Orrialdeak

Dena prest larunbaterako!



Herrira mugimenduak eta urtarrilaren 12ko Herri Mobilizazio Orokorrari atxikimendua eta babesa eskaini dioten hainbat eragileek azken agerraldi publikoa egin zuten atzo larunbateko martxan parte hartzeko deia luzatuz. Bertan, atxikitako eragileen izenean Giza Eskubideen Behatokiko partaide den Iratxe Urizarrek eta Eleak Mugimenduko Txerra Bolinagak hartu zuten hitza, manifestazioaren garrantzia azpimarratu eta sentsibilitate eta ideologia ezberdineko milaka pertsonek “Giza eskubideak.Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira” dioen pankartaren atzean bilduko direla azpimarratzeko.

Horrekin batera, bertan bildutako hedabideei Herri Mobilizazio Orokorrak bildutako atxikimenduen zerrenda banatu zieten. Azken minutuetan gainera, konfirmazio berriak izan dira, kasurako Alberto San Juan aktorearena eta CCOO Euskadiko zuzendaritzarena.

Mobilizazio erraldoia aurreikusten da, autobusen datuek 75 baino gehiago aurreikusten dute Nafarroan, 120 inguru jada Gipuzkoan, Iparralden ere inoizko zifrarik altuena izango da eta Arabako datuen konfirmazioaren zai gaude. Azken egun eta ordu hauetan jendeari gonbitea luzatzen diogu herriz herri eta eskualde guztietan abiatutako autobusetan parte apuntatzera. Horrekin batera, Bizkaiko bizilagunentzat, garraio publikoa erabiltzeko deia luzatzen dugu.