Orrialdeak

Showing posts with label iosu urebetxebarria. Show all posts
Showing posts with label iosu urebetxebarria. Show all posts

Eskualdean ere izango dira baraualdiak

Iosu Uribetxebarria preso gaixo larriaren egoera salatzeko asmoz, Uribe Kosta eskualdean ere izango dira baraualdiak, larunbateko 13:00etatik, igandeko 19:00etara. Besteak beste, Sopelan, udaletxe aurrean jarri dute hitzordua; Leioan, Udondoko Bulebarrean; eta Urdulizen, Antsonekoa plazan.

Iosu askatu!
Hamalauak herrira orain!

Auzitegiko medikuen arabera, Uribetxebarria espetxean artatu dezakete

Argazkian, Iosu Uribetxeberria, nabarmen argalduta asteartean hartutako argazki honetan.

Iturria: Berria.info

Auzitegi Nazionaleko auzi medikuen txostenaren arabera, Zaballako espetxeko osasun zerbitzuetan artatu dezakete Josu Uribetxeberria preso gaixoa, eta, beraz, ez du zergatik ospitalean egon, Donostiako Ospitalearen eta Leongo Ospitalearen (Espainia) txostenek diotenaz bestera.

Iragan ostiralean, ospitaleko diagnostikoa jaso berritan, Espetxeetako Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak Uribetxebarriari hirugarren gradua eman zion, presoaren gaixotasun larri eta sendaezinak haren bizitza arriskuan jartzen duela ulertuta. Hain zuzen, Donostiako Ospitaleko txostenak Uribetxebarriaren egoera "atzera buletarik gabekoa" dela adierazten du. Expetxeetako Mediku Batzordeak adierazi zuen "espetxeetako erietxeak ez direla lehen mailako arreta zerbitzuak". Jorge Fernandez Diez Espainiako Gobernuako Barne Ministroak ere berriki berretsi du Uribetxebarriaren gaixotasunak ospitalean egotea eskatzen duela.

 Hirugarren graduak hainbat neurri jasotzen ditu espetxealdia arintzeko, eta baldintzapean aske uzteko lehen urratsa zen. Hurrengoa, Auzitegi Nazionalaren erabakia. Fiskaltzak eskuetan ditu jada auziari buruz bere iritzia emateko eskatu dituen txosten guztiak eta aurki igorriko dizkio Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileari. Berea da azkeneko hitza, baldintzapean aske uztea edo ez.

Erradioterapia jasotzeko zain dago presoa

Bitartean, Uribetxebarriak preso jarraitzen du, eta Etxerat elkarteak gogoratu du "muturreko egoeran" aurkitzen dela presoa. Bi asteko gose grebaren ondoren, Uribetxebarria tratamendua jasotzeko prestatzen ari dela jakinarazi du Etxerat-ek. Hain zuzen, astelehenean proba batzuk egingo dizkiote ospitalean, gero burezurreko erradioterapia saioak hasi ahal izateko, buruan duen metastasi anizkoitza tratatzeko. Uztailean atzeman zizkiotenetik, nabarmen hazi zaizkio buruko noduluak. Gainera, birikan ere nodulu gaiztoa du presoak, dagoeneko 18,5 milimetroko diametroa duena.

Etxerat-ek gogoratu du, Uribetxebarriaren kasuan, bestelako hainbat datu ere izan behar direla kontuan: batetik, bi asteko gose grebaren ondoren, defentsek behera egiten dute, eta horrek gaitza areagotu dezake; are gehiago giltzurrun bakarra duela jakinik —2005en diagnostikatu zioten minbizia lehenengoz, eta giltzurrun bat kendu zioten orduan—. Bestetik, Uribetxebarriak espetxe erregimena jarraitu behar du. Gainera, 56 urte ditu, eta azken hamabostak espetxean igaro ditu. Espetxeen egoteak sortzen duen estresa kaltegarria da medikuen arabera. Gauzak hala, "muturreko egoeran" dela eta kalean egon behar lukeela aldarrikatu du Etxerat-ek, "dagokion tratamendua zorrotz jasotzeko".

Bere askatasuna eta osasunaren alde lanean jarraitzeko, Iosu Uribetxebarriak gose greba utzi du

Argazkian, Iosu Uribetxeberria, nabarmen argalduta asteartean hartutako argazki honetan.

Bere osasuna eta askatasunaren alde Iosu Uribetxebarriak bertan behera utzi du gaur 15 egunez burutu duen gose greba. Erabakia erabat pertsonala izan da eta oinarri bakarra izan du, bere osasun egoeraren kaltetze nabarmena eta larritasun extremoa. Egoera ikusita, Iosu Uribetxebarriak bere askatasuna eta osasunaren alde borrokatzen eta lanean jarraituko duela transmititu du, nahiz eta bere gaixotasunak minuturo bere aurka egiten duen.

Gaur goizean bertan jakin izan dugun berria da hau eta Herrirak honakoa adierazi nahi du: Iosu Uribetxebarriak hartutako erabakiari errespetu osoa adierazten diogu eta gure partetik, Uribetxebarria askatu bitartean -legez eta eskubidez hala behar duelako- mobilizizazioak eta ekimenak burutzen jarraituko dugu. Bihar bertan, Donostia Ospitalera joan eta baraualdi masiboa egiteko deialdia luzatu diogu Iosu Uribetxebarria eta gaixo dauden gainontzeko 13 euskal preso politikoen askatasunaren alde, pertsona guztien giza eskubideen errespetuaren alde eta bakea eta konponbidearen alde dauden hiritar guztiei.

Eskerrik asko

Herrira

Auzitegi Nazionaleko epaileak Uribetxebarriari hirugarren gradua aplikatzea galdegin dio Espetxe Zuzendaritzari

Argazkian, Iosu eta gaixo dauden gainontzeko 13 presoen askatasuna eskatzeko gaubeila egiten ari dira Donostiako Artzai Onean.

Iturria: Berria.info

Josu Uribetxebarriaren diagnostikoa ezagutu berritan, Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak preso gaixoari hirugarren gradua aplikatu eta baldintzapean aske uzteko aukera aztertzeko eskatu dio Espetxeetako Zuzendaritzari. Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzako epailea ordezkatuz egin du eskaria Pedrazek. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, berriz, presoak espetxeko ospitalean "tratamendu egokia" jaso dezakeen argitzeko txostena eskatu dio auzitegiko medikuari.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak adierazi du bihar arratsaldean hartuko duela Auzitegi Nazionalak Uribetxebarriaren inguruko erabakia, alegia, hirugarren gradua aplikatuko zaion edo ez. Fernandez Diazen esanetan, gose greba hasi duten presoek eta ezker abertzaleak ez dutela inolako "errukirik" azaldu Ortega Lararen senideekiko, eta ekintza horiek ez dute epailearen erabakian eraginik izango. Barne ministroaren arabera, bihar goizean espetxeko mediku batzordeak idatzizko proposamena egitea aztertuko du. Presoaren gaixotasun larri eta sendaezinak haren bizitza arriskuan jartzen duela ulertzen badute, Espainiako Estatuko Espetxe Zuzendaritzak onartu beharko du baldintzapeko askatasuna emateko eskaria. Azkeneko erabakia, Espainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzako epaileak du.

 Gaur Donostiako Ospitaleak ohar bidez jakinarazi du Uribetxebarriaren osasun egoerak ez duela bueltarik. Senideei eta Espetxe Zuzendaritzari preso gaixoaren egoeraren berri eman zaiela azaldu du. Orain bitarte egindako proben emaitzek Uribetxebarriaren minbizia txarra dela baieztatu dute medikuen esanetan, eta gaixotasuna sendaezina dela.

Herrira mugimenduak atzo aurreratu zuen presoaren egoera "ezin larriagoa" dela, eta etzi eguerdirako manifestazio nazionala antolatu du Bilbon, "Giza Eskubide guztiak. Euskal Presoak Euskal Herrira" lelopean. Euskalduna jauregitik abiatuko da manifestazioa, 12:30ean. Uribetxeberriaz gain, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten gainontzeko hamahiru presoak ere bereziki gogoan izango dituzte. Zortzi kilo galdu ditu jada arrasatearrak, Herrira-ren arabera, eta "oso ahul" dago. Ospitaleak gaurko oharrean dio presoaren egoera egonkorra dela. Terrorismoaren biktimen elkarteak manifestazioa debekatzeko eskatu dio Auzitegi Nazionalari.

Uribetxebarria presoak bederatzigarren eguna du gaur gose greban. Presoak iragan asteko astearte gauerdian hasi zuen baraualdia ospitaleko ziegan, jasaten ari den "muturreko egoera" salatzeko. Uribetxebarriak minbizia du, metastasiarekin.

Indarra hartuz doa presoa aske uzteko deiadarra

Egunotan alderdi politiko eta gizarte eragileek egindako askatasun adierazpenei beste hainbeste batu zaizkie gaur. Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaia Donostiako Ospitalean izan da, Herrira-ren eguneroko elkarretaratzean. Mintegik esan du Uribetxebarriaren egoerak muga jo duela eta aske uzteko erabakia ezin dela egun barkar bat gehiago atzeratu. Preso gaixo guztien askatasuna galdegin du Mintegik.

Erabakia gehiago atzeratu gabe presoa aske uzteko eskatu du Odon Elorza PSE-EEko diputatuak ere. Gaspar Llamazares IUko diputatuak eskari bera egin du, "justiziaz eta gizatasunez" hala izan behar duelako.
Etxerat-ek emandako azken datuen arabera, 541 preso politiko inguru borrokaldian dira 64 espetxetan, preso gaixoaren "berehalako" askatasuna eskatzeko. Euskal preso gehienek gose greba mugagabeari ekin diote, eta gainontzekoak bestelako borrokak ari dira egiten: ziegetan itxialdiak, espetxeko janariari uko egitea, elkarretaratzeak, propaganda banatzea, Barne Ministeriora eta Espetxe Zuzendaritzara gutunak bidaltzea, txandaka baraualdiak egitea eta abar.

Iosu Uribetxebarriaren eskertza eta eskaera euskal jendarteari

Gaur eguerdian bere abokatuarekin egon ondoren, jadanik 9 egun gose greban eman dituen Iosu Uribetxebarriak eskertza mezua eta lasaitasunerako deia helarazi dio euskal jendarteari. Hona hemen Naiz.info atariak zabaldutako bere hitzak: “Nire osasunaren alde borrokatzen eta borrokatzen ari naiz, duintasuna eskatzen dut, ez besterik. Azken egunetan, nire askatasunaren hainbat ekimen egiten ari direla badakit eta hortan ari jendeari nire animoa eta eskerrak eman dizkiet, kriston indarra ematen didate. Hori bai, eskaera argi bat egin nahi diot jende guztiari, mesedez ni hemendik era batetara edo bestera aterata, ez egin inolako zoramenik. Inon. Egun Euskal Herrian dugun egoera, azken hilabetetan emandakoa pausuak oso ondo ikusten ditut, oso positiboak izan dira. Egoera politikoa eta prozesuarekin baikor nago, oso ondo goaz. Animo, eskerrak eta besarkada handi bat jende guztiari, Aurrera Bolie!”.

Iosu Uribetxebarria egoera ezin larriagoan dago

Iosu Uribetxebarriaren egoera limitea dela-eta, Herrirak urgentziazko deialdia egin du datorren larunbatean Bilbora joateko. Urgentziazko deialdi orokorra da eta berau zabaltzeko eskaera luzatzen dizuegu. Hitzordua 12:30ean izango da Euskalduna Jauregian. Iosu eta gaixo dauden gainontzeko 13 euskal presoen askatasunaren alde, espetxe politika krudel eta ez gizatiar honen amaiera bultzatzeko, pertsona guztien giza eskubideak sustatuak izan daitezen, konponbidea eta bakea nahi dugulako, larunbatean denok zaudete gonbidatuta. Abuztuak 18, goazen Bilbora!

Herrirak senideen bidez jakin ahal izan duenez, Iosu Uribetxebarriaren egoera ezin larriagoa da. Herrirak lortutako informazioen arabera, txosten medikuaren ardatza izango diren frogen emaitzak Iosuren minbizia txarra da eta bere bizitzarekin amaituko du. 

Iosu gero eta okerrago da, zortzi kilo galdu ditu jada eta oso ahul dago. Minutuak igaro ahala, bere egoera gero eta zailagoa da. Jakinik bere gaixotasuna eta destinua atzeraezina dela, Iosuk bere askatasuna eskatzen du eta hori da gose greban jarraitzearen arrazoia. 

Ez dago aitzakiarik, Iosu Uribetxebarria espetxean mantentzeak ez du inolako justifikaziorik. Iosu Uribetxebarria hiltzen ari da. Egoera krudel honekin amaitu, legedia aplikatu eta mendekua baztertzea ezinbestekoa da. 

 Gero eta gehiago dira Herrirak deitutako mobilizazioetara biltzen ari diren pertsonak. Iosu eta gaixo dauden beste 13 euskal preso politikoen askatasuna eskatzeko jendartearen inplikazioa ezinbestekoa izango da. Giza eskubideen alde, konponbidea eta bakearen alde. Iosuren egoera berriro gerta ez dadin.

Horiek horrela, Iosu Uribetxebarria eta gaixo dauden gainontzeko 13 euskal preso politikoen askatasunaren alde, espetxe politika anker honen aldaketaren alde, pertsona guztien giza eskubideen errespetuaren alde, konponbidea bakearen alde dauden hiritar oro datorren larunbatean Bilbon egingo dugun urgentziako mobilizazio orokorrean parte hartzera deitzen ditugu. Bihar, deialdiaren inguruko xehetasun gehiago jakinaraziko dizkizuegu.