Orrialdeak

Sei-Herrik abenduaren 2an egingo du ibilaldi neurtua Berangon

Udazkenaren etorrerarekin batera hemen dugu Berangoko XXX. Ibilaldi Neurtua. Urtero antolatzen du mendi ibilaldia Sei-Herri kultur elkarteak, eta urtez urteko zita bihurtu da herriko, eskualdeko eta animatu nahi duen jende guztiarentzako. Aurten, XXX. Ibilaldi Neurtua abenduaren 2an ospatuko dute, igandean. Bikoteka bete behar den ibilbideak nagusien mailan 16 kilometro inguru dauzka eta txikienek 8 kilometroko bidea egin beharko dute. Sei-Herri tabernan egongo da irteera eta helmuga. Nagusiek 08:15etik aurrera eman beharko dute izena (irteera 09:00etan) eta txikiek 09:00etan (irteera 09:30ean). Ibilbidean zehar hiru kontrol egongo dira eta batean, hamaiketakoa hartzeko parada izango da, bertan denbora geratuko delarik. Giharrak berotu ostean, parte hartzaileentzat entsalada, indabak, postrea, kafea eta patxarana 5 euroren truke (umeak doan) izango dira. Hala ere, ibilbidea egin ez duenak ere herri bazkarian parte har dezake (beste guztiak bezala bazkariko txartela ordainduz). Bazkalostean, kultur etxean umeentzako pelikula emanaldia prestatu dute. Sari banaketa frontoian egingo da 18:30ak aldera.