Orrialdeak

Showing posts with label iheslariak. Show all posts
Showing posts with label iheslariak. Show all posts

Iheslarien kolektiboak Euskal Herriari

Argazkian, iheslarien kolektiboaren agerraldia gaur, Azkainen / Gaizka Iroz.

Munduan barreiaturik eta egoera ezberdinetan bizi garen Iheslari Politikoen Kolektiboko kideak konpromiso irmoa erakutsi nahi du Euskal Herrian hasitako aro berriarekin eta horretan bideratu beharreko gatazkaren konponbidearekin. Bi dira erronkak: nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea ekarriko dituen prozesu politikoan barrena egitea, alde batetik, eta gatazkaren ondorio gordinenak behin betiko gainditzea, beste batetik. Bai batean bai bestean, herri protagonismoa gako dugu. Eta iheslariok ere bi betebehar horiei ekarpena egiteko gogoarekin gatoz. Euskal herritar gisa prozesu politikoan parte hartzeko gogoarekin, eta erbestea behin betiko desager dadin bidea egiteko asmo sendoarekin.

Aukera politiko galantak sortu dira gure herrian. Itxaropenaz begiratzen diogu etorkizunari, baita etorkizun hurbilari ere. Eztabaida politikoa zabalzabalik dago euskal lurralde osoan.

Inposizioa eta asimilazioa oinarri duen Estatu espainoleko proiektu politikoak porrot egin du gurean. Antzuak ziren eta agortuak dira Moncloako Estatutuaren eta Nafarroako Foru Hobekuntzaren bitartez eraikitako egitura juridikopolitikoak. Egun ez da soilik Ezker Abertzalea ondorio horretara iritsi dena.

Zer esanik ez Ipar Euskal Herriaren aitortza ezari dagokionez. Inoiz baino indartsuagoa eta partekatuagoa da berezko erakundetzearen aldarria, adostasuna oso zabala baita eragile politiko eta sozialen artean, herri gogoaren isla.

Garaipen politiko oso garrantzitsua da euskal askapen prozesua honaino ekarri izana. Inposizioari ezetz esan genion guztion lorpena. Eskubideen gainean oinarritutako geroa eraiki nahi dugunon lanaren ondorio zuzena.

Zoritxarrez, estatuak ez dira gai gatazka historiko honi modu egokian eta demokratikoan aterabidea emateko. Indarkeria erabiltzen dute, egiturazko indarkeria Euskal Herriari kanpo injerentziarik gabe bere buruaz erabakitzea galarazten diotelako, eta baita indarkeria sistematikoa ere, bere proiektua inposatzeko errepresioa erabiltzen dutelako. Garai berria bizi izanagatik, zigor eta mendeku makinaria bere horretan mantentzen dute, kartzeletako egoerak eta atxiloketek azaltzen dutenez.

Valls ministroaren azken adierazpenak ditugu horren guztiaren erakusle garbia. Ipar Euskal Herriari gutxieneko aitortza ere ukatu dio, euskal presoen eta beraien senideen kontrako sakabanaketa politika defendatu du eta bide polizialari gorazarre egin dio. Euskal Herrian Lapurdin. Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berezikisekulako babesa duen Aieteko Adierazpenaren beste muturrean kokatu du bere burua. Euskal herritarren adostasun oso handia duten aldarriei mespretxu egin die. Eta mespretxuak goia jo du Aurore Martinen atxiloketa eta kanporatzearekin.

Erantzuna izango dute, bai Vallsek baita konponbideen kontrako agenda maneiatzen duten botere gune guztiek ere. Azaroaren 10ean Baionan, “Hurbildu bakera” lelopean, burutuko den manifestazioa dugu lehen hitzordu garrantzitsua. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak deialdi horrekin bat egin, eta euskal herritar oro partehartzera animatu nahi du, estatuen blokearen kontrako antidotoa herri mobilizazioa eta inplikazioa baitira, estatuak bere gotorlekutik ateratzeko edo, tematuta segitzen badute, aldebakartasunetik prozesu politikoan aurrera egiteko.

Giharra badela ikusi dugu azken boladan eremu ezberdinetan, baita azken hauteskunde ziklo honetan ere. Prozesuari independentziarantz irismen estrategikoa emateko indar metaketa gauzatzen ari da.

Izan berri ditugun Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeak, gainera, hamar urteko ilegalizazioaren aroari, oraindik mehatxupean bada ere, amaiera ematea lortu da, Ezker Abertzalearen lanari esker. Horrek ez du esan nahi, bakarren batzuek esan duten moduan, hauteskunde horiek “normalizazio” osoko egoera batean egin direnik, ezta gutxiagorik ere. Hala balitz, gu ez ginateke gaur hemen.

Euskal errepresaliatuen egoera aldatzea ez dio soilik pertsona batzuen egoera bidegabe bati erantzun behar. Prozesu demokratiko osoaren behar bezalako garapenari ere mesede egingo liokeeta. Horregatik, hain zuzen, bakearen kontrako indarrek atxikitzen dute gogor ziegetako giltza; konponbide justu eta demokratiko baten beldur direlako, Ezker Abertzaleak abiarazitako apustu politikoa, gatazkaren ondorioei aterabidea oztopatuz, hortxe ito nahi dute.

Ez dugu inongo blokeorik ontzat emango. Ez gara horretara ohituko. Gure egoera ez ezik, gure herriaren geroa ere baitago jokoan. Zapalketak sortutako gatazkaren ondorio gara, eta jakin badakigu gatazkari konponbide justua emateak bermatuko duela haren ondorioak erabat gainditzea. Halere, horrek ez du esan nahi konponbide ososoa iritsi bitartean ekimenik egingo ez dugunik.

Blokeoa ez egonkortzeko eta sortutako baldintzak askatzeko lanean murgildu behar dugu denok, baita iheslariok ere. Prozesu demokratikoaren baitan, gatazkaren ondorioak gainditze aldera, urrats are ausartagoak egiteko prest gaude, estatuekin adostuta, Aieteko Adierazpeneko bigarren puntuan nazioarteko pertsona ospetsuek zehaztu moduan, edo aldebakartasunetik. Betiere, herriaren hauspoak eramango gaituelako sorterrira. 

Etxeko bidea hartua dugu, kolektiboan errealitate arras ezberdinak ditugun arren. Urrun ditugunak edo babesa behar dutenak ditugu lehenlehenik gogoan. Duintasunez bizitzea dugu gutxieneko oinarria denontzat, iheslari garen bitartean eta iheslari izateari utziko diogunean ere.

Bagoaz, gainerako euskal herritarrekin batera, bizitzera, aske izatera, irabaztera.

Gora Euskal Herria askatuta
Gora Euskal Herri sozialista

Azkainen, 2012ko azaroaren 3an

Herrirak Marea Urdina deitu du Aste Nagusiko ostiralerako




Errepresaliatu politikoen aldeko kalejira erraldoia izango da 12:30ean plaza Eliptikotik Areatzara. Ondoren, 1.200 lagunentzako “Konpromiso bazkaria” antolatuko dute.

Herrirak agerraldia egin zuen ostiral arratsaldean Bilboko Itsasadarrean behera ibili zen Txinbito ontzian Aste Nagusian egingo dituen ekimenen berri emateko. Euskal presoen eskubideen defentsarako mugimenduarekin batera hainbat konpartsetako kideak, txupinera eta pregoilari ohiak eta kultura eta kirolaren munduko zenbait lagun izan ziren agerraldian.

Josean Fernandez eta Tamara Martin Herrirako kideek adierazi zutenez, “Aste Nagusian euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen defentsan jendarteko esparru guztietan indarrak biltzeko” asmoa izan dute. Horretarako, “Aste Nagusiaren bihotza eta gorputza diren konpartsen babesa eta konpromisoa bilatzeaz gain”, Bizkaiko esparru ezberdinetako lagun eta eragileen konpromisoa ere bildu dute.

Fernandezek esan zuen Espainiako zein Frantziako estatuen kartzela politika aldatzeko giltza “euskal pilotak” dauka, euskal jendarteak, alegia. Pilota horren lehenengo botea, azpimarratu zuen, presoen giza eskubideen errespetua bilatzen du, hau da, “preso guztiak Euskal Herrira ekartzea, gaixorik daudenak eta zigor osoa bete dutenak askatzea eta iheslarien herriratzea ahalbidetzea”.

Norabide horretan kokatu zuen Herrirak Iosu Uribetxeberria, Txus Martin eta larri gaixo dauden beste 12 presoen askatasunaren aldeko eskaerak.

Bigarren botean, berriz, bake egoera sortu eta egonkortzeko urratsa ematea bilatzen du mugimenduak. Horrenbestez, 600 presoak eta iheslariak herriratu behar direla uste du Herrirak “taxuzko bake egoera eratu ahal izateko”.

Ostiraleko agerraldian parte hartu zutenek euskal pilota bere egin dutela azaldu zuen Fernandezek, “konpromisoak forma eta kolore ezberdinak hartuko dituen 10 egunetan beren txosnetan ikurra jarriz, aldarrikapenak modu ezberdinetan egitarauan proiektatuz” eta Herrirak antolatzen dituen ekimenetan parte hartuz, besteak beste.

Gauzak horrela, ostiralean, abuztuaren 24an Marea Urdina, 12:30ean Eliptikatik Areatzara preso eta iheslarien eskubideen aldeko kalejira erraldoia, antolatu du Herrirak. Ekimenean parte hartuko dutenei kamiseta urdina eta jaietako zapia eramateko deia luzatu die Fernandezek.

Kalejiraren ostean, berriz, “Konpromiso bazkaria” egingo du Areatzako kaian. 1.200 lagun elkartzea espero du Herrirak.

Adi! Azken Ostiraleko elkarretaratzea larunbatean egingo dugu!

Uztaileko Azken Ostiraleko elkarretaratzea Algortako San Inazio jaien hasierarekin eta horien koadrila jaitsierarekin bat egiten duenez, deialdia larunbatera, hilak 28, aldatzea erabaki dugu. Hitzordua 20:00etan jarri dugu Telletxen.

Preso eta iheslariak herrira!

Paella Egunean ere preso eta iheslariak herrira!


Etxerat elkarteak deituta, 200 lagunek baino gehiagok egin dute kontzentrazioa gaurko Paella Egunean, Aixerrotan.

Ikusi albuma

Mimoak Gobernu ordezkariari: "Hemen delitu bakarra dago: sakabanaketa mantentzea"



Aurreko egunetan, Mimoak desobedientzia-taldearen aurkezpenaren ekitaldian ea deliturik egon zen ikertu behar zuen Carmen Alba Gobernuaren ordezkariak. Beraz, aurkezpen ekitaldiaren irudiak publiko egin ditu Mimoak taldeak, "gobernu ordezkariari ikustarazteko hemen delitu bakarra dagoela: sakabanaketa mantentzea, nahiz eta sufrimendu iturri amaigabea dela jakitun izan". 

Preso eta iheslariak ere plazara ekarri ditugu


Goazen Plazara! Algortan (argazki albuma)

Goazen Plazara! ekimenarekin bat eginez 457 lagun elkartu gara gaur Algortan, euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko asmoz. Manifestazioaren ibilbidean espetxeak eta bertan diren gatibu getxoztarrak kokatuz gure 17 herrikidek pairatzen duten sakabanaketa irudikatu dugu, etxean preso daukaten Anjel Figueroarekin hasi eta Algortatik 1.058 kilometrora Algecirasen daukaten Gorka Garcia Sertutxa "Patas"-ekin amaituz. Bidean zazpi geldiune, bakoitzean beraien senideen eskuetatik bizpahiru presoren argazkiak batuz, familiar eta lagunei ere Espainia eta Frantziako gobernuek ezarritako zigorra salatzeko. Zortzigarren geldialdia, berriz, herriko bost iheslariei eskaini diegu. Behin argazki guztiak jasota plazaraino eraman ditugu, trikiti doinuek lagunduta, eta Telletxe plaza erdian hutsik zeuden aulki zurietan kokatu. Agur dantza eskaini ostean, "Zazpi jauzi" dantzatu dute bildutako lagunek irudien inguruan, ekitaldia pintxo goxoak dastatuz amaitzeko.

Adierazpena:

Eguerdion danoi!

Ezer baino lehen, ongi etorria eta eskerrak eman nahi dizkizuegu gaur, maiatzak 19, Herrirak deitutako mobilizazioetan parte hartzera animatu zareten guztioi. Eskerrik asko benetan, indarrak metatzea ezinbestekoa baita geure helburuak lortze aldera:
  • Sakabanaketarekin amaitzeko: espetxe politika krudel honek indarrean daramanetik, 400 istripu inguru egon direla kalkulatzen da, eta 16 pertsonak galdu dute euren bizia errepidetan. 2012a hasi zenetik, jadanik 8 izan dira gertatutako istripuak, horietatik azkenetariko bat ondorio larriagoekin. Gaur ere gogoan ditugu errepidean orduak emanda beren burua arriskuan jartzen ari diren pertsonak, eta bidai segurua izan dezaten opa diegu.
  • Preso gaixoak askatzeko: gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten 14 lagun preso daude oraindik, eta baldintzarik gabe aske gera daitezen exijitzen dugu, euren eskubidea delako!
  • Parot doktrinarekin amaitu eta kondenaren 2/3ak eta 3/4ak beteta dituzten presoak ere aske geratzeko, aspaldi egon behar baitzuten etxean!
  • Baita gainerako krudelkeriekin bukatzeko ere: isolamenduak, jipoiak, senide eta presoak bisitarik gabe uztea, katxeoak... 
Eta nola ez, gure helbururik handiena betetzeko: euskal preso eta iheslari guztiak lehenbailehen etxeratzeko. Gaurkoan, eskubide diren nahi horiek plazara ekarri ditugu guztion artean, orain amets eta borroka-arrazoi dena, bihar errealitate eta ospakizun-arrazoi bihurtzeko. Telletxe betetzea lortu dugu, eta bide hau ibiltzen jarraituz, espetxeak hustea ere lortuko dugu! 

Sakabanaketarik ez! 
Biziarteko zigorrik ez! 
Preso gaixoak etxera orain! 

Preso eta iheslariak herrira!