Orrialdeak

Eskualdeko hainbat presoren berri eman du azaroko hilabetekarian Etxeratek

Argazkian, Oihartzunak musika taldea azaroko azken ostiralean jotzen Algortan.

Etxerat elkarteak plazaratutako azaroko hilabetekariaren arabera, egun Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) 143 gatibuk zigorraren 2/3ak edo 3/4ak beteta izateagatik, baldintzapeko askatasunari esker kalean beharko lukete, eta hala ere espetxeraturik mantentzen dituzte. Besteak beste, egoera horretan daude, Paul Asensio Millan, Gorka Garcia Sertutxa "Patas", Aimar Hidalgo Lertxundi, Iñigo Otazua Urresti "Oti" eta Endika Lejarzegi Olabarrieta algortarrak; Jagoba Terrones Arrate berangoztarra; eta Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarra. Egun EPPKn Uribe Kosta eta Erandioko 32 gatibu dago. Bestalde, hilabete honetan bertan 2012an sakabanaketak eragin duen hamahirugarren istripua izan dela gogoratu du Etxeratek: Josu Bravo eta Ines del Rio tafallarren hiru lagunek istripua izan zuten hilaren 17an bi presoak bisitatzera zihoazela. Hain zuzen ere, Herrira mugimenduak sakabanaketa salatzeko deialdia egina zuen hereneguneko azken ostiralean. Besteak beste, Algortako Telletxe plazan 212 gizon-emakume elkartu ziren, Oihartzunak musika taldeak zuzenean jo zuela; Erandioko metro geltokiko plazan 62 lagun izan ziren kontzentrazioan; Xake plazako Itzubaltzeta / Romoko aldean 116; Leioako Bulebarrean 56; Sopelako udaletxeko plazan 65, Sergio Poloren isolamendu egoera salatuz; eta Urdulizko BBVAren aurrean 15. Berango eta Plentzian ere izan ziren kontzentrazioak.

Azaroko hilabetekarian kartzeletan jasotako hainbat gertaeren berri eman du Etxeratek. Algecirasen dauzkaten presoak 12 hilabetetan 5 aldiz aldatu dituzte moduluz. Azken aldaketan, ziegak miatu zizkieten. Gutunak bidaltzeko eta jasotzeko ere hainbat muga ezarri dizkiete, senideek salatu dutenez. Algeciraseko kartzelan dira Ibai Aginaga Ginea berangoztarra eta Gorka Garcia Sertutxa "Patas" algortarra. 

Kadizeko Puerto III espetxean, gradu bat ikasten ari direnek aurretik beste gradu edo karrera bat egina badute, matrikula ordaindu beharko dute. Bestalde, gutun guztiak (sarrera irteera) 15 egunez erretenituko dizkietela jakinarazi diete. Puerto III-n daukate Aitor Cotano Sinde gazte algortarra. 

Villenan (Asturias), berriz, "Gara" egunkaria jasotzeko arazoak dituzte: Espetxeak errua egunkariari botatzen dio. Bertan dira Pol Asensio Millan algortarra eta Arkaitz Goikoetxea Basabe getxoztarra. 

Azkenik, Saioa Sanchez Iturregi berangoztarra Poitiers Vivonne espetxetik Nantesera eraman dutela jakinarazi du Etxeratek.

Etxerat elkarteak plazaratutako azaroko hilabetekaria (pdf)