Orrialdeak

Arartekoak Uribetxebarriaren baldintzapeko askatasuna "ahalik eta gehien azkartu" dezaten eskatu du

Iñigo Lamarca Arartekoak, Espetxeetako Zuzendaritzari eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzari eskatu dio Iosu Uribetxebarriaren "baldintzapeko askatasunari buruzko ebazpen azkarra bideratzeko izapideak ahalik eta gehien azkartu ditzaten". Presoak minbizia metastasiarekin pairatzen du eta Lamarcak "gose greba egitearen erabakia berrazter dezan" eskatu dio. 

Arartekoak egindako Adierazpen Instituzionalaren bidez "ETAren jarduera terroristarekin lotutako delituak egin izanagatik espetxean dauden pertsonen egoerari buruz" eta bereziki gaixo daudenei buruz mintzatu da. 

"Pertsona horiek egindako krimen eta delituak bereziki gaitzesgarri eta krudelak izan arren hainbat kasutan, Zuzenbideko Estatu demokratikoak bere nagusitasun moral handia erabili behar duela" adierazi du Lamarcak. 

Horrez gain, Arartekoak "zuzenbideko oinarrizko printzipioei" jarraitu behar dela seinalatu du, besteak beste, "zigorren gaitasunarena edo zigorren helburua gizarte baliagarritasuna izan behar dela adierazten duena deltuak saihestu edo gizarteratze aldera".

Bestalde, Aratekoaren ustez "azpimarratzekoa da testuinguruak, uneko gizarte-errealitateak eta legeen helburuak hermeneutika juridikoaren oinarrizko irizpideak adierazten dituztela legeak interpretatu eta aplikatzerakoan eta, ondorioz, kontuan hartu beharko lirateke jarduera terroristarik gabeko garai berri hauetan".

Aratekoaren iritziz "lehentasunez eta berehala baloratu beharko lirateke gaixotasun oso larriak eta sendaezinak pairatzen dituzten pertsonei dagokienez legeak ezarritakoa aplikatze aldera".

Zigor Kodea

Zentzu horretan, Zigor Kodearen 92-2. artikuluak gogorarazi du, non halako kasuetan, Zigortzeko Administrazioak "baldintzapeko askatasunaren espedientea helaraziko dio espetxe-zaintzarako epaileari, kasuan-kasuan beharrezkoa den presarekin; epaile horrek espedientea ebazteko orduan, inguruabar pertsonalez gain, subjektuak delitu egiteko duen zailtasuna eta arriskutsutasun txikia balioetsiko ditu".  

Lamarcak gaineratu duenez, interpretazio irizpide horiek aplikatuz, "arriskutsutasun kriminal hori ezin da une honetan neurtu ETAk bere jarduera terrorista behin betiko utzi duenaren adierazpena kontuan hartu gabe".

Ildo horretatik jarraituz, "barneratuak duen gaixotasuna edo adina dela-eta, horren bizitza arrisku nabarian badago", lege horren azken parrafoak izapidea azkartzeko aukera ematen duela adierazi du.

Zentzu horretan, "Iosu Uribetxebarria Bolinaga presoari egindako azken mediku proben emaitzak jaso aurretik, badirudi barneratu horretan baldintzapeko askatasuna ematera bultzatu beharko luketen baldintzak jasotzen direla" esanez jarraitu du Arartekoak.

Horren ondorioz, Zigor Administrazioari eta Auzitegi Nazionaleko Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegiari eskatzen die "Uribetxebarriaren baldintzapeko askatasunari buruzko ebazpen azkarra bideratzeko izapideak ahalik eta gehien azkartu ditzaten".

Horretaz gain, "gaixotasun oso larriak dituzten ETAko gainontzeko barneratuen egoera azter dezaten" ere eskatzen die instituzio horiei, "legezko xedapenak zorrozki bete daitezen".

Azkenik, Lamarcak ziurtatu duenez, Osasunerako eskubidea "gizakiaren eskubide oinarrizkoenetariko bat da". Horretaz gain, gose-greba errespetatzen dutela adierazi du baina Iosu Uribetxebarriari eskatu dio "erabaki hori berrazter dezan, bere osasunean kalte atzeraezinik ez eragiteko, eta aldi berean, era horretara, Espetxeetako eta Justizia Administrazioek erabakiak hartu behar dituzteneko baldintzak ahalik eta egokienak izan daitezen lagun dezan".