oinez ibiltzerik ez izateraino. Baina ni gertu nago edozeri aurre egiteko eta prest nire jendearekin eta ingurukoekin gozatzeko, lau egun badira ere.

Eta animoz? Horrelako diagnostikoaren aurrean, zeri eusten zaio?
Une guztietan jasotzen ditudan animoekin, baditut animoak oparitzeko ere. Nire oroitzapenetara heltzen naiz, bizitza oso betea izan dudalako. Zorte handia izan dut Euskal Herrian jaiotzea. Diagnostiko honen aurrean nire senide eta lagunen babesa bilatzen dut, baita egunerokotasunaz gozatzea ere. Gauza txikiak baina urrea balio dutenak: oinez ibili, ariketak egin, idatzi ... Jatea ere gozamen ederra da.

Leongo sendagileek onartu zuten gaitzak bilakaera azkarra izan dezakeela. Zure anaia Jabik esan zuen ez duzula erietxetik espetxera eta espetxetik erietxera ibili nahi. Zein izango da zure jarrera Gobernuak kaleratzen ez bazaitu?

Ni urratsez urrats noa. Sendagileen eskuetan jarri naiz konfiantza osoarekin. Jabik oso ondo azaldu zuen; tratu justu eta duina bakarrik eskatzen dut, legeak jasotzen duena, nahiz eta euren interesen arabera aplikatu. Ni ez naiz joko horretan sartuko.

Medikuak agindutako azterketak egingo ditut. Hori bai, arrisku handiko (hiltzea edo paraplejiko gelditzea) probak egin nahi badizkidate, ez dut uste asko eskatzea denik lehenengo zaintzapeko askatasunean jartzea. Sendagileek finkatutako egunetan joango nintzateke ospitalera. Askatasuna ukatzen badidate, erabaki gogorra izango da niretzat, baina ez dago atzera egiterik. Gelditzen zaidan bide bakarra gose-greban jartzea izango litzateke eta nire egoeran egonda, ez dut uste asko luzatuko litzatekeenik. Gorrotoa horrenbesteraino heltzen bada, duintasunez hiltzea izango da nire asmoa.

Euskal Herrira itzultzea urrats txikia izan al da?

Urrats txikia eta poza izugarria.

Nola igarotzen dira egunak gelan? Zer egiten duzu? Zertan pentsatzen duzu?

Egunak ondo betetzen ditut beti bete izan dudan gauzekin, nahiz eta lekua txikiagoa izan. Beti daude murrizketak, baina ez ditut alde batera uzten nire osasunerako onak diren gauzak.

Eta bizitzako oroitzapenak ditut beti nirekin. Hori ezin didate kendu!

Atzera begiratuz, espetxean jasandako tratuari egozten al diozu gaitza? Zein izan dira bizi-baldintzak espetxean?

Errua zeinena den bilatzen hasteak ez du merezi. Egia da kartzelako baldintzak ez direla egokienak gaitzak sendatzeko, are gutxiago gurekin duten jarrerekin. Beti nola izorratu, dispertsioa, 176/2006 doktrina, gaixo larriak preso mantentzea... Aurretik esan dudan bezala baldintzak gogorrak dira, baina ni burugogorra naiz eta jai dute nirekin. Orain ikusi beharra dago eta neurrian egotea espero dut.

Nola bizi izan dituzu zazpi urte hauek? Berriz gaixotuko zinen beldur izan al zara?

Beti egin ditudan gauzak egiten. Gustukoak gehiago, noski. Nire buruan egon da gaitza berriz agertzea, baina diziplina dut eta kirolaria naiz; beraz, nire lehentasuna denbora ahalik eta hobetoen igarotzea zen, osasuna zainduz arlo guztietan, noski.

Zer izan zen zuretzat 2009an Langraiztik Leonera eramana izatea?

Gustuko gauza bat ez, noski. Nire senide eta lagunentzat, kaltea eta niretzat, beste lagun batzuk ezagutzea.

Nola iristen zaizu kaleko elkartasuna? Zer sentsazio eragiten dizu?

Egun guztietan ditut egunkariak, telebistan ere agertzen naiz, bisitatzera datozenak ere kontatzen didate eta denon goraintziak eta ondo izateak jasotzen ditut. Betea sentitzen naiz alde horretatik, maitatua. Mila esker, lagunak!

Komunikabide batzuek gehiago nabarmendu dute zu kondenatua izatera eraman zintuzten zioak, egun duzun egoeraren larritasuna baino. Zure ustez, horrek Gobernu espainolari legea aplikatzeko eta zu aske uzteko zailtasuna eransten al dio?

Gauzak ez dira nahastu behar. Euren legeen arabera, ni kartzelan nago. Orain gaixo larria naiz eta euren legeen arabera eskubidea dut baldintzapeko askatasunean kaleratua izateko. Ez dut uste asko eskatzea denik. Nire denbora badoa, duintasunez igarotzea besterik ez dut nahi.

Zure kasuaren dramatismoa gaixo dauden beste hamahiru presoen egoerari begira inflexio-puntua izatea espero duzu edo Gobernua espainolak berdin jarraituko duela uste duzu?

Itxaropena ez da galtzen, denborak esango du. Gauza da egunero-egunero Gobernu espainola bere gorrotoa erakusten dabilela eta krudelkeria muturreraino eramateko prest dagoela. Horrekin gauzak ez dira konponduko, okertu baizik. Hori nahi dute, sufrimendu gehiago? Hori ez da, ez, bide zuzena.

Espero dut nire kasua azkena izatea eta ni bezala gaixorik dauden gainontzeko euskal preso politikoek askatasuna lortzea bizitzeko aukera izateko.

1997an espetxean sartu zinenetik zapuztutako bi prozesu eta oraingo agertoki erabat berria ezagutu dituzu. Zein dira gaur egun zure itxaropenak? Helburuak lortuko direla uste duzu?

Ezker abertzalean sinisten dut. Bera baitabil alde bakarreko urratsak egiten bide onean, beste aldekoei itxaron gabe. Aurreko saiakeretan ez bezala, gurako genuke bide honetan etortzen baldin badira, baina... Hor beste aldekoek garbi erakutsi ziguten euren interesen arabera mugituko direla bakarrik.

Gurako nuke aipatu hasiera batean zalantza batzuk nituela EAko zuzendaritzarekin, jaso behar zuten presioari aurre egiteko gai izango ziren onetik. EAJ-PNVren zuzendaritzaz ez dut ezer sinisten, baina bai bere oinarrizko jendeaz. Beti bizi izan garelako elkarrekin, baita gaur egun eguneroko gauzez, baita gure desberdintasunekin ere. Baina gozatzen dugu gure hizkuntzarekin, gure kirolariekin eta gure artean kirola egiten ere bai. Baita lanean ere, oporretan, poteoan eta hainbeste gauzatan.

Jarraitu dezagun herri bat izaten, herri euskalduna euskaldunak garelako, bakoitza bere ideiekin, baina errespetuz eta tolerantziaz. Inor baztertu gabe, baina gure eskubideak pertsona eta herri bezala sendo defendatuz hitz eginez edozein tokitan.

Bakoitzak bere ale hondarra jarriz, baina denok batera. Helburuak hor daude, gure eskuetan dago lortzea egunero lana eginez bide horretan. Jaun-andreok, neska-mutilak, hau da bidea, segi jorratzen eta eutsi. AURRERA BOLIE!!!

Zu aske uztearen aurka dagoen ETAren biktima bat aurrean izango bazenu, zerbait esan nahiko al zenioke?

Zer esan dezaket... elkar ez ulertzeak ez duela laguntzen. Hori ez dela bidea. Baina bai, hitz egiteak laguntzen duela esango nieke ETAren biktimei; bidea ez ixteko, badaudela minimo batzuk ados egoteko modukoak direnak eta hortik hasi behar dugula, gero eta bide sendoagoa egiteko.

Bakoitzak bere ideiekin baina errespetuz eta tolerantziaz, elkar bizitza bat lortu arte gutxienez.

Herrirak salatu du Espainia "neurri gabeko ankerkeria" erakusten ari dela Uribetxeberriarekin

Iturria: Berria.info

"Espainiako Gobernua neurriz gain erakusten ari da ankerkeria eta giza duintasunarekiko mespretxua. Iosu Uribetxeberria hilurren dago, azken fasean sartzen ari da haren minbizia, eta preso edukitzea sekulako zentzugabekeria da". Hala salatu du Herrira mugimenduak gaur Donostian, Jon Garai eledunaren bitartez, eta hura askatzeko exijitu du.

Herenegundik Donostia erietxean dago Uribetxeberria euskal presoa, minbizia daukala eta. Leongo kartzelatik (Espainia) ekarri zuten, eta Donostiako ospitaletik Zaballakora (Araba) eramango lukete gero.

"2005ean minbizia diagnostikatu zioten, eta giltzurruna kendu. Handik bi urtera, gaixotasun larriarengatik behin-behineko askatasuna ukatuta, heriotzara kondenatu zuten", esan du Garaik. "Orain heriotza umiliagarri batera kondenatzen ari dira, polizia eta burdin-sare artean hiltzera, ahaideak ondoan izan gabe, ospitaletik kartzelara eta kartzelatik ospitalera, bere azken egunera arte zapaldurik".

Herrirak gaur goizean jendaurreko bilkura bat egin du ospirale atarian, presoaren askatasuna aldarrikatzeko. Gaixotasun larriak dituzten hamalau euskal presoen egoera salatzeko hamalau aulki huts izan dira. Mugimenduko kideekin batera, Uribetxeberria herrikideak —Arrasatekoa da— eta senideak izan dira.

Presoa aske uzteko eskatu dio haren abokatu Ainhoa Bagliettok Espainiako Auzitegi Nazionalari. Espetxeetako Zaintza epaileari egin dio eskaera; batetik, "gaixotasun larria eta sendaezina" izateagatik behin-behineko askatasuna emateko galdegin dio eta, bestetik, espetxe zigorra bertan behera uzteko.

Bihar 17:30ean Arrasaten manifestazio nazionala izango da, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko eskatzeko.

Jose Antonio Ortega Lararen bahiketan parte hartu izana egotzita dago preso Uribetxeberria. 1998an 32 urteko espetxe zigorra jarri zion Auzitegi Nazionalak.

Uribetxeberria libre uzteko eskatu dio defentsak Auzitegi Nazionalari

Argazkia: © Mondraberri
Iturria: Berria.info

Iosu Uribetxeberria euskal presoa aske uzteko eskatu dio haren abokatu Ainhoa Bagliettok Espainiako Auzitegi Nazionalari, hark minbizia duela eta. Espetxeetako Zaintza epaileari egin dio eskaera; batetik, "gaixotasun larria eta sendaezina" izateagatik behin-behineko askatasuna emateko galdegin dio eta, bestetik, espetxe zigorra bertan behera uzteko.

Atzotik Donostia erietxean daukate Uribetxeberria, Leongo kartzelatik (Espainia) ekarrita. Donostiako ospitaletik Zaballakora (Araba) eramango lukete.

Herrira mugimenduak bihar 11.00etan jendaurreko agerraldi bat egingo du erietxe atarian, presoaren askatasuna aldarrikatzeko. Gaixotasun larriak dituzten hamalau euskal presoen egoera salatzeko hamalau aulki huts izango dira.

Etzi 15:30ean Arrasaten manifestazio nazionala izango da, eta EH Bilduk jakinarazi du atxikimendua eman diola martxari.