Argazkian, Saioa Sanchez preso berangoztarraren irudia / cc-by Ukberri.net
Saioa Sanchez Iturregi preso berangoztarrari 28 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Parisko Justizia Auzitegiak, ostegun gauean albiste-agentziek zabaldu zutenez. Saioak gutxienez zigorraren bi herenak, 18 urte eta zortzi hilabete, espetxean bete beharko ditu, epaiaren arabera. Mikel Carrera Saroberekin batera, 2007ko abenduaren 1an Capbretonen Raul Centeno eta Fernando Trapero guardia zibilak hil zituela frogatutzat jo dute epaileek. Carrerari biziarteko kartzela-zigorra ezarri diote, eta gutxienez 22 urte bete beharko ditu espetxean. Asier Bengoa Lopez izan da zapi auziperatuetatik absolbitu duten bakarra, bere aurkako zantzu bakarra txakur-polizien identifikazioa zela. Fiskalak horretan zigortzea froga nahikoa ikusi bazuen ere, epaileek ez dute aintzat jo. Halere, Bengoa ez da kalera irtengo, 15 urteko kartzela-zigorra bete beharko baitu beste kargu batzuengatik.
Beste lau auzipetuei espetxe-zigorrak ezarri dizkie auzitegiak, nahiz eta Capbretongo gertakarietan zuzenean inputaturik ez egon. Garikoitz Aspiazu Rubina "Txeroki"-ri 9 urte jarri dizkiote, Ibon Goieaskoetxea Arronategiri zazpi, bost urte Eider Uruburu Zabaletari eta beste bost Iratxe Sorzabal Diazi. Uruburu sei urteko beste zigor bat betetzen ari da eta Sorzabal ihes eginda dago. Pasa den apirilaren 2an abiatu zen epaiketa.
Magistratuek erabakia hartzeko bildu aurretik, Goieaskoetxeak akusatuen izenean agiri bat irakurri zuen ostegunean. Alde batetik, Guardia Zibilak torturarekin duen harreman estua gogoratu eta Parisko Auztegiak epaitzeko legitimitaterik ez duela esan zuten. Bestalde, 2011ko urrian ETAk "aro berri bati" hasiera eman ziola gogoratu zuten, besteak beste, "Capbretongo gertakari lazgarririk berriz ez errepikatzeko".
Saioa Sanchez Iturregi 2007ko abenduren 5ean atxilotu zuten Chateauneuf de Randon herrian (Lozere, Frantzia), Asier Bengoa gasteiztarrarekin batera, ETAko kideak zirelakoan.
Saioa askatu!
Euskal preso eta iheslari politikoak herrira!