Orrialdeak

Ehunaka auzokidek eskatu du askatasuna Oskar Sanchezentzat Itzubaltzetan

IMG_2056

Argazkian, dozenaka lagun manifestazioaren ostean atzo Itzubaltzetan / cc-by Ukberri.net.

Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Herrira euskal preso politikoen eskubideen aldeko mugimenduaren aurkako polizia operazioa agindu, eta 18 pertsona atxilotu zuen atzo Guardia Zibilak. Oskar Sanchez Setien gazte itzubaltzetarra da Herrira mugimenduaren aurkako sarekadan atxilotutako 18 pertsonetako bat. Sanchez abokatua da eta arlo juridikoan egin izan du lan Herrirarentzat. Guztiak komunikazio egoeran daude eta atxilotu dituztenetik 72 ordutara konfiantzazko abokatuarekin egoteko aukera izango dute eta Auzitegi nazionalera eramango dituzte, Itzubaltzeta / Romoko Herrira taldeak jakinarazi duenez. Adierazpenak 620 auzokide batu zituen "Elkartasuna ez da delitua! Oskar eta besteak askatu!" lelopeko martxaren ostean egin zituzten. Erandion ere, sarekadaren aurkako eta atxilotuen aldeko elkarretaratzeak egin zituzten. 60 lagun mobilizatu ziren Altzagan eta beste 25 Astrabuduan. Datozen ordu eta egunotan, mobilizazio gehigotara deitu dute. Gaur, 20:00etan manifestazioa izango da Itzubaltzeta / Romoko Kolas plazatik eta ondoren batzarra egingo dute. Mobilizazio hori egunero egingo dute, Oskar Sanchez eta beste atxilotuak Guardia Zibilaren esku egon bitartean. Azkenean, larunbatean nazio manifestazioa izango da Bilboko Aita Donostia plazatik abiatuta, 17:30ean. Ernaik UK Martxaren egitaraua moldatuko du.

Herriraren jarduera, bi urtez etenda

Herrirak bere maitasuna agertu zizkien atxilotu guztiei, haien senideei eta gertukoei eta bereziki, Oskar militantziakide eta lagunaren senideei besarkadarik handi eta beroena bidali zieten. Gogoratu dutenez, Herrira mugimendua orain bi urte sortu zen, eta bere ibilbide osoan zehar preso eta iheslari politikoen eskubideen alde lanean ibili da. Atzokoan, berriz, lanean jarraitzeko konpromisoa hartu zuten Herrirakideek auzotarren aurrean: Euskal Herriko plaza eta kaleek entzungo dituzte gure errebeindikazio legitimoak. Beranduago jakin zen Eloy Velasco epaileak bi urtez eten duela Herriraren jarduera.

Itzubaltzeta / Romon ohartarazi zutenez, atzoko bezalako operazio polizialek ez dute lortuko preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko borroka ezerezean uztea. Ez dute lortuko elkartasuna debekatzea. Baieztatu zutenez, azken preso politikoa kalean egon arte, azken errefuxiatu eta iheslaria etxean gertukoekin izan bitartean, herri honetan eta auzo honetan haien eskubideen aldeko borroka izango da. Ez ditugu inoiz bakarrik utziko.

OHARRA: Oskar Sanchez Setien atxilotua itzubaltzetarra da eta ez algortarra, Facebook-en adierazi bezala. Hainbat urteetan, baina, abokatuak bizitza soziala egin du Algortan. Barkamena eskatzen diegu Sanchezen senideei, gertukoei eta irakurle guztiei