Argazkian, Iruñeko Iturrama auzoan Ines del Rioren askatasunaren aldeko ekimen ikusgarria.
Ez diegu men eginen debeku horiei, eta herritarrei dei egiten diegu larunbat eguerdian Tafallara joateko, jende oldea bil dadin, eta martxoaren 20an, asteazkena, arratsalderako Iruñean eta Euskal Herri osoan antolatu ditugun mobilizazioetan parte hartzeko.
Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Carmen Albak debekatu egin du Herrirak heldu den larunbaterako Tafallan deitutako manifestazioa, bai eta martxoaren 20an, asteazkena, Iruñean egitekoa den bilkura ere. Bi mobilizazio horien helburua honakoa da, hitzez hitz: “pertsona guztien giza eskubideak errespeta daitezela eskatzea eta, zehazki, Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2012ko uztailaren 10ean emandako epaia bete dadila”.
Debekuak mobilizazioen goiburuan du oinarri: “197/2006 doktrina eten. No a la cadena perpetua. Inés askatu”. Gobernuaren Ordezkaritzaren ebazpenean onartzen da “goiburua kaltegabea dela irudi lezakeela”, baina, Inés del Ríoren izena sartuta dagoenez, manifestazioen helburua “ez da hain kaltegabea, ez eta doktrina bat ez aplikatzeko eskaera soil bat ere”, ETAkoa izateagatik zigortutako pertsona bat “goratu eta haren alde egitea” baizik, hark egindakoa “goretsi, babestu eta justifikatuz”.
Mobilizazio hauen debekuak agerian uzten du Espainiako Gobernua arduragabea dela eta tematurik dagoela eskubideen urraketan. Alde batetik, Inés del Ríoren giza eskubideak larriki urratzen ditu, ez baitu betetzen Estrasburgoko Auzitegiaren epaia, aske uzteko agindu zuena alegia. Eta oraingoan, gainera, Giza Eskubideen Goi-Auzitegiaren epai bat bete dadila eskatzen dutenen eskubide zibilak ere urratzen ditu.
Gaur goizean administrazioarekiko auzi-errekurtso bat aurkeztu dugu Nafarroako Auzitegi Nagusian. Horrekin batera, harremanetan gaude alderdiekin, sindikatuekin eta gizarte eragileekin, debekuak gaindituta martxoaren 16an eta 20an Tafallako eta Iruñeko kaleetara atera nahi dugulako giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko pankarta, berme guztiekin.