Orrialdeak

Adierazpen Eguna deitu du abenduaren 20rako Herrirak

Argazkian, mobilizazioaren sustatzaileak pegatina eskuan.

Urtarrilaren 12ko Herri Mobilizazio Orokorrera bidean, biderkatuz doaz egunotan Herrira mugimenduaren agerpenak. Euskal preso eta iheslari politikoen giza eskubideak errespetatzeko eskatu du gaurkoan Gasteizen. Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria aukeratzeko inbestidura saioa egiten ari ziren bitartean legebiltzarraren barruan, eta, saioa amaitzean, protestarekin bat egin du Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkideak. Urtarrilaren 12an Bilbon egingo duten manifestazioak izango duen lelo bera erabili dute: "Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira". "Euskal presoentzat eta gatazka gainditzeko, irtenbideak bilatzeko" lan egin dezan eskatu die Jon Garai Herrirako eledunak legebiltzarkideei. "Erakundeak bide bat izan behar dira, gizarteak beharrezkotzat jotzen duena islatzeko", azaldu du. Gainera, urtarrilaren 12ko martxara joatera deitu ditu Garaik legebiltzarkide guztiak. Hain zuzen ere, atzo goizean egin zuten manifestaziorako baimen eskaera Bilbon, eta ondoren sustatzaileek deklarazioak egin zituzten prentsaren aurrean. Herri Mobilizazioa jasotzen ari den babesa eskertzeaz gain, abenduaren 20an egingo den Adierazpen Egunean parte hartzeko deia zabaldu zuten. Egun horretan, herritar guztiak pegatina batekin ateratzera gonbidatu zituzten. "Nork bere lantokian, eskolan nahiz kalean, nahinora doala ere, pegatina soinean jantzita bere atxikimendua adieraztera gonbidatzen dugu", azaldu zutenez.

Bitartean, "Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira" leloarekin urtarrilaren 12an egingo den mobilizazio orokorrak jaso dituen dozenaka eta dozenaka atxikimenduetatik esanguratsuenak ere aurkeztu zituen herenegun presoen eskubideen aldeko mugimendua. Protesta babestu dutenen artean dira Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna, ezker abertzalea, Ezker Batua-Berdeak, Euskal Komunistak-PCPE eta Gorripidea alderdiak, dozenaka gizarte eragile, eta sektore ugaritako pertsona ezagun asko. Nazioartetik ere babes zabala jaso du deialdiak, besteak beste Argentinatik -80 bat  kazetari, irakasle, abokatu eta gizarte eragile-, Tunisiatik, Kataluniatik, Galizatik, Aragoitik zein Madrildik.

Ekarpenak

Urtarrilaren 12ko Herri Mobilizazio Orokorra arlo guztietatik datozen ekarpenekin janzten ari da. Oraingo honetan, 18 marrazkilarik beren lanak eman dituzte presoei eta espetxe politikari buruzko talde erakusketa batean ikusgai jartzeko Iruñean. Komikien erakusketa manifestazioaren webgunean sartuz ere bisitatu daiteke (www.urtarrilak12.com), abenduaren 18az geroztik. Herrira mugimenduak marrazkilari eta irudigile guztiak animatzen ditu erakusketa honetarako aportazioak egitera. Nahi izanez gero, beraz, webgunean ageri den helbidera bidali behar dira lanak, urtarrilaren 12a baino lehen.

Bitartean, Ateak Ireki agerkari digital nafarrak ere bere ekarpena egin du U12ko manifestaziorako:  Joseba Sarrionaindiaren letra baliatuta Jozu Zabalak egindako “Herrira noa” kantaren bideoklipa.