Orrialdeak

Showing posts with label herrira. Show all posts
Showing posts with label herrira. Show all posts

Martxoaren 20an elkarretaratzeak burutuko dira Euskal Herri osoan


Ikusi bideoa eta zabaldu

Larunbat goizean agerraldia egin zuten Herrirako kideek Iruñean. Hona hemen irakurritako adierazpena:

Euskal Herri osoko Herrira Bilguneen ordezkariak bildu gara gaur hemen, 197/2006 doktrinaren derogazioa eskatuz, hurrengo asteetarako deitu ditugun mobilizazioen berri emateko. 

Bizi osorako zigorra ezarria duten preso politikoak ditugu gure herri, hiri eta eskualdeetan. Azken hilabeteotan, haien askatasuna eskatzeko hainbat dinamika jarri ditugu abian, eta orain garrantzi handiko eginkizuna dugu aurrean. 

Martxoaren 20an, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak Inés del Río presoaren kasua berraztertzeko saioa egingo du. Eta hurrengo hilabeteetan ezagutzera emango den epaia, Tafallako presoari ez ezik, zigorra osorik bete ondoren espetxean jarraitzen duten preso guztientzat, 73 momentu honetan, erabakigarria izango da. 

Horregatik, hurrengo asteetarako antolatu ditugun mobilizazioetan parte hartzeko deialdi berezia egin nahi diegu gure herri eta hirietako bizilagunei, baita euskal jendarte osoari ere. 

Alde batetik, datorren martxoaren 16an, larunbata, Tafalla elkartasunez betetzeko deia luzatzen dizuegu, eguerdiko 12:00etan udaletxe plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartuz. Bertan Ines de Río eta mendekuzko espetxe politikaren baitan giltzapeturik dauden euskal preso politikoen askatasuna eskatuko dugu. 

Eta martxoaren 20an, Areto Nagusiaren bilkuraren egunean, ehunka mobilizazio antolatu ditugu Euskal Herriko herri eta hirietan. 

Aurreko egunetan protesta eta ekimen ugari izango dira. Adibidez, otsailaren 22an, hileko azken ostirala izanik, 197/2006 dotrina desaktibatzea eta Ines del Río aske ustea eskatuko dugu. Goizean, 12:00etan Iruñeko epaitegian elkarretaratzea egingo dugu eta arratsaldean,kalera aterako gara herri eta hiri guztietan. 

Gure helburua azaroak 10 eta urtarrilak 12ko espiritua Euskal Herriko txoko guztietara eramatea izanik, datozen asteetako mobilizazio nagusienak herri, auzo eta hirietan burutuko ditugu. Bertan, euskal jendarteren gehiengoak, Baionan eta Bilbon plazaratutako mandatuari bide emango diogu: giza eskubideak, konponbidea bakea. 

Mandatu horrekin, herriz-herri, auzoz auzo, eragile politiko, sindikal eta sozial guztiekin harreman dinamika zabala garatuko dugu gure proposamenaren berri emateko. 

Bistan da euskal herritar gehienok bat egiten dugula Estrasburgoko epaiarekin, espetxe politikan bizi dugun blokeoa gainditzen hasteko aktibo gisa kokatzen dugularik. Era berean, argi dago jendartea ez dagoela ados preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriekin. Haien giza eskubideak urratzen dituztelako, amaierarik gabeko sufrimendua sortzen dutelako eta konponbiderako eta bakerako oztopo larria direlako. 

Hori dela eta, jendartean dagoen adostasun zabal hori, Europako estatu eta instituzioetara eramateko unea dela uste dugu. Horrekin batera, gizarte osoari deia zabaltzen diogu, bere ekarpena baikortasunean egiten jarrai dezan, borondateak gehituz eta giza eskubideak, irtenbidea eta bakearen pankartaren atzean, etorkizuna eraikitzen jarrai dezan.

Herrirak mobilizazioak eta ekimenak antolatu ditu Estrasburgoko hitzorduari begira

Argazkian, atzo emandako prentsaurrekoa.

Atzo, sortu zenetik lehen urteurrena bete zuen egunean, euskal preso politikoen egoerak ez duela hobera egin ohartarazi zuen Herrira mugimenduak. Horren erakusle ditu sakabanaketak eragindako azken istripua eta 197/2006 doktrinaren egoera. Doktrinak presoen eskubideak urratzen dituela Estrasburgok berak ohartarazi zuen arren, Espainiak espetxe zigorra luzatzen jarraitzen duela salatu zuen. Martxoaren 20an aztertuko du gaia Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. Ines del Rio presoaren egoeraren inguruko azken erabakia hartuko du, eta, Herriraren esanetan, berebiziko garrantzia izango du ebazpen horrek, 197/2006 doktrinaren zilegitasuna gain behera bota dezakeelako betiko. Doktrina ezabatzea ezinbestekoa dela dio Herrirak, eta horretan indar egiten saiatuko da. Euskal gizartearen gehiengoak horixe nahi duela seguru dago, eta aldarri hori ikusarazten saiatuko da Estrasburgon. Horretarako, indarrak batu nahi ditu; mezu bateratua eman. Beraz, ekitaldi bateratu bat adosteko asmoz, alderdi guztiekin eta gizarte eragileekin bilduko da preso politikoen eskubideen aldeko mugimendua. 

Atzoko agerraldiko testua:

Egun on,

Gaur urtebete sortu zen Herrira. Eta zoritxarrez ezin dugu albiste onekin ospatu. Orain arte bezala, oinazea eta eskubideen urratzeak baizik ez dakarren egoeran gaude, eta horren froga dira gaurko prentsaurrekoan hizpide izanen ditugun gaiak.

Ezer baino lehen, aurreko asteburuan Mitxel Turrientes Lasarteko presoaren hiru lagunek izandako auto istripua aipatu nahi dugu. Zorionez ez zen zauritu larririk egon.

Aurtengo lehendabiziko istripua izan da, baina, zoritxarrez, ziurrenik ez da azkena izanen. Horrexegatik, elkartasunezko besarkada bat hemendik sakabanaketaren hiru biktima berri horiei, bai eta euskal preso politikoen senitarteko eta gertuko guztiei ere. Horrekin batera, gure kezka adierazi nahi dugu egoera honek etenik ez duelako, eta sakabanaketak tragedia bat eragin dezakeelako edozein asteburutan.

Beste alde batetik, datorren martxoaren 20an Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Handiak, Espainiako Estatuak 2012ko uztailaren 10eko epaiaren kontra aurkeztutako errekurtsoa aztertuko du. Epai hartan, Estrasburgoko Auzitegiak adierazi zuen Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrinak Europako Giza Eskubideen Konbentzioa urratzen duela, eta Ines del Rio berehala aske utzi behar zutela dekretatu zuen.

Espainiako Estatuak, ordea, ez du epaia onartu, are gehiago, azken hilabeteetan giza eskubideak urratzeko estrategiari ekin dio. Atzo bertan jakin genuen zigorrak luzatu dizkiela beste bi euskal herritarri, aske gelditzeko eguna ezarria bazuten ere, Ramón Aldasorori eta Raúl Alonsori, hain zuzen ere. Eta duela bi aste gauza bera egin zuten beste hiru presorekin. Guztira, 73 euskal herritar daude espetxean zigorra osorik beteta, 20, 25 eta 30 urte preso eman ondoren, urtetan aurrera doazela eta eritasun larriekin kasu batzuetan.

Une honetan, salbuespen-neurri horiei eusteak helburu bakarra du gure ustez, konponbiderako eta bakerako prozesua oztopatzea alegia, eta gatazka eta sufrimendua luzatzea, euskal gizarteak egoera hori gainditu nahi duela argi egonda ere.

Beraz, goi mailako auzitegi horren erabakiak berebiziko garrantzia duelakoan, gure helburua, indar guztiak batuta, urtarrilaren 12an gizarteak emandako mandatua Europara eramatea da: giza eskubideak, irtenbidea, bakea.

197/2006 doktrina indargabetzea ezinbestekoa da euskal preso politikoei aplikatzen zaien salbuespeneko espetxe politikari bukaera emateko. Herrira-k mezu argi eta positiboa eraman nahi du Europara: Euskal Herriko herritarren gehiengo zabala Estrasburgoko epaiaren alde dagoela, eta aktibo garrantzitsutzat daukala konponbiderako prozesuan.

Horri dagokionez, gonbidapena egiten diegu eragile politiko, sindikal eta sozial guztiei, erakunde guztiei eta herritar guztiei denon artean, pluraltasuna oinarri, Europara mezu argi bat eraman dezagun: beharrezkoa dela espetxe politika aldatzea, helburua konponbidea izanik eta ez mendekua.

Horretarako, harremanetan jartzen ari gara urtarrilaren 12ko manifestazioan egon ziren guztiekin, baita egon ez zirenekin ere. Zehazki, elkarrekin lan egiteko planteamendu bat lantzen ari gara, hiru ardatz dituena:

1) Euskal gizarteak Estrasburgoren epaiarekin bat egite hori azaleratu dadila ekitaldi unitario batean. Esan dugunez, prest gaude malgutasunez ekimen horren eta beste batzuen xehetasunak adosteko, mezua ahalik eta kontsentsu handienarekin eramateko Europara.

2) Eragile bakoitzak, nork bere eremuan, sentsibilizazio, salaketa eta mobilizazio bideak aztertu ditzala doktrina hori indargabetu dadila eskatzeko.

3) Denok batera gogoeta prozesu bati hasiera ematea, ongi pentsatzeko zer egin genezakeen eragile politiko, sindikal eta sozialek salbuespen-neurri horiek bertan behera uzten ez badituzte.

Datozen egunetan aditzera emanen dugu nolako fruituak eman dituzten harreman hauek, eta martxoaren 20ko ahozko epaiketa dela-eta zer ekimen jarriko ditugun martxan.

Era berean, Herriraren ordezkari batzuk Bruselara eta Estrasburgora joanen gara ahozko epaiketaren aurreko asteetan, Europako erakundeei eta gizarteari giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko mezu hau helarazteko.

Bestetik, martxoaren 20an mobilizazioak eginen dira 197/2006 doktrinaren ondorioak jasaten dituzten preso guztien herrietan. Herritar guztiei parte hartzeko deia egiten diegu.

Bere lehen Bilgune Nazionala egin du Herrirak Irunen



Azken urtean egindako lanketaren balorazioa egin eta aurrera begira egin beharreko lanak denen artean erabakitzeko helburuz batu ziren larunbatean Herrirako kideak Ficoban. Antolakuntzaren ingurukoak eta 2013ko ekimen nagusiak ere bertan zehaztu ziren. Eztabaida ugari izan ziren bilgunean, eta aurrera begira egon beharreko lanean ere proposamen eta ekarpen ugari egin zituzten bertaratu ziren lagunek.

Bihar izango den agerraldian aurkeztuko dira bilguneko edukiak.

Bilgune nazionala egingo du Herrirak larunbatean

Argazkian, Nazio Bilgunearen berri emateko prentsaurrekoa.

Urtarrilaren 12an Bilbon izandako mobilizazio historikoaren ondoren, Herrirak espetxe politikaren aldaketa, konponbidea eta bakea eraikitzearen aldarriak jasotako babes erraldoiari bide emateko erronka soziala du esku artean. Euskal jendartearen zati handi batek gorriz markatuta du presoen auzia konpontzea bake bidean aurrera urratsak emateko.

Instituzioek eta ordezkari politikoek arreta jarri beharko dute mobilizazioaren herri mandatoaren ondoren eta Herrirak konpromisoak aktibatzen eta sektore ezberdinekin lanean jarraitu beharko du presoen eskubideen aldeko adostasun are eta zabalagoa lortzeko. Horiek horrela, barne kohesioa, helburu lorgarri eta zehatzak ezarri eta gure mugimenduaren hedapen, zabalkunde, irekitze eta trinkotzean sakontzea.

Norabide horretan, Herrirak urrats garrantzitsua emango du larunbatean, hilak 26, Irungo Ficoban. Bertan, gure lehen Nazio Bilgunea burutuko baitugu. Hitzordua 09:30tan abiatuko da eta euskal geografia osoko herri, auzo eta hiriburu ezberdinetan Herrira mugimendua osatzen dugun pertsonentzako elkargunea izango da. 

Bilgune Nazionalean mugimenduaren lan ildo nagusiak finkatuko ditugu eta gure aldarrikapenak eta lanak jendarteratu eta bultzatzeko ahalegina indartzeko beste urrats bat izango da. Izan ere, gure helburua argia da, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldarria bizitza soziala dagoen esparru guztietara eraman eta bertan adostasun zabalak eraikitzea.

Lehen mailako erronka da gero eta sektore eta pertsona gehiagorekin konektatzea eta amankomuneko lana sustatzea. Eginkizun horretan, antolakuntza eredu egoki bat, komunikazio eta hedapen praktika zuzena, ekimen parte hartzaileak abiaraztea eta harremanen lanketa ireki eta gertuko bat sustatzea ezinbestekoak izango dira.

200 lagunek hartu dute parte atariko lan bileretan eta kopuru hori biderkatu egiten da herri eta auzoetan egindako asanblada edo bilkuretan. Irunen egitekoa den Bilgune Nazionalean Herriran lanean edo ekarpena egiten ari diren ehunka lagunen parte hartzea aurreikusten da.

Urtarrilaren 31n batzar irekia egingo du Algortako Herrirak

Bi ostegun barru, urtarrilak 31, batzar irekia egingo du Algortako Herrira bilguneak. Hitzordua 19:30ean izango da Aldai patronatuan, Itsas-Ganen.

Gai-ordena: 

- Balantzea.
- Aurrera begira.
- Bestelakoak. 

Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu batzar irekian parte hartzera.

Guztion indarrez euskal preso eta iheslari politikoak etxera ekarriko ditugu!

Dena prest larunbaterako!



Herrira mugimenduak eta urtarrilaren 12ko Herri Mobilizazio Orokorrari atxikimendua eta babesa eskaini dioten hainbat eragileek azken agerraldi publikoa egin zuten atzo larunbateko martxan parte hartzeko deia luzatuz. Bertan, atxikitako eragileen izenean Giza Eskubideen Behatokiko partaide den Iratxe Urizarrek eta Eleak Mugimenduko Txerra Bolinagak hartu zuten hitza, manifestazioaren garrantzia azpimarratu eta sentsibilitate eta ideologia ezberdineko milaka pertsonek “Giza eskubideak.Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira” dioen pankartaren atzean bilduko direla azpimarratzeko.

Horrekin batera, bertan bildutako hedabideei Herri Mobilizazio Orokorrak bildutako atxikimenduen zerrenda banatu zieten. Azken minutuetan gainera, konfirmazio berriak izan dira, kasurako Alberto San Juan aktorearena eta CCOO Euskadiko zuzendaritzarena.

Mobilizazio erraldoia aurreikusten da, autobusen datuek 75 baino gehiago aurreikusten dute Nafarroan, 120 inguru jada Gipuzkoan, Iparralden ere inoizko zifrarik altuena izango da eta Arabako datuen konfirmazioaren zai gaude. Azken egun eta ordu hauetan jendeari gonbitea luzatzen diogu herriz herri eta eskualde guztietan abiatutako autobusetan parte apuntatzera. Horrekin batera, Bizkaiko bizilagunentzat, garraio publikoa erabiltzeko deia luzatzen dugu.

U12: Larunbat goizerako egitarau ederra prestatu du Herrirak

Iazko mobilizazioan goizetik batu zen jendetza ikusita egitarau zabala osatu du Herrirak larunbat honetarako. Musikariak eta herri kirolak izango dira besteak beste, eta txosna bat ere izango da, nahi duenak jateko eta edateko aukera izango duelarik.

500 atxikimendutik gora jaso ditu Herrira-k urtarrilaren 12ko manifestaldirako

Iturria: Berria.info

Herrira mugimenduak agerraldi bat egin du gaur goizean, hilaren 12an Bilbon euskal presoen eskubideen alde egingo duten manifestazioari atxikimendua eman dioten eragileen zerrendaren berri emateko. 500ek baino gehiagok azaldu diote babesa martxari.

Miren Tolaretxipi irakasle ohiak eman du atxikimenduen berri. Agerraldian bertan ezagun ugarik hartu dute parte; esate baterako, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek, Ramon Labaien Donostiako alkate ohiak eta Javier Madrazo Ezker Batuko buruzagi ohiak.

Hainbat alorretako ordezkariak izango dira protestan; kulturan, adibidez, Eneko Olasagasti zinema zuzendariak, Amets Arzallus bertsolariak eta Kirmen Uribe idazleak azaldu dute babesa. Hain justu, hainbat idazlek agerraldia egin zuten manifestazioari atxikimendua adieraziz.

Politikako ordezkarien artean, EH Bilduko legebiltzarkide Laura Mintegi eta Maribi Ugarteburu, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano eta Aitziber Blanco Lokarriko kidea daude zerrendan, besteak beste. Unibertsitateko hainbat irakaslek ere bat egin dute manifestazioarekin, Francisco Letamendia "Ortzi"-k, kasu.

Atxikimenduen zerrenda (pdf)

Guztion indarrez etxera ekarriko ditugu!


Kaixo lagunok!

Ezer baino lehen, eskerrak eman nahi dizkizuegu Urteko Azken Ostiralera gerturatu eta, bereziki, prestatutako ekitaldian parte hartzeagatik. Talde honen lan xumeak ezer gutxi balio du babestuko duen herri mugimendurik gabe, presoekiko bere elkartasun eta maitasuna adieraziko duen jendetzarik gabe. Eskerrik asko beraz, beste behin.

Ostiralean Telletxera hurbildu ahal izan zinetenok ikusi bezala, ekitaldi osoa zenbait bideorekin lagundu genuen. Tartean, herrian burututako bi ekimen bereziena, 2011ko Azken Ostiralarena eta Goazen Plazara! ekimenarena, baita Algortako Bilgunearen urte beteko ibilbidea laburtzeko asmoz bateratutako argazkiena ere. Zuei esker 2012ko Azken Ostirala ikusgarria izan zen, haurren, senideen, eragileen, abesbatzaren eta solidarioen parte hartzeak bete egin zuen Telletxeko plaza, denbora, eta zenbait bideo ezin izan genituen osorik erakutsi.

Horietatik batzuk herrian egindakoak direlako eta interesa izan dezakezuelakoan, bideoak ikusteko aukera luzatu nahi dizuegu, nahi izanez gero, zabaldu, erabili, aldatu edo dena delakoa ere egiteko.

Azkenik, gogoratu, gaur, abenduak 31, euskal preso eta iheslari politikoen aldeko poteoa eta brindisa egingo ditugula. Hitzordua 19:00etan jarri dugu Algortako Amnistia tabernan.




Urteko osoko ibilbidea (aurreko guztiak gehi argazkiak)

2012ko Azken Ostiraleko argazkietako batzuk (Laster guztiak ikusgai)

Besterik gabe, goza itzazue!

ALGORTAKO HERRIRA BILGUNEAREN TALDE DINAMIZATZAILEA

Urtarrilaren 12ko Herri Mobilizazio Orokorrarekin bat egitea eskatuko diote bihar Getxoko Udalari

Argazkian, Getxoko Udalbatzak ere preso gaixoen aldeko mozioa onartu zuen urriaren 30ean EAJren babesaz, Bilduk jeltzaleek aurkeztutako zeharkako zuzenketa onartu ostean.

Herrira mugimenduaren izenean Getxoko Bilduk aurkeztutako mozioa tarteko, urtarrilaren 12an Bilbon “Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira!” lelopean antolatutako mobilizazio orokorrarekin  bat egiteko eskatuko zaio, abenduko udal batzarrean, Getxoko Udalari. Ohiko osoko bilkura bihar, osteguna, izango da goizeko 10etatik aurrera, udaletxean. Testuinguru horretan, euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko espetxe-neurriak indarrik gabe uztea eskatzen da. Horien adibide bezala jartzen dira, daukan gaixotasun larriagatik etxean, baina preso daukaten Anjel Figueroa Fernandezen egoera; eta zigorraren 2/3ak edo 3/4ak beteta izateagatik baldintzapeko askatasunean egon beharko luketela Paul Asensio Millan, Gorka Garcia Sertutxa "Patas", Aimar Hidalgo Lertxundi, Iñigo Otazua Urresti "Oti" eta Endika Lejarzegi Olabarrieta algortarrek,  Jagoba Terrones Arrate berangoztarrak, eta Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarrak. Getxo udalerrian sakabanaketa politikaren ondorioak ere aski ezagunak ditugula ere aipatzen du mozioak: Antonia Hernandez Rodriguez, etxean preso daukaten Anjel Figueroa algortarraren amama, 1997ko martxoaren 14an hil zen auto istripu batean Alcala‐Meco espetxera bidean, bere biloba bisitatzera zihoanean.

Besteak beste, Sopelako Udalak bat egiten du Herrira mugimenduak urtarrilaren 12an Bilbon “Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira!” lelopean antolatu duen mobilizazio orokorrarekin. Hala adostu zuten joan den osteguneko ohiko udal bilkuran. Mozioa alkatetza duen Bildu taldeak aurkeztu zuen, eta koalizio abertzalea osatzen duten zazpi zinegotzien aldeko botoa jaso zuen. EAJko zazpi ordezkariak abstenitu egin ziren, eta PSE-EEko zinegotzi biak eta PPko zinegotzi bakarrak aurka bozkatu zuten. Beraz, mozioak aldeko zazpi boto eta kontrako hiru boto jaso zituen



Valladolideko espetxeko hormetaraino eramango dute Kitxu askatzeko aldarria

Gabon egunetarako hainbat ekitaldi antolatu ditu Itzubaltzetako Herrira bilguneak. Tartean, igande honetarako, abenduak 23, Villanublako (Valladolid) espetxerako autobusa antolatu dute, bertan preso dagoen Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" herrikideak entzun ditzan. Horrenbestez, goizeko 8etan abiatuko dira Itzubaltzeta / Romoko Sabecotik. Aurretik eman beharko da izena, Branka herriko tabernan. Getxo irratiko eta Egin irratiko kazetari izandakoa 1994ko urriaren 25ean atxilotu zuten Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, Andoni Muñoz urduliztarra, eta Algortako Iñigo Otazua "Oti" zein Angel Figueroarekin batera. Ekintzarik burutu ez zuen Lanbroa komandoko kideak izatea leporatu zieten lauei, 30 urteko zigorra ezarriz. "Kitxu"-k hainbat liburu idatzi ditu espetxean.

Egitaraua:

Abenduak 23, igandea
08:00 Valladoliden Kitxuk entzun gaitzan busa (izena eman aurretik Brankan), Sabecotik abiatuta.

Abenduak 24, astelehena
20:30 Olentzeroren kalejira herrian zehar, Brankatik.

Abenduak 28, ostirala
20:00 Urteko Azken Ostiraleko elkarretaratzea.

Abenduak 31, astelehena
20:30 Preso eta iheslaririk gabeko Urte Barriaren aldeko brindisa, Gobelondo eta Aurrezki Kutxa kaleen kantoian.

Kitxu askatu!
Preso eta iheslariak herrira!

Aurten espetxetik atera diren dozenaka lagun ere Bilbon izango dira


Ikusi Bilboko Branka agerkari digitalak egindako bideoa.

Egun on eta mila esker agerraldi honetara etorri zareten guztioi.

Lehenik eta behin, hemen bildu garen lagun guztien izenean besarkadarik sentikorrena helarazi nahi diegu espetxeetan eta deserrian diren lagun guztiei.

Aurki atzean utziko duguna urte berezia izan da guretzat. Espetxetik atera ginen urtea izango da 2012a. Urte luzez batzuek, denbora laburragoan besteek. Denok bizi izan dugu espetxearen gazia, eta denoi gelditu zaigu zerbait han barnean. Kalean egonik, gure ekarpena egin nahi diogu haiek guztiak ekartzeko egiten ari den lanari.

Espetxea oro har, eta euskal preso politikoen kasuan bereziki, pertsonen aurkako sistema konplexu bat da, pertsonen nortasunean eta izaeran eragiteko sortua. Espetxeak pertsonen desoreka bilatzen du, presoak pertsona izateari uztea. Eta horri guztiari helburu politikoak gehitzen zaizkio, arrazoi politikoen ondorioz preso hartu gintuztenon kasuan. Horregatik erabiltzen da euskal preso politikoen aurka espetxe politika bereizia. Militantzia politikoa zigortzen da: pentsamendu kritikoa, zapalketari aurre egin izana, elkartasuna eta jarduera politikoa. Eta gizarteratzea baino, militantzia hau amaitzea da helburua. Bai presoena, bai kanpoan militatzen jarraitzen dutenena ere.

Nola azaldu bestela, gaixo dauden presoen egoera? Nola azaldu minbizia duten pertsonak heriotzaren atariraino gatibu edukitzea? Nola azaldu urte luzez espetxean egon ostean, kalera irteteko eguna iritsi eta kartzelaldia beste hamar urtez luzatzea? Nola azaldu berrogei minutuko bisita bat egiteko, bi mila kilometro egin behar izatea?

Garai berri bat hasi dugu Euskal Herrian. Urteetako gatazka, sufrimendu eta zapalkuntza egoera irauli eta justiziaren eta askatasunaren gainean eraikitako bake egoera bat erdiesteko urratsak egiten ari gara. Baina gaur gaurkoz, alde batetik emandako urrats ausartek mespretxua eta itxikeria izan dituzte ia erantzun bakar. Presoen eta iheslarien egoera da horren ispilu, apenas aldatu baita azken urtean.

Oinarrizko giza eskubideak urratzea egunerokoa da espetxeetan: senide eta lagunen istripuak asteburukoak dira errepideetan.

Hamaika aldiz entzun dugu presoek jasotako zigorra bete behar dutela. Eta bitartean, zigorgabetasun osoa dute estatuen krimenek. Ez dago zigorrik 10.000 lagun torturatu dituzten arduradunentzat. Torturatzaileak eta gerra zikina egin dutenak indultatuta daude. Sakabanaketak eragindako heriotzek ez dute barkamenik merezi. Legez kanporatzea, komunikabideak ixtea, poliziaren bortizkeria, eskubide zibil eta politikoak ukatzea. Nork erantzun behar dio horri guztiari?

Sufrimendu askoren lekuko izan gara azken urteotan, eta izaten ari gara oraindik ere. Guk ez ditugu begiak ixten gertatu den guztiaren aurrean, baina konponbideak denontzat izan behar du onuragarria. Gatazkaren garaiak atzean utzita, datozenak soluzio urteak izatea nahi genuke. Gatazkaren ondorioei osotasunean egin behar zaie aurre, eta konponbide prozesu bati dagozkion neurriak norabide horretan erabaki eta hartu behar dira.

Eta erabaki horien artean egon behar dute euskal preso eta iheslari politikoei dagozkienak. Konponbide prozesuaren logikan, espetxeetan eta ihesean dauden euskaldunek herrirako bidea hartu behar dute, bai ala bai. Hori da gure ustez prozesu demokratikoak daukan geltokietako bat.

Ildo horretan, bat egin nahi dugu Herrira mugimenduak lehentasunez egiten dituen eskariekin. Euskal preso politikoen giza eskubideak errespetatzeak bidea egiten lagunduko luke ezbairik gabe. Urrats garrantzitsua izango litzateke, soluzioak eta bakea eraikitzeko. Horregatik, urrats hauek lehenbailehen egin behar direla uste dugu: gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, bizi osoko zigorra dakarten neurriak bertan behera uztea eta presoak Euskal Herriko espetxeetara ekartzea.

Horiek horrela, urtarrilaren 12an Bilbon egingo den Herri Mobilizazio Orokorrean izango gara gu ere. Eta gonbita egin nahi diegu aldarrikapen hauekin bat egiten duten herritar guztiei, Bilbon izan daitezen.

Denon artean Bilboko kaleak beteko ditugu. Denon artean hustuko ditugu espetxeak. Eta denon artean kartzela eta deserria herri honen historiako orrialdeetara eramango ditugu. Horrenbestez, Bilbon ikusiko dugu elkar.

Mila esker guztioi.

50 preso ohi

"Konponbide prozesuaren logikan, espetxeetan eta ihesean daudenek herrirako bidea hartu behar dute", adierazi dute 50 preso ohik

Iturria: Berria.info
Argazkian, preso ohiak atzo, osirala, Bilbon / Monika del Valle, ARP

Kartzelatik aurten atera diren dozenaka lagunek konponbidearen alde jarduteko deia egin dute: "Gatazkaren garaiak atzean utzita, datozenak soluzio urteak izatea nahi genuke". 

Preso ohien esanetan, konponbidea behin betikoa izan dadin, "denontzat izan behar du onuragarria". Gatazkaren ondorioei "osotasunean" heldu behar zaiela azaldu dute eta, beraz, euskal preso eta iheslari politikoen korapiloa askatu behar dela.

Hori "soluzioak eta bakea eraikitzeko urrats garrantzitsua" izango litzatekeela azaldu dute Bilbon, eta lehen urratsak "lehenbailehen" egitearen premia adierazi. Bide horretan, presoen eskubideak bete daitezela galdegin dute: gaixotasun larriak dituzten presoak berehala askatzea, "bizi osorako zigorra dakarten neurriak" bertan behera utz daitezela, eta euskal presoak Euskal Herrira ekar ditzatela.

Herrira mugimenduarekin bat egin dute. Urtarrilaren 12an Bilbon egingo den Herri Mobilizazio Orokorrean izango direla jakinarazi dute, eta bertan parte hartzeko gonbita egin diete herritarrei: "Denon artean Bilboko kaleak beteko ditugu. Denon artean hustuko ditugu espetxeak. Eta denon artean kartzela eta deserria herri honen historiako orrialdeetara eramango ditugu", adierazi dute Erika Bilbao eta Oskar Abad preso ohiek, guztien izenean.

Naiz.info (2012 Abe 14): Expresos animan a "conseguir que la cárcel y exilio se conviertan en páginas de los libros de historia"

Adierazpen Eguna deitu du abenduaren 20rako Herrirak

Argazkian, mobilizazioaren sustatzaileak pegatina eskuan.

Urtarrilaren 12ko Herri Mobilizazio Orokorrera bidean, biderkatuz doaz egunotan Herrira mugimenduaren agerpenak. Euskal preso eta iheslari politikoen giza eskubideak errespetatzeko eskatu du gaurkoan Gasteizen. Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria aukeratzeko inbestidura saioa egiten ari ziren bitartean legebiltzarraren barruan, eta, saioa amaitzean, protestarekin bat egin du Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkideak. Urtarrilaren 12an Bilbon egingo duten manifestazioak izango duen lelo bera erabili dute: "Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira". "Euskal presoentzat eta gatazka gainditzeko, irtenbideak bilatzeko" lan egin dezan eskatu die Jon Garai Herrirako eledunak legebiltzarkideei. "Erakundeak bide bat izan behar dira, gizarteak beharrezkotzat jotzen duena islatzeko", azaldu du. Gainera, urtarrilaren 12ko martxara joatera deitu ditu Garaik legebiltzarkide guztiak. Hain zuzen ere, atzo goizean egin zuten manifestaziorako baimen eskaera Bilbon, eta ondoren sustatzaileek deklarazioak egin zituzten prentsaren aurrean. Herri Mobilizazioa jasotzen ari den babesa eskertzeaz gain, abenduaren 20an egingo den Adierazpen Egunean parte hartzeko deia zabaldu zuten. Egun horretan, herritar guztiak pegatina batekin ateratzera gonbidatu zituzten. "Nork bere lantokian, eskolan nahiz kalean, nahinora doala ere, pegatina soinean jantzita bere atxikimendua adieraztera gonbidatzen dugu", azaldu zutenez.

Bitartean, "Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira" leloarekin urtarrilaren 12an egingo den mobilizazio orokorrak jaso dituen dozenaka eta dozenaka atxikimenduetatik esanguratsuenak ere aurkeztu zituen herenegun presoen eskubideen aldeko mugimendua. Protesta babestu dutenen artean dira Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna, ezker abertzalea, Ezker Batua-Berdeak, Euskal Komunistak-PCPE eta Gorripidea alderdiak, dozenaka gizarte eragile, eta sektore ugaritako pertsona ezagun asko. Nazioartetik ere babes zabala jaso du deialdiak, besteak beste Argentinatik -80 bat  kazetari, irakasle, abokatu eta gizarte eragile-, Tunisiatik, Kataluniatik, Galizatik, Aragoitik zein Madrildik.

Ekarpenak

Urtarrilaren 12ko Herri Mobilizazio Orokorra arlo guztietatik datozen ekarpenekin janzten ari da. Oraingo honetan, 18 marrazkilarik beren lanak eman dituzte presoei eta espetxe politikari buruzko talde erakusketa batean ikusgai jartzeko Iruñean. Komikien erakusketa manifestazioaren webgunean sartuz ere bisitatu daiteke (www.urtarrilak12.com), abenduaren 18az geroztik. Herrira mugimenduak marrazkilari eta irudigile guztiak animatzen ditu erakusketa honetarako aportazioak egitera. Nahi izanez gero, beraz, webgunean ageri den helbidera bidali behar dira lanak, urtarrilaren 12a baino lehen.

Bitartean, Ateak Ireki agerkari digital nafarrak ere bere ekarpena egin du U12ko manifestaziorako:  Joseba Sarrionaindiaren letra baliatuta Jozu Zabalak egindako “Herrira noa” kantaren bideoklipa.


Gabonetan... Algortako presoak herrira!



Urtarrilaren 12ko herri mobilizazio orokorrera bidean, euskal preso eta iheslari politikoen aldeko ekitaldi ugari antolatu ditu Algortako Herrira bilguneak:

Abenduak 14, ostirala
18:00 Poteo-pegada, Algortako Amnistia tabernatik abiatuta.
20:00 Elkarretaratzea, Algortako Telletxe plazan.

Abenduak 17, astelehena
19:00 "Barrura begiratzeko leihoak" dokumentala, Algortako kultur etxean, Villamonten.

Abenduak 20, osteguna
19:30 "Ataramiñe' 12"-ren aurkezpena eta bideokonferentzia, Algortako Eztabaida Gunean.

Abenduak 21, ostirala
20:00 Elkarretaratzea, Algortako Telletxe plazan.

Abenduak 24, astelehena
Presoak Olentzerorekin, Algortako Amnistia tabernatik.

Abenduak 28, ostirala
20:00 Urteko Azken Ostiraleko elkarretaratzea, Algortako Telletxe plazan.

Abenduak 31, astelehena
19:00 Triki-poteoa eta brindisa, Amnistia tabernan. 

Astearte honetan abiatuko da Elkartasun Astea Itzubaltzetan

itzubaltzeta-elkartasun-astea-2012 
 

Abenduak 10, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna

Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna den 2012ko abenduaren 10 hontan, Herrira mugimenduak ondoko pundu hauek azpimarratu nahi ditu:
  • 600 bat euskal preso politikok, bizi baldintza biziki gogorrak pairatzen dituzte oraindik gaur egun. Bizi baldintza anker hauen helburua, pertsona suntsitzea da.
  • Euskal preso politikoen familiek, frantses eta espainol gobernuek elgarrekin daramaten urruntasun politikaren ondorio larriak pairatzen segitzen dute.
  • Ehundaka euskal hiritar, atzerrian bizitzera behartua da oraindik gaur egun. Egoera hau, Euskal Herriak bizi duen eta frantses eta espainol estatuek konpondu nahi ez duten gatazka politikoaren ondorio da.
  • Frantzian eta Espainian, oraindik salbuespeneko legeriak aplikatzen dira Euskal Herrian antolatzen den oposizio molde guziei errepresio bidez erantzuteko.
Arrazoi guzi hauengatik, Herrira mugimenduak, Euskal Herriko gatazkaren konponbidean engaia daitezen galdetzen die frantses eta espainol estatuei.

Herrirak hiritar guziak motibatu nahi lituzte euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen errespetatuan mobilizatzera.

Giza eskubideen nazioarteko egun hontan, munduan zehar, egoera justuago baten alde lanean ari diren gizon eta emazte guziak agurtzen ditu.

Presoen aldeko "mobiLIPDUBzioa", ikusgai


Bideoa ikusi eta zabaldu

Presoen eskubideen aldeko mobilizazio berezia antolatu zuen Herrirak herenegunerako, hilak 8, urtarrilaren 12rako antolatzen ari den nazio manifestazioari begirako beroketa gisa.

Euskal preso eta iheslarien eskubideekiko errespetua aldarrikatu, eta Espainiako zein Frantziako gobernuei konponbiderako bidera batu daitezela eskatzeko antolatu zuen ekitaldia Herrira-k. Durangoko Azokaren testuingurua baliatuta, protesta molde ezberdin bat hautatu zuen elkarteak.

Musikariak, bertsolariak, antzezleak, eskalatzaileak, akrobatak, pailazoak eta abarrek hartu dute parte ekimenean. Milaka herritarrek ekimenarekin bat egiteko eskatu zuen Herrira-k bideoa egin ahal izateko, eta babes zabala jaso zuen.

Milaka lagun espero dira larunbatean Durangoko Lipdub-ean


Euskal preso eta iheslarien eskubideekiko errespetua aldarrikatu, eta Espainiako zein Frantziako gobernuei konponbiderako bidera batu daitezela eskatzeko antolatu du larunbaterako ekitaldia Herrirak. Baina ez da nolanahiko mobilizazioa izango. Durangoko Azokaren testuingurua baliatuta, kultur ukitu alaia izango du protestak. Milaka herritar kalean bildu, eta presoen eskubideen alde dantzan jarri nahi ditu Herrira-k. Mobilizazioa grabatu, eta lipdub-a osatuko du ondoren. 

Gidoia, musika eta protagonismo berezia izango duten lagunak lotuak ditu presoen eskubideen aldeko elkarteak. Horien artean izango dira musikariak, bertsolariak, antzezleak, eskalatzaileak, akrobatak, pailazoak eta abar, 11 gunetan banatuta. Grabazioa mobilizazio handi bihurtzeko, ordea, milaka herritar behar dituzte, eta bertan parte hartzeko eskatu dute antolatzaileek.

Herrira mugimendua: "Espainiako Gobernuaren jarrera probokazio hutsa eta egiazko arduragabekeria da"

Argazkian, Oihartzunak musika taldea azaroko azken ostiralean jotzen Algortan.

Egunotan, 8 eta 9 urte beteko dira Karmele Solaguren eta Sara Fernandez sakabanaketaren ondorioz hil zirenetik. Besarkada beroa igorri nahi diegu haien senitartekoei eta espetxe politika honen zorigaiztoko kalteak pairatu dituzten lagun guztiei. Presoen eskubideak urratu ez ezik, haien ingurune sozial eta afektibo osoari eragiten baitio espetxe politikak. Horrekin batera, maitasunezko mezu bat helarazi nahi diegu, bihotzez, asteburu honetan bisita bat burutu ahal izateko milaka kilometro egitera doazen guztiei. 

Ez da oso atzera egin behar, duela bi asteburu Tafallako hiru lagunek istripua larria izan baitzuten Leonen, Galiziara zihoazela Inés del Río eta Josu Bravo bisitatzera. 2012ko hamahirugarren istripua izan zen. Aurten, 40 lagunek jasan dituzte auto istripuak sakabanaketaren ondorioz. 

Herrira mugimendutik alerta deia egin behar dugu, presoen familiek etengabe jasaten duten arriskuaren aurrean. Presioa eta zigorra gero eta handiagoak dira, nekea ere bai, eta azken asteotan bi salaketa ezagutu ditugu. Biak ala biak, oso larriak, senideen aurkako jazarpena agerian uzten dutenak: Enara Rodríguez hiltzeko ahalegina eta Izaro Arruarteren kontrako mehatxu eta presioak. 


Espainiako Gobernuaren jarrera probokazio hutsa eta egiazko arduragabekeria da. Probokazioa da, sakabanaketaren helburu bakarra egoera horretan daudenengan kalte, amorru eta ezintasun handiagoa sortzea delako. Eta arduragabekeria da, astebururo errepidean hildako gehiago izateko aukerak ugaltzen dituelako. 

Finean, benetan larria da gobernuek, bake prozesua oztopatu nahian, sakabanaketaz, familia hauen oinazeaz eta haien giza eskubideen urratzeaz baliatzen segitzea. 

Eta sakabanaketa lehenbailehen amaitu beharra dagoela diogu, egoera eta politika hauek luzatzeak zuzenean espetxe politikak eragindako biktimen kopurua handitzea ekarriko duelako.

Gobernuak muturreko jarrera hori hartu duela ikusirik, hau da, boikotarena, herritarrei errezeta bikoitza proposatu nahi diegu:
  • Bat: akordio sozial zabal bati heltzea, salbuespen neurriak desagertzearen eta presoen eta familiartekoen giza eskubideak errespetatzearen alde.
  • Bi: akordio hori kalean ikusaraztea, gobernuei giza eskubideen gaian eta bake prozesua bultzatzeko egin beharreko presioa areagotzea. 
Hori dela-eta, datorren urtarrilaren 12ko Herri Mobilizazio Orokorrak berebiziko garrantzia du oraingo blokeo-egoera gainditzeko. Helburu garbi bat dugu: Bilboko kaleek nabarmen erakustea akordio sozial zabal hau, sakabanaketari eta salbuespen-neurri guztiei amaiera emateko borondatea. Eta helburu hori lortzeko, Bilboko kaleek gainezka egin dezaten, bost aste ditugu buru-belarri lanean aritzeko. 

Manifestazioan modu aktiboan parte hartzeko eta aurretiazko kanpaina aportazio pertsonal eta kolektiboz betetzeko deia egiten dizuegu. Horretarako, www.urtarrilak12.com webgunea sortu dugu. Denok, nork bere esparrutik, zerbait egin dezakegu urtarrilaren 12ko uholde handia sortzeko. 

Lainoa nahinora doa. Baina gu, gu herrira goaz!

Herrira mugimenduak azaroko azken ostiralean plazaratutako irakurgaia.