Argazkian, 6.000 euroko fidantza ordainduta, 2009ko martxoaren 25ean atera zen Kordobako espetxetik Eli Zubiaga algortarra / cc-by Etengabe.
Espainiako Auzitegi Gorenak gaur aztertuko du, ateak itxita, D3M eta Askatasuneko 11 kideren absoluzioa, Europa Press albiste agentzia espainolak zabaldu duenez. Auzitegi Nazionalak 2012ko ekainaren 18an utzi zituen aske hautes-plataforma eta alderdiko 13 auziperatuak, tartean Eli Zubiaga algortarra eta Iker Rodrigo lutxanarra. Sententzian, akusatuek sufragio aktibo zein pasiborako eskubidea zutela gogoratu zein ETAren interesen aldeko lan egin bazuten ere, hori nahita egin zutenik esateko frogarik ez dagoela argudiatu zuten Manuela Fernandez Prado epaimahaiburuak eta Ramon Saez Valcarcel magistratuak. Nicolas Poveda epaileak bere aldetik, boto partikularra eman zuen, auzipetuak zigortzearen alde. Vicente Gonzalez Mota fiskalak, ordea, helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko Lehenengo Atalari igorritako idazki baten bidez. Bere ustez, emandako epaian ez ziren kontuan hartu akusazioak eta defentsak aurkeztutako puntu guztiak eta frogak baloratzean akatsak gertatu direla. Gauzak horrela, Gonzalez Motak berretsi egiten du epaiketan eskatutako zigorrak, sei urte eta bost hilabetetakoak ETAko kideak izatea egotzita, kasu gehienetan (Zubiaga eta Rodrigo barne), eta bost urte erakundeari laguntza ematea leporatuta.