Orrialdeak

Abenduaren 2an "Barrura begiratzeko leihoak" ikusgai Areetan

Algortako Herrira bilguneak Areetako Andres Isasi musika eskola hartu du abenduaren 2an, igandearekin, Getxo udalerrian ere "Barrura begiratzeko leihoak" dokumentala estreinatzeko asmoz. Hitzordua eguerdiko 12etan izango da eta sarrerak 3 euroko salneurria izango du. Proiekzioa euskaraz izango da, gaztelaniazko azpidatziekin.

Zinez ekoiztetxeak egina, hiru preso eta bi preso ohi dira filmeko protagonistak. Haien kasuak kontatzen dira banan-banan, haien eta haiengandik gertu daudenen bizitzak eta esperientziak jasoz, kartzelaldiaren giza drama kontatzeko ahaleginean, baina umoreari eta samurtasunari tarte handia eskainiz; motibazio ideologikoak eta iritzi politikoak, berriz, apenas agertu ere egiten diren. Atal bakoitzak zuzendari bat du, eta guztiak Titika Rekaltek off-eko ahotsez irakurritako testu batek lotzen ditu. Testuak gatazkaren berri ematen du, datu objektiboetan oinarrituta batik bat.