Orrialdeak

Herrirako kideen atxiloketa salatuko du ostiral eguerdian euskal gehiengo sindikalak

Gaur, 18:30ean, Etxe Merkean jarri du hitzordua Itzubaltzetako Herrira bilguneak, ostiral eta larunbateko mobilizazioak prestatzeko. Gaur ere manifestazioa izango da, 20:00etan, Kolas plazatik abiatuta. Algortako Herrira bilguneak deialdi horrekin bat egin du eta herritarrak bertan parte hartzera deitzen ditu.

ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuek Herrira herri-mugimenduaren aurkako operazio judizial, polizial eta mediatikoa arbuiatzeko eta, gaurdaino bezala, Herrirarekin izandako harremanei eutsiko dietela jakinarazteko agerraldia eman dute. Prentsaurrekoan mobilizazio bateratuak iragarri dituzte ostiral honetarako, urriak 4, eguerdiko 12etan lantoki eta herrietan. Horrenbestez, eskualdean, Erandio, Getxo zein Sopelako udaletxeen aurrean; eta Leioako Bulebarrean egingo dituzte ordu erdiko kontzentrazioak, Eskumaldeko LABek zehaztu duenez. Era berean larunbaterako deituta dagoen manifestazio nazionalean parte hartzeko deia luzatu dute: 17:30ean abiatuko da martxa, Bilboko Casillatik.