Iturria: Berria.info
Arratsaldeko bostetan bilduko da Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko lehen sekzioa, Fernando Grande-Marlaska buru duena, Fiskaltzak Josu Uribetxebarria euskal presoaren askatasunaren aurka aurkeztutako helegitea aztertzeko. Uribetxebarriari baldintzapeko askatasuna onartu izanaren aurkako helegitea aurkeztu zuen Fiskaltzak, eta horixe aztertuko du orain aretoak; ez, beraz, Auzitegi Nazionaleko areto nagusiak, Fiskaltzak hala eskatu arren.
Bost magistratuk osatzen dute lehen sekzioa: Grande-Marlaskak, Ramon Saezek, Alfonso Guevarak —Manuela Fernandez Prado ordezkatu du—, Javier Martinez Lazarok eta Nicolas Povedak. Lehen hirurak sektore kontserbadorekoak dira, eta sektore aurrerakoikoak azken biak.
Gaur elkarretaratzea egingo dute, 17:00etan, Donostiako Ospitalean. Gainera, larunbatean mobilizazioak izango dira gaixo larri diren eta 197/2006 doktrina ezarri dieten presoen herrietan, espetxe politika "gizagabea" salatzeko.
Abuztuaren 30ean onartu zion Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Jose Luis Castro epaileak baldintzapeko askatasuna Uribetxebarriari. Hala ere, ez zuen aske utzi, ebazpena ez zela irmoa argudiatuta. Fiskaltzak helegitea jarri zuen erabaki haren aurka, eta horixe aztertuko du orain Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak.