Espainiako Auzitegi Nazionalak Oscar Abad eta Itziar Martinez euskal presoak aske uztea erabaki du. 15 presoren helegiteak atzera bota eta azaroaren 14ean aztertuko ditu gainontzeko errekurtsoak.
Herrira mugimenduak bere iritzia plazaratu nahi du Entzutegi Nazionalean egin duten osoko bilkuraz. Izan ere, Estraburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegiak uztailaren 10ean eman zuen epaiaren ondorio praktikoez deliberatzen ari dira bertan magistratuak. Aipatutako epai horrek Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrina legez kontrakoa zela dekretatu, eta Inés del Río euskal preso politikoa berehala aske utzi behar zela ebatzi zuen.
Entzutegi Nazionaleko osoko bikurak zigorra beteta duten 15 euskal preso politikoen helegiteak ez onartzea oso larria da. Izan ere, preso hauei Europako Giza Eskubideen Hitzarmena urratzen duen doktrina bat aplikatu baitzaie.
Herriraren aburuz, Espainiako justiziak eta gobernuak berak ez dute oraindik ontzat hartu Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia, are gehiago, aurrera jo, ustez denbora irabazi eta epeak luzatzeko hautua egin dute. Tematuta daude ankerkeria eta mendekuzko politikak egiten, bake prozesua geldiarazi nahian eta legeak nahi erara bihurritzen dituzte zigor osoa betea duten 65 pertsonak espetxean mantentzeko.
Logika demokratikoaren arabera, egin beharrekoa zigorra betea duten preso guztiak aske uztea da, Estrasburgoko auzitegiaren -gogoratu beharra dago Europar Batasuneko Estatu guztiek bere epaiak betetzeko obligazioa dutela- sentenziaren arabera, legez kanpokoa den eta Europako Giza Eskubideen Hitzarmena urratzen dituen 197/2006 doktrina hori bertan behera utziz.
Berandu baino lehen, Espainiako Estatua Europako gainerako herrialdeekin homologatu beharko da, bizi osorako zigorra indargabetu, gaixorik dauden presoak aske utzi eta sakabanaketa ere baztertu beharko du. Giza eskubideak errespetatzeari uko egiten jarraituz gero, euskal gizartearen aurrean eta nazioarteko komunitatearen sinesgarritasuna eta legitimitatea galtzen segituko du.
Garaia da Gobernuak aro politiko berrian inbertitzen hasteko, garaia da bizi osorako zigorra derogatzeko eta espetxe politika konponbidean jartzeko. Sufrimendua eta giza eskubideen urraketarekin bukatu behar da. Espetxe politika anker honen amaierak, euskal jendartearen oniritzia jaso eta nazioarteko komunitatearen aurrean espainiar Gobernua homologatuko luke.
Azkenik, gure poztasuna adierazi nahi dugu Itziar Martinez eta Oskar Abaden kaleratzearekin. Baina, horrekin batera, gure elkartasuna helarazi nahi diegu zigorra beteta izan arren Europako Giza Eskubideen Hitzarmena errespetatzen ez duen doktrina baten aplikazioaren ondorioz espetxeratuta jarraitzen duten 65 euskal preso politikoei.
Eskerrik asko
Herrira