Iosu Uribetxebarria, preso gaixo larria, Donostiako Ospitalera eraman dute gaur, eta bertan proba batzuk egiten ari zaizkie, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Iosuri 2005eko apirilean, giltzurruneko minbizia diagnostikatu zioten. 2006ko abenduan, legean onartua dagoen baldintzapeko askatasuna eskatu zen, bere gaixotasun larri eta sendaezina dela eta. Baina, 2007ko uztailan askatasun eskaera horren ukapena jakinarazi zioten. Egun beste bi nodulu aurkitu dizkiote, eta metastasia du.
Honegatik guztiagatik, Etxeratek beste behin ere bere berehalako askatasuna exijitu du, bai pasa den larunbatean Arrasaten egin zuen bezala eta baita gaur goizean Loiolan egin duen bezala ere.
Honen harira, Etxeratek berriro ere azpimarratu du ez dela nahikoa gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak Euskal Herrira ekartzearekin, gaur goizean Isabel CelaĆ” Hezkuntza Sailburuak adierazi duen bezala. Izan ere, Iosu Uribetxebarria eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste hamahiru presoak etxean eta aske behar dute; eta horrelako adierazpenak ezin dira inola ere justifikatu, ez eta onartu ere. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak etxean egon behar dute euren eskubidea delako, eta hau horrela izan behar du berehala ezin dutelako denbora gehiagoz egon beraien osasunarentzat hain kaltegarria den espetxeetan.